Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Politika Majarenas eta Izar «ingurune segurura» ekar ditzatela eskatu dute: Donostiara

Publizitatea

Politika

Majarenas eta Izar «ingurune segurura» ekar ditzatela eskatu dute: Donostiara

PPk ez beste alderdi guztiek bat egin dute Eusko Legebiltzarrean euskal presoaren senideen eskaerarekin. EPPK-ko presoen gutunei erantzuten hasi da Urkullu, banaka
Majarenasen ama Kontxi Ibarreta eta Izarrekin Sara Etxera-ko Urtzi Zubizarreta, atzo, Eusko Legebiltzarrean.
Argazkia: J. RUIZ / ARP

2017-06-15 / Hodei Iruretagoiena

Aitak eragindako zauri fisikotik osatu den arren, Sara Majarenas euskal presoaren alaba Izar oraindik ez da osatu psikologikoki. «Ez aurrera, ez atzera» dago, haren amona Kontxi Ibarretak Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordean azaldu duenez. Horixe ondorioztatu dute haurra nola dagoen aztertu duten psikologoek, eta azaldu dute etorkizunean biziko den lekuan etapa berri bat hasi behar duela aurrera egiteko. «Izarren osasun psikologikoagatik, irailean ikastolara etortzea behar dugu, hona, familiak inguratuta egon dadin». PPk izan ezik, Eusko Legebiltzarreko alderdi guztiek babestu dute Majarenas eta haren alaba «ingurune segurura» —Donostiara— ekartzeko eskaera.

Haurra kartzelatik ateratzeko baimen bat baliatuta, aitak labanaz eraso zion Izarri urtarrilean. Majarenas amarekin bizi zen, Picassenteko kartzelan (Herrialde Katalanak), baina, haurrak hiru urte betetzean, Madrilgo harrera etxe batean sartu zituzten ama-alabak, Majarenasi bigarren gradua onartu ondoren. Hangoa «trantsizio aldi» bat izan dela azaldu zuen atzo Ibarretak, baina salatu zuen euskal presoari eta haren alabari ez dietela eman indarkeria matxistaren gainerako biktimei ematen dieten tratu bera: 17:30ak eta 20:30ak artean bakarrik irten daitezke kalera, eta ez dute asteburuetako baimenik.

Hori entzunda, EAJko legebiltzarkide Irune Berasaluzek adierazi zuen ez duela ulertzen zergatik ari den hori gertatzen, epaileak zehaztu baitzuen, Majarenasi bigarren gradua emateko autoan, harrera etxeko gainerako biktimen baldintza berberak izango zituztela. EH Bilduko Julen Arzuagarentzat, «bigarren eta hirugarren aldiz biktimizatzen» ari dira ama-alabak, tratu hori emanda. Elkarrekin Podemoseko Tinixara Guantxek nabarmendu zuen haurraren interesa lehenetsi behar dela, eta bat etorri zen horretan PSE-EEko Rafaela Romero ere. Majarenas eta haren alaba indarkeria matxistaren biktimak direla nabarmendu zuen, hor jarri behar dela fokua; erasotik osatzeko biak Donostiara ekarri behar badira, Romeroren hitzetan, «hori da egin behar dena».

PPko Carmelo Barrio izan zen Izarrekin Sara Etxera plataformaren eskaera babestu ez zuen bakarra, aurka agertu ez arren. Majarenasek «justiziarekin duen zorra» bete egin behar duela, kezka hori azaldu zuen PPkoak, eta esan zuen presoaren eta haren alabaren osatze prozesua «ahalik eta ondoen bateratu» behar dela horrekin. Berasaluzek (EAJ) oroitarazi zuen gisan, zigorraren hiru laurdenak beteak ditu Majarenasek, eta, lege aldetik, posible da hura baldintzapean aske uztea.

Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkullu, bestalde, hasi da Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kideek bidalitako gutunei erantzuten, banan-banan. Atzo jakinarazi zuenez, «irakurketa kritikoa» eskatu die presoei: «Ez da onargarria exijentziak eta salaketak egitea gainerako guztiei, eta norberaren ardurapekoak diren pausoak ez ematea». Urkulluren hitzetan, «ekarpen anitzak» behar dira espetxe politika aldatzeko. Horra EPPK-ko presoei bidaltzen hasi den eskutitzetako zati bat: «Harrigarria da hori [autokritika] aipatu ere ez egitea zure gutunean. Are harrigarriagoa da zuk eta zu bezala preso direnen ingurune politikoak irakurketa kritikorik egin gabe jarraitzea ETAk eragindako giza eskubideen urratzeen inguruan, horrek espetxe politika aldatzeko eragin zuzena izango lukeela jakinda».

Urkulluri ez ezik, EAJren EBBko buru Andoni Ortuzarri eta Nafarroako lehendakari Uxue Barkosi ere ari dira gutunak bidaltzen EPPK-ko kideak, pertsonalki. Hausnarketa prozesuan da kolektiboa, eta «uda parterako» iragarri dituzte ondorioak.

Urkulluren gutunen berri izan orduko, Sortuk oroitarazi zuen ezker abertzaleak egin zuela autokritika bat 2012an, Donostiako Kursaaleko ekitaldian: «Ezker abertzaleari alde bateko biktimekiko erakutsitako sentsibilizazioa falta izan zaio beste aldeko biktimekiko». 2013an, berriz, «eragindako alde anitzeko sufrimendua eta mina zinez aitortu» eta «erantzukizun osoa» bere gain hartu zuen EPPK-k. Hala, «sakabanaketa EAJk sustatu eta babestu» zuela salatu zuen atzo Sortuk, ohar bidez: «Adierazpen hutsalez eta exijentzia alderdikoiez harago, bakoitzak bere gain hartu behar ditu ardurak bakea eta bizikidetza sendotzeko. Lehendakari batek ikuspegi horrekin jokatu beharko luke».

Kartzela ereduaz gogoeta

Kataluniako espetxe eredua aztertzen aritu da egunotan EH Bilduren ordezkaritza bat, eta Eusko Legebiltzarrean ere horri buruzko batzorde bat sortzeko eskatu zuen atzo Jone Gorizelaia legebiltzarkideak. Espetxeen eskumena Eusko Jaurlaritzak hartzea premiazkoa dela berretsi zuen, baina bitartean gogoeta behar dela esan zuen: «Une hori iristen denean, ezin dugu [Espainiako] estatutik datorren eredua ezarri».

Publizitatea

Sortu kontua
Hodei Iruretagoiena Hodei Iruretagoiena

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak