Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Elkarrizketa. Borja Senper. PPko Gipuzkoako zerrendaburua

«Gainetik kendu behar dugu sukurtsal bat garen ideia»

Borja Senperrek dio hurrengo legealdian Rajoyk bakegintzan «gehiago» parte hartuko duela eta EAEko PPk «eragin handiagoa» izango duela.
JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS

Edurne Begiristain -

2015eko abenduak 9
Gipuzkoako eserlekua lortzea ez du erraza izango Borja Senperrek (Irun, Gipuzkoa, 1976). Ciudadanos eta Ahal Dugu-rekin kezkatuta dago.

Zein garrantzi dute hauteskunde hauek EAEko PPrentzat?

Bi helburu nagusi ditugu. Batetik, EAEko PPk ordezkatu nahi duenagatik, emaitza onak izan nahi ditugu datorren urteko hauteskundeetarako indarra hartzeko. Eta, bestetik, uste dugulako EAEko PPren ordezkaritza indartsu bat Madrilen oso egokia izan daitekeela euskal herritarrentzat, eta, nire kasuan, gipuzkoarrentzat. Diputatu aukeratzen banaute, ez dut lobby bat izan nahi, baina Madrilen eragin nahiko nuke.

Gipuzkoako eserlekua garesti dago, ezta?

Bai, Ahal Dugu-k diputatu bat lortzeko aukerak kalte egin diezaguke.

Maiatzeko bozetako emaitza kaskarrak iraultzea posible ikusten duzu?

Hauteskunde hauetan, beste gako batekin ematen da botoa. Euskadiko gizartea nahiko kontserbadorea da, eta hori mesedegarria izan ohi da EAJrentzat; baina, historikoki, Euskadiko PPren emaitzak hobeak izaten dira Gorteetarako bozetan.

Ahal Dugu eta Ciudadanos alderdiek EAEko mapa politikoa aldatuko dute?

Erabakigarria izan daitezke, baldin eta Ahal Dugu-k EH Bilduri botoak kentzen badizkio, bere arerio ideologiko zuzena delako, eta Ciudadanosek, PPri. Hori da bi alderdiek Euskadin izango duten zeregin nagusia: gainerako alderdiei kalte egitea, trukean etekin handirik jaso gabe.

Herritarrek Ciudadanos PPren alternatiba gisa ikusteak kezkatzen zaitu?

Uste dut Ciudadanosek ibilbide eskasa duela Euskadin, besteak beste, Kontzertu Ekonomikoa eta diputazioak kentzea edo politika zentralizatzaileagoa egiteko proposamenek hemen ez dutelako tokirik. Ciudadanosek ez nau kezkatzen, baina kontuan hartzen dut. Hau da, alderdi horrek fikzio bat saldu du, erdi ezkerrekoa dela, eta jende askok sinetsi egin du, eta horrek kezkatzen nau, erdiguneko espazio hori PPk bete behar duelako.

Madrilen eragiteko duzuen gaitasuna nabarmentzen ari zarete kanpainan. Zergatik?

EAEko PPren etorkizunean garrantzi handia dauka boto-emaileek ongi identifikatzea Euskadiko eta Euskadirako alderdi bat garela. Horretarako, gainetik kendu behar dugu sukurtsal bat garen ideia. Bestetik, euskal herritarrei erakutsi behar diegu erabilgarria dela euskal diputatuak Madrilen egotea. EAEko PPk erabilgarritasun hori erakusteko gai bada, Euskadin sendo eta haz daiteke.

Orain arte, ez duzue halakorik erakutsi.

Alderdi handi batean egoteak ematen duen indarra desagertu egiten da, gai ez bagara zehaztapenak egiteko eta lurraldeari lotutako politika bat egiteko. Guk ez diogu uko egin behar Espainiako alderdi bat izateari, baina ezin ditugu bazter batean utzi lurraldeari lotutako politikak. Euskadin sentikorrak diren hainbat gaitan eragin dezakegu datorren legealdian. Orain bukatu den legealdian ekonomia izan da Rajoyren lehentasun nagusia, eta beste gai asko bigarren mailan utzi ditu. Baina ekonomia eta egonkortasuna sendotzen badira, hurrengo legealdian gobernuak beste gai batzuei heldu beharko die, eta, hor, Euskadiko PPk eragin handia izan dezake.

Bakegintzan, adibidez?

Eztabaida askori heldu behar zaie. Guk gure ikuspuntua izan dezakegu, baina azken erabakiak gobernuari dagozkio hartzea. Bi erronka daude oraindik: ETA desegitea eta armak entregatzea, eta espetxe politika. Etorkizunean, urrats gehiago egin daitezke; hala nola Langraiz bidea sustatzea eta politika jakin batzuk bultzatzea, eta uste dut datorren legealdian aurrerapausoak emango direla eta gobernuak gai horietan are eta gehiago parte hartuko duela.

Rajoyk aldatu beharko luke baketzean duen politika?

ETA bihar desegingo balitz, dena aldatuko litzateke, behin betiko.

Rajoyren geldikeriak ez al dizue kalte egiten botoetan?

Ez dut uste gure boto galera arrazoi horrek eragiten duenik. 2001ean hasi zen gure beherakada, faktore askok eraginda: ustelkeriak, krisi ekonomikoak, EAJk norabide moderatua hartzeak... Gure boto-emaileei erakutsi behar diegu oraindik baliagarria dela guri botoa ematea. Euskal proiektu bat sendotu behar dugu.

Nola berreskuratu jendearen konfiantza, PP onbideratzen ez bada?

Uste dut politika dela etengabe berritu eta garatu beharrekoa, gizartearekin bat egiteko. Politikariok ere egoera berri horretara moldatu behar dugu.

Trebiñuko auziari zein irtenbide emango diozue?

Trebiñuk Euskadi izan behar du, eta, diputatu izaten banaiz, ahalegin guztiak egingo ditut hori hala izan dadin. Baina Trebiñun ez ezik, Espainian ere hamaika enklabe daude lurralde anakronismoaren erakusle. Behingoz, herritarren interesak kontuan hartu beharko genituzke, baita Trebiñun ere. Uste dut enklabe guztiei buruzko eztabaida sosegatuari ekin beharko geniokeela, denei konponbidea emateko.

Espainiako Konstituzioko laugarren xedapen iragankorra kentzearen aldekoa zara?

Konstituzioaren inguruko hausnarketa bat egin behar bada, gai horrexek kezkatzen nau gutxien, baina zail ikusten dut artikulu hori aldatzea. Ez dut uste Nafarroa eta Euskadi etorkizunean batu egingo direnik, baina gure arteko loturetan sakondu beharko genuke.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna