Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Gizartea AEBekin lotuta, zuntz bidez

Publizitatea

Gizartea

AEBekin lotuta, zuntz bidez

Sopelatik AEBetara joango da Marea urpeko kablea. Datu transmisiorako ahalmen handieneko kablea da: segundoko 160 Tbps igorriko du. Urpetik joango da 6.600 kilometroan
Munduan datuak transmititzeko ahalmen handiena daukan zuntz optikoko kablea lotu dute Sopelako (Bizkaia) Arriatara hondartzan. Atlantikoa zeharkatuko du urpetik Virginia Beacheraino (AEB Ameriketako Estatu Batuak), eta Marea izena jarri diote. Microsoft eta Facebook enpresek egin dute, eta Telefonicaren Telxius filialak kudeatuko du. Hiru enpresetako ordezkariak izan ziren atzo Sopelan, Gontzal Hermosilla bertako alkate, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiarekin eta Javier de Andres Espainiako Gobernuak EAEn daukan ordezkariarekin batera.

Marea kableak 6.600 kilometroko luzera izango du. Zuntz optikoko zortzi kable pare daude hodi barruan, eta segundoko 160 Tbps igorriko dituzte. Indar horri esker, 100.000 milioi tuit eta 4.000 DVD transmititzeko gaitasuna izango du segundoko. Atlantikoa zeharkatzen duten beste kableak baino hegoalderago kokatuko da, eta, hortaz, Europa hegoaldea eta AEB lotuko dituen lehen kablea izango da.

Urpean sartzen hasi diren hodiak 3 eta 15,5 zentimetro arteko lodiera dauka; toki sakonenetan izango da meheago, bertan ez duelako beharko hainbesteko babesik. Barnean daramatza zuntz optikoak, ile baten lodierakoak, eta polietilenoz eta kobrez inguratuta dago. Batez beste 4.000 metro sakon joango da, itsas hondo gainean, atzo azaldu zutenez.

Sopelan, astebete beharko dute finkatze lanak amaitzeko, eta, hortik aurrera, Virginiarantz abiatuko da kablea daraman itsasontzia; espero dute bi hilabete barru iristea. Bidean, hodia kokatuz joango dira.

Rafael Arranz Telxiuseko operazio zuzendariaren iritziz, «mugarri historikoa» da ekintza hori. «Urpeko kableen alorrean puntako teknologia erabili da». Halere, aitortu du hodia finkatzea oso konplexua izan dela: «Urteetako ikerketaren eta hilabete luzeetako lanaren emaitza da».

Berritzeko aukera

Lan horri esker, Mareak hainbat abantaila eskainiko die enpresen bezeroei: Internet abiadura handia, hodeirako sarbide ziurra, eta Microsoften eta Facebooken zerbitzua linean. Frank Rey Microsofteko sareen operazio arduradunaren arabera, «konexioa iraunkorragoa eta fidagarriagoa izango da». Hain justu, enpresa arteko elkarlanaren ondorioz garatu den egitasmoaren helburuak hauek dira: Internet azpiegituraren belaunaldi berria garatzea, datu kontsumoaren eskakizun maila betetzea eta hodeien hazkunde azkarrari erantzutea.

Marea kablea diseinatu dute sareko askotariko ekipamenduekin lan egin ahal izateko, erabiltzaileei «onura nabarmenak» eskainiz. Izan ere, proiektu arduradunen arabera, kostuak txikiagoak izango dira eta ekipamenduetan hobekuntzak errazago egiteko aukera egongo da. Hala, sistema berritu ahalko da teknologia optikoa garatzearekin batera, eta, beraz, banda zabaleraren ratioak azkarrago haziko dira.

Zergatik Sopelan?

Mareak Ameriketatik Europara egingo duen bidean Portugal gertuago dago, eta pentsatzekoa da lotura han egin zezaketela. Hortaz, zergatik aukeratu dute Bizkaiko kosta? Bada, Arriatara hondartzak kablea finkatzeko oinarrizko bi baldintzak betetzen dituelako: batetik, itsas hondoak sakonera handia dauka lanean ari den itsasontzia gerturatu ahal izateko; bestetik, hareatzak sarbide leuna dauka. Orain dela hainbat urte beste kable bat ere sartu zuten toki beretik. Kable hori kendu zuten, baina hornikuntzaren zati bat baliatu dute.

Sopelako alkateak gogoan dauka hura, eta pozik dago. «Proiektu berria herriarentzako oso garrantzitsua da, Europaren mundurako sarbidea izango baikara», adierazi du Gontzal Hermosillak. Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiaren iritziz, munduarekin konektatzeko «erronkaren» adibiderik onena da.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak