Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Mundua «Espainiak probokatu du independentismoaren gorakada»

Publizitatea

Mundua

Kataluniako erreferenduma

«Espainiak probokatu du independentismoaren gorakada»

Vicent Partal 'Vilaweb' agerkari digitaleko zuzendariak pentsatzen du politikari katalanek gauza «oso zail bat» lortu dutela: «Herriaren aldarrikapenak bide instituzionalera eramatea». Bideoa albistearen amaieran.
Vicent Partal <em>Vilaweb</em> agerkari digitaleko zuzendaria, atzo, Martin Ugalde Foroan Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendariarekin solasean.
Argazkia: IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS

2017-09-14 / Igor Susaeta

Duela ez asko, zazpi bat urte, katalan independentistak %20 inguru ziren Katalunian. Sasoi hartan, 2010eko uztailaren 10ean, Auzitegi Konstituzionalak Kataluniako Estatutuari egindako murrizketen kontra protesta egiteko, manifestazioa deitu zuten Bartzelonan. Milioi bat lagun bildu ziren kaleetan, baina estatutua, autonomia, babesteko mobilizazioa zen hartan beste zerbait aldarrikatzen hasi ziren herritarrak, «independentzia» oihukatu baitzuten orduan.

Egun, zazpi urte geroago, eta prozesu subiranista gauzatuko duen urriaren 1eko erreferenduma ate joka dagoenean, independentistak %45-50 dira. Eta igoera hori Madrilen «erreakzio absurdoak» eragin du, Vicent Partalen iritziz. «Espainiak probokatu du independentismoaren gorakada». Vilaweb katalanezko agerikari digitaleko zuzendariarentzat, «harrotasun kontua» ere bada. Izan ere, hark dioenez, Espainiak ez du Kataluniak egindako eskari bakar bat ere negoziatu nahi izan. Baina iruditzen zaio Kataluniako politikariek ere asmatu dutela independentisten kopurua areagotzerakoan, «gauza oso zail bat» egin dutela uste baitu: «Herriari entzun diote, eta herriaren aldarrikapenak bide instituzionalera eraman dituzte».

Martin Ugalde Foroan parte hartu zuen Partalek atzo, eta Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendariak egindako galderak erantzun zituen. Bete egin zen Martin Ugalde Kultur Parkeko areto nagusia, eta, han bildutakoei, Vilaweb-eko zuzendariak adierazi zien, Espainiak judizialki zein polizialki jarritako oztopoak gorabehera, egin egingo dela urriaren 1eko galdeketa. Izan ere: «Nola eragotziko dute?».

Gauzatzear den prozesu subiranistak bide bat ibili du azken urteotan, eta, sinbolikoki, Arenys de Munt herrian (Bartzelona) eman zituen lehen pausoak. Independentziari buruzko kontsulta ez-lotesle bat deitu zuten han 2009ko irailaren 13an. «Kontuak ez zuen titular asko emateko gairik, herri txiki bat baitzen». Baina, Partalen esanetan, Espainiaren «baldartasuna» agerian geratu zen, debekatu egin baitzuen. 1.600 lagun baldin bazeuden bozkatzera deituak, 1.300 batek independentziaren alde bozkatu zuten. «Eta ulertu genuen orain gertatzen ari denaren klabe nagusietako bat: aldebakartasuna, eta erabakitzeko eskubidea eskubide eztabaidaezin gisa. 'Ezin dugu mirariaren zain egon; guk geuk erabaki dezagun». Kontsulta hura, Partalen hitzetan, ez zen edozein modutan egin, «gauza serioa» izan zen, alkateak eta bake epaileak, esaterako, paper bat jokatu zutelako.

Prozesu subiranista sendotu duten mugarri gehiago izan dira azken hamarkadan, eta Partalen aburuz, «herriaren oinarriak, politikarien jarrerak eta egituratzeko ahalmenak zutarritu» dute. Herria batzeko ahalmena, ANC Biltzar Nazionala Katalanak edukitakoa. «2012ko Diadan antolatu zuen manifestazioan, [jendetza zela eta] ezin zenuen kalean oinez ibili». Orduz geroztiko Diadetan, argazkia iguala izan da. «ANC herri kontsultetatik jaio zen, ez dago alderdi politiko bati binkulatuta. Biltzen ditu independentistak, demokraziaren aldekoak...».

Convergencia eta ERC «elkarrengandik urrun» zeuden orduan. «Herriaren presioa, baina, izugarria izan zen, eta, mantso, baina alderdiak hasi ziren herriari obeditzen». Eta prozesu subiranistak herritarren artean sorraraz ditzakeen zalantzak argitzeko, hor dago Kataluniaren Trantsizio Nazionalerako Liburu Zuria, Generalitateak 2014ko irailaren 29an aurkeztutakoa. «Zer gertatuko den galdetzen didatenean, nik erantzuten dut: 'Lasai, dena dago hor idatzita'».

Zibila, etnikoa beharrean

Hizkuntzaren transbertsalitateak prozesuan zein paper jokatzen duen galdetuta, Partalek erantzun zuen prozesua «zibila» dela. «Ez da etnikoa. Arenys de Munten independentziaren alde bozkatu zutenen %15ak bakarrik argudiatu zuen nazionalismoa; gainerakoek alderdi praktikoa lehenetsi zuten». Hizkuntza prozesuan «zentrala» ez izateak, gainera, mezu independentista hainbat tokitan txertatzea ahalbidetzen duelakoan dago: Bartzelonaren aldirietan, adibidez. «Proiektu zibil, plural eta demokratiko bat aurkezten zaionean, katalenez egiten ez duenak ere errez bat egiten du».

Aspektu praktikoa, hortaz. Izan ere, Vilaweb-eko zuzendariak jakinarazi zuen Katalunian badutela Espainiak gutxiesten dituelako sentsazioa. «[Artur] Masek 50 proposamen negoziatu nahi izan zituen Espainiarekin: Renfe konpondu, hizkuntzari buruzko kontuak... Erreferenduma azkenekoa zen. Bada Espainiak ez zuen bakar batez ere negoziatu nahi izan». Horrek erakusten du, haren ustean, Espainian ez dela loratu ideologia nazionalista progresista bat. «Espainiarrengana hurbiltzen bazara, faxismoan bukatuko duzu». Eta argi dauka gauza bat: «Erreferenduma ez beste guztiak negoziatu izan balitu Espainiak, independentistak %30 izango ziren egun».

Baina ez zuen egin, eta Partal hasi da urriaren 1a bisualizatzen Parte hartzea «masiboa» izango da. «Eragotzi nahi duenak erabaki zailak hartu beharko ditu. Guardia Zibilak ez du nahikoa indar erreferenduma gelditzeko. Erridikulua egingo luke ahaleginduz gero». Madrilek, ordea, antolatzaileak, bultzatzaileak, kartzelatzearekin mehatxatu ditu; Fiskaltzak 700 alkate deitu ditu deklaratzera; BOEk 1.000 funtzionarioren izenak kaleratu ditu. «Badira 50.000 lagun kartzelara joateko prest. Zenbat espetxeratuko gaituzte?». Eta beste galdera bat: «Nola azaltzen duzu hori Europan?».

Espainiak «beldurra eta biolentzia» hauspotu ditu parte hartzea txikiagoa izan dadin. «%60-65ekoa bada, Europara joan zaitezke kopuru horrekin». CEO erakundearen arabera, %66-67koa izango da. «%50etik gorakoa baldin bada, Espainiak galdu egingo luke». Independentismoaren gorakada bultzatu baitu. Bideoa: Vicent Partali elkarrizketa (Lara Madinabeitia / BerriaTB).

Publizitatea

Sortu kontua
Igor Susaeta Igor Susaeta

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak