Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Gizartea Zabalgarbi ireki zenetik hirukoiztu egin da landareen artseniko kopurua

Publizitatea

Gizartea

Errausketa. Kutsadura Zabalgarbi inguruan

Zabalgarbi ireki zenetik hirukoiztu egin da landareen artseniko kopurua

Zabalgarbiren ikerketa baten arabera, laginak hartutako gune guztietan pilatzen ari da. Ekologistek diote arriskua dagoela herritarren osasunari eragiteko; Jaurlaritzaren ustez ez dago arrisku berezirik
Infografia: BERRIA

2016-06-24 / Iñaki Petxarroman

Bizkaiko errauste plantak, Zabalgarbik, ateak ireki zituenetik hirukoiztu eta laukoiztu egin da inguruko landarediak daukan artseniko kopurua. Metal astun oso arriskutsua da artsenikoa. OME Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, hamar osagai kimiko toxikorik arriskutsuenen artean dago, eta haren kontsumo iraunkorrak minbizia eragiten die gizakiei. Europako Batasunak zorrotz mugatuta dauka arrozak eta elikagaiek eduki dezaketen artseniko kopurua.

Zabalgarbiren eskariz, Tecnaliak egindako 2015eko azken ikerketek —Bizkaiko Hiri Hondakinen Balorizazio Plantaren inguruko ur, landare eta lurraren kalitateari buruzko azterketa— piztu dituzte ekologisten alarmak. Izan ere, erakusten dute laginak hartu dituzten zortzi tokietan egin duela gora landaretzan pilatutako artseniko kopuruak. Hain zuzen ere, Zabalgarbi zabaldu aurretik egindako azterketekin konparatu dituzte laginak. Batez beste, 2005 aurretik egindako azterketetan kilogramoko 0,6 miligramo (mg/kg) zen landaretzan topatutako gehieneko artseniko kopurua. Orain, 1,8 eta 2,5 mg/kg artekoa da.

Txosten egileen arabera, landaredian egindako lagin guztietan gainditu da 2005. urtearen aurretik jasotako gehieneko artseniko kopurua. Edozein kasutan, aurreko kanpainetan zetorren joerari eusten zaiola nabarmendu dute txosten egileek, bai errauste plantaren eragina «ziurragotzat jo daitekeen» tokietan —3., 4. eta 5. guneak aipatzen ditu, plantaren hego ekialdean eta ekialdean, inguruan gehien izaten den haizea ipar mendebaldekoa delako—; eta baita ere eragina «ez horren ziurtzat» jo daitekeen tokietan —1. eta 2. ikerketa guneak—. Halaber, beste toki batzuetan metal astun horren jatorria beste leku batzuetan egon daitekeela uste dute: Artigas zabortegia, Profusa lantegia —dagoeneko itxita— eta Supersur autobideko zirkulazioa. Egoera hori 3., 4., 6. eta 7. ikerguneetan gerta daitekeela diote txostena egin duten teknikariek.

Aldi berean, artseniko kopuruaren gorakada egonkortzen ari dela adierazi dute (1,5 eta 2,5 mg/kg artean). Alabaina, adierazi dute joera hori berresteko hurrengo urteetako kanpainei erreparatu beharko zaiela.

Bat dator ikuspegi horrekin Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Saila ere. Adierazi duenez, Supersur errepidea eraikitzen ari ziren garaian 3,6 mg/kg izan zen lagin batean neurtutako artseniko kopurua. «Ondoren, bere onera etorri da: 1,5-2,5era». Jaurlaritzak aipatzen duen datu hori 2. gunean neurtu zuten 21. azterketan, 2011. urtean.

Hori dela eta, Jaurlaritzak uste du balitekeela pilatutako artseniko kopurua obren ondorioa izatea, «lur mugimendu handia» izan baitzen inguruotan. «Halaber, ezin dugu baztertu Profusa enpresa ere. Datuen egonkortasuna enpresaren itxierarekin bat dator eta kontuan hartzekoa da».

Jaurlaritzaren arabera, jasotako ikerketa guztien arabera, ez dago «arrisku handirik» inguruko herritarrentzat. Gainera, gogoratu dute bildutako landare laginetako bat bera ere ez dela hartu gizakien kontsumorako elikagaietatik. «Kasu guztietan, abereak zeuden lekuetan hartu dira, lagin horiek balizko inpaktu handiagoa izan zezaten». Hori dela eta, Jaurlaritzak nabarmendu du, orain arteko datuak aintzat hartuta, ez dela beharrezkoa neurri zuzentzaileak hartzea.

Ez daude ados ikuspegi horrekin ekologistak. Izan ere, joera garbi ikusten dute: artsenikoa pilatzen ari da urtetik urtera eta kanpainaz kanpaina, lagin eta gune guztietan. «Egoera alarma pizteko modukoa da. Honek ikerketa bat merezi du, eta ez da nahikoa esatea hemen ez dela ezer gertatzen. Horregatik, uste dut kutsaduraren jatorria aurkitu behar dela, eta lehenbailehen gelditu». Carlos Arribas Ecologistas en Accion erakundeko Hondakinetako arduradunaren hitzak dira.

Haren aburuz, azken txostenek adierazten dute artsenikoa isurtzen ari dela etengabe, eta pixkanaka pilatzen lurrean eta landareetan. «Ez da egonkortzen ari. Hazkundeak jarraitzen du». Horretarako, iaz egindako bi azterketak jarri ditu adibide moduan. Izan ere, sei hilabeteren aldean, artseniko kopurua handitu egin da landareetan hartutako lagin ia guztietan: lehen gunean, 1,7tik 1,9ra; bigarrenenean, 1,4tik 1,7ra; hirugarrenean, 1,5etik 1,7ra; laugarrenean, 1,9tik 2,3ra; bostgarrenean, 1,7tik 1,9ra; seigarrenean, 2,1etik 2,5era; zazpigarrenean, 1,5etik 1,8ra. Zortzigarrenean bakarrik geratu da berdin.

Gorabehera gehiago lurrean

Lurrari dagokionez, hiru lekutan —4., 6. eta 8. guneetan— planta martxan jarri aurreko artseniko kopuruak gainditu dira 2015eko laginetan. Aldi berean, hiru tokitan gainditu dira Jaurlaritzak EAEko lurretarako aipatzen dituen ohiko artseniko kopuruak (1, 3 eta 8 guneak), eta batean (1 gunean) haurrak jolasteko moduko lurra ez izateko zorian dago (29 mg/kg ditu eta muga 30 da). Hala ere, lurraren kasuan, landareetan ez bezala, gorabehera gehiago dago urtetik urtera eta gunetik gunera. Alegia, ez dago joera orokor bat.

Carlos Arribasek ohartarazi du artsenikoa pozoi bat dela. «Errauste planta batek metal astunak isurtzen ditu, dena ez baita instalazioen iragazkietan geratzen. Kasu honetan, susmo handia dago isurtzailea Zabalgarbi izan litekeela, nahiz eta haiek aipatu beste jatorri batzuk ere egon daitezkeela. Kasu batzuetan, gainera, enpresak itxi dira, eta artsenikoak pilatzen jarraitzen du».

Jatorriaren inguruan egon daitekeen zalantza horri buruz zehaztapen bat egin du Fernando Palacios Espainiako Ikerketa Zientifikoetako Kontseilu Nagusiko (CSIC) ikerlariak: «Hainbat argitalpen zientifiko eta agentziaren txostenek lotzen dute artsenikoa errauste plantek isurtzen dituzten metal astunekin. Besteak beste, artsenikoa isurtzen da estoldetako lohien, egurraren, paper hondarren, ospitaleetako, paper eta pulpa fabrikazioaren hondakinak erraustean».

Arribasek uste du arriskua dagoela landareetan pilatzen ari den artsenikoa gizakien elikagai katean sartzeko. «Artsenikoa substantzia toxikoa izateaz gain, mikronutrientea da. Landare askotan dago modu naturalean; baina kontsumoa beste maila batekoa denean, pozoi bihurtzen da. Uste dut Eusko Jaurlaritzak ikerketa bat egin behar lukeela isurketa horien jatorria argitzeko eta gelditzeko».

Gainera, Ekologistak Martxan-ek duela gutxi eskatu bezala, pertsonekin ikerketak egitearen falta sumatu du Arribasek ere. «Bakarrik lurra, landareak eta ura ikertzen dira; pertsonak ez. Hori oker handia da, zeren artsenikoa, gainerako metal astun asko bezala, biologikoki metatzen da, eta, esate baterako, pilatzen ari den inguruko barazkiez elikatzen ari direnen odol analisietan agertu egin beharko luke».

EHUko ikerlari talde batek egin zuen horrelako azterketa epidemiologiko bat planta zabaldu eta bi urtera, eta aurten egin behar dute planta zabaldu eta hamar urtera agindutakoa.

Alde horretatik, Arribasek beharrezkotzat jo du ikerketa zehatzak egitea ikusteko artsenikoa zer eragin izaten ari den inguruko herritarren osasunean.

BERRIAk gai honen inguruan galdetu dio Bizkaiko Foru Aldundiari eta, ikerketa horien ardura berea ez dela argudiatuta, adierazi du nahiago duela baloraziorik ez egin. Txostena Zabalgarbik eskatuta egin du Tecnaliak, Eusko Jaurlaritzak instalazioari emandako ingurumen baimen bateratuan agindu bezala.

Beste metal astunak

Artsenikoa ez da Zabalgarbi inguruko lurretan aurkitu daitekeen metal astun edo substantzia toxiko bakarra. Esate baterako, oso esanguratsua da inguruko lur zoruan topatutako berun kopurua ere. Zortzi guneetatik bostetan gainditu egin da EAEko lurretan naturalki egon ohi den berun kopurua. Aldi berean, txostenaren arabera, nabarmen igo da Zabalgarbi ireki aurretik hartutako laginetan zegoen berun kopurua. Merkurioa ere, oso arriskutsua izanik, hiru gunetan topatu dute Jaurlaritzak ohikotzat jo dituen kopuruetatik gora.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak