Albistea entzun

Turkia. Autoritarismoranzko norabidean

Bidea libre Erdoganen asmoei

Turkiako Parlamentuak onartu du lege aldaketa kurduen HDP koalizioko diputatuei immunitatea kentzeko. HDPren ustez, AKPk gehiengoa aldatu nahi du sistema presidentzialista ezartzeko
HDP Herriaren Alderdi Demokratikoko diputatuak protestan, Turkiako Parlamentuaren gehiengoak onartu ondoren diputatuei immunitatea kentzeko legea.
HDP Herriaren Alderdi Demokratikoko diputatuak protestan, Turkiako Parlamentuaren gehiengoak onartu ondoren diputatuei immunitatea kentzeko legea. STR / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Mikel Rodriguez -

2016ko maiatzak 21

Recep Tayyip Erdoganek atzodanik traba bat gutxiago du Turkian sistema presidentzialista autoritario bat ezartzeko bidean. Parlamentuaren gehiengoak babestu egin du AKP Justizia eta Garapena Alderdiak aurkeztutako lege proposamena, diputatuei immunitatea kentzeko. Erdoganek berak eta AKPko arduradunek ukatu izan dute zuzenean kurduen HDP Herriaren Alderdi Demokratikoa koalizioko diputatuen aurka pentsatutako neurri bat dela, baina, aldi berean, bertze anitzetan modu argian azaldu dute motibo hori. Ezin argiago utzi zuen Erdoganek atzo bertan: «Ez dugu errudun den diputaturik nahi parlamentuan; bereziki, erakunde terrorista separatista bat babesten dutenak». HDPren ustez, Kurdistanen burujabetzaren aldeko koalizioko kideak parlamentutik bota nahi dituzte auzibideak irekita, eta, horrekin, konstituzioa aldatzeko beharrezko gehiengoa bermatu nahiko luke Erdoganek. HDPk adierazi du ez duela legea onartuko, eta mobilizazioetarako deia egin du.

Parlamentuko 550 diputatutatik 317 dauzka gobernuko AKP alderdi islamistak. Diputatuei immunitatea kentzeak konstituzioari eragiten dio, eta konstituzioa aldatzeko bi baldintza behar dira: 330 diputaturen babesarekin, erreferendum batera deitzeko aukera dago; 367rekin, berriz, erreferendumik gabe alda liteke. AKPren proposamenak azken bozketan 376 diputaturen babesa lortu du. Islamistekin batera, MHP Mugimendu Nazionalistaren Alderdiko 40 diputatuek babestu dute —eskuin muturreko alderdi bat da—, eta CHP Herriaren Alderdi Errepublikanoko hogei inguruk —alderdi nazionalista eta sozialdemokrata, Mustafa Kemal errepublikaren sortzailearen ondorengoa—. Aurka, berriz, 136 jaso ditu —HDPren 59ak, eta CHPko bertze diputatuenak; bozketan ez dute parte hartu diputatu guztiek—.

Erdoganek erran du bozketa «historikoa» dela, Itsaso Beltzeko Rize probintziara egindako bisitan. Zuzenean HDP paratu du jopuntuan, PKK Kurdistango Langileen Alderdia gerrillarekin lotura zuzena duelakoan «terrorismoa laguntzea» leporatzen baitio. Denera, alderdi guztietako 139 diputatuk dauzkate aurkako auzibideak irekita, baina immunitatearen ondorioz Justiziak ezin du haien aurka jo. HDPkoen kasuan, «terrorismoa» babestea egotzita ireki dizkiete auzibideak, eta zalantzarik ez daukate immunitatea kenduta haien aurka jotzea izanen dela estatuaren lehentasuna. «Turkian bide demokratikoak zailak dira dagoeneko, eta jende anitzek sentituko du erabat itxi direla», adierazi du Selahattin Demirtas HDPko presidentekideak. «Demokraziarenganako eta politikarenganako ustea hutsera murriztuko da». Filiz Kerestecioglu parlamentariaren ustez, «estatu kolpe bat» eman du Erdoganek. «Horrela oroituko du historiak. Baina guk emakumeon erresistentzia oroituko dugu». Ozgur Ozel CHPren parlamentuko taldeko buruzagiordeak erran du bere alderdiak ez diela diputatuei agindu aldeko edo kontrako botoa emateko.

Mobilizaziorako deia

Ayhan Bilgen HDPko bozeramailearen arabera adierazgarria da CHPren botoa bitan banatu izana, baina ondorio nagusian gainerakoen zaku berean sartu du. «Argazki honek tolerantziarik eza erakusten du, eta adierazten du ere [Kurdistango gatazkaren] konponbidea politikaren bidez lortzeko egiten ditugun ahaleginek hutsaren hurrengoa balio dutela AKPrentzat, CHPrentzat eta MHPrentzat», erran dio Firat agentziari. «Hala ere, parlamentua ez da politika demokratikoak azkartzeko toki bakarra». Demirtasek ohartarazi du auzitegietara dei litzaketen HDPko diputatuak ez direla joanen haien borondatez, eta Bilgenek mobilizaziorako deia egin dio «Turkiako eta Ipar Kurdistango gizarteari».

Egungo egoerako gertakariez gain, ordezkari kurduek badituzte hagitz zaharrak ez diren aurrekariak justifikatzeko legearen jopuntuan daudela. 1994an parlamentuak 22 legelari kurduri kendu zien immunitatea, ganberan kurdueraz mintzatu zirelako. Gaur egungo antzeko akusazioak jaso zituzten —«separatismoa» eta PKKri laguntzea—, eta haietako lauk hamar urte egin zituzten espetxean.

«Herriaren eskaera»

HDPk ziurtzat jotzen du AKPren asmoa dela auzibideen bidez diputatu kurduak kanporatu eta matematika parlamentarioa aldatzea, Erdoganek bertze alderdien babesa behar baitu nahi duen boterea eskuratzeko konstituzio erreforma egiteko. «Konstituzioa ez da aukera politiko bat, herriaren oinarrizko eskaera bat baizik», adierazi zuen Erdoganek duela hamar egun, parlamentuaren kazetari emandako elkarrizketa batean. «Egungo sistema parlamentarioak ez du balio herrialdearen arazoei erantzuteko». Egun batzuk lehenago, Ahmet Davutoglu lehen ministroak ezustean dimisioa eman zuen; ofizialki, alderdiko probintzia arduradunekiko desadostasunengatik. Erabakia bihar eginen du ofizial AKPk biltzar batean, baina jada aurkeztua dute ordezkoa: Binali Yildirim Garraio ministroa, Erdoganen hurbilekoa. Yildirimek aste honetan erran du gobernuaren lehentasuna izanen dela konstituzio erreforma bururaino eramatea.

Erdogan 2014an hasi zen bide hori urratzen, presidentetzarako hauteskundeak irabazita. Adierazpen askatasunaren aurkako neurriak ugaritzen hasi ziren orduan —kazetarien aurka, sare sozialetako erabiltzeen aurka...—, eta kritikoek presidenteari egotzi zioten autoritarismoa azkartzea. Iazko udan, Kurdistango bake prozesua hausteak eragin zuen aldaketa erabakigarria giro politikoa are gehiago polarizatzeko. Kurdistango eragileek salatu dute armadak ehunka zibil hil dituela ordutik, eta borroken inguruko berriak egunerokoak dira; agintarien arabera, azken hamar egunotan PKK-k gutxienez zazpi soldadu, polizia eta paramilitar hil ditu Kurdistanen, eta helikoptero bat ere bota du. Atzo, armadak adierazi zuen hegazkinekin bonbardatu zituela PKK-k Irakeko Kurdistanen dauzkan baseak.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Sorgikeriaz akusaturiko emakumeen inguruko eztabaida, gaur, Kataluniako Parlamentuan. ©Kataluniako Parlamentua

Sorgin izateagatik zigorturiko emakumeak indultatu ditu Kataluniako Parlamentuak

Edu Lartzanguren

Sorginen ehiza «jazarpen misoginoa» izan zela erabaki du ganberak, gehiengo handiz, eta udalei eskatu diete biktima haien izena kale izendegian sartzeko.

Herritar bat aborigen bandera eskutan, Sydneyn. ©DAN HIMBRECHTS, EFE

Australiak aborigenen banderaren copyrighta erosi du, lehia biziaren ondotik

Uxue Rey Gorraiz

Orain arte, banderaren egilearenak ziren sinboloaren gaineko eskubideak, eta muga ugari zen haren erabilerarako. Gobernuak 12 milioi euro baino gehiago ordaindu du Copyright baimenaren truke. 

Errusiako armadako soldaduak, joan den astean, Bielorrusiara iristen, hango indar armatuekin ariketa militarrak egiteko. ©EFE

Ukraina eta Errusia Parisen bilduko dira, tentsioa baretzeko ahaleginean

Gorka Berasategi Otamendi

Bi estatu horiek Alemaniarekin eta Frantziarekin elkartuko dira, Normandiako laukoan. Macronek «diplomaziaren baliabide guztiak» erabiltzera deitu du. Putinekin hitz egingo du aste amaieran

Ehunka herritar, Uagaduguko kaleetan, estatu kolpea eman duten militarrei babesa adierazten. ©LAMBERT OUEDRAOGO / EFE

Kaborek dimisioa eman du, militarrek atxilo hartu ostean

Mikel O. Iribar

Burkina Fasoko presidente ohia atxilotuta dago oraindik. Damiba talde militarreko liderrak hartu du agintea estatu kolpearen ondoren

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.