Gerra estali, mezulariari eraso

Xavier Vinader kazetariak, beste hainbat lanen artean, argitara eman zuen «GALen ernamuina» izango zena, polizia bat infiltratu gisa erabilita: eskuin muturraren eta segurtasun indarren arteko harremana. Kartzelara zigortu zuten. Dokumental batean jaso dituzte orain haren ingurukoak.
Ikerketa kazetari gisa, hainbat talde armaturekin izan zuen harremana Vinaderrek.
Ikerketa kazetari gisa, hainbat talde armaturekin izan zuen harremana Vinaderrek. PACO ELVIRA

Hodei Iruretagoiena -

2014ko urriak 30
Luma bat pistola bat bezain eraginkorra izan daitekeela uste dutenetakoa da Xavier Vinader kazetaria. Hala dio berak, eta hori erakusten du haren ibilbideak. Frankismo amaierako urteetatik, ikerketa kazetaritzan ibili da beste hainbatekin batera. 1980an, Franco hil ondorengo lehen kazetari iheslaria bihurtu zen, atentatu saio baten eta Espainiako Auzitegi Nazionalak jarritako kartzela zigorraren ondorioz. Beste hainbat lanen artean, hiru erreportaje argitaratu zituen Interviú aldizkarian, Bilbo inguruan ikertu ondoren. 1979an, Euskal Herriko kaleetako zurrumurrua agerian utzi zuen: eskuin muturreko taldeek eta Espainiako segurtasun indarrek gerra zikinean izandako harremana.

Cas Vinader. Periodisme contra la guerra bruta (Vinader kasua. Kazetaritza gerra zikinaren aurka) dokumentalean bildu dute Xavier Montanya eta Angel Leirok Vinaderri gertatutakoa, baita hark ikertutakoa ere. Duela bi aste aurkeztu zuten, Bartzelonan —Kataluniako TV3 dokumentala ematekoa da—, eta badute gogoa Euskal Herrira etortzeko. Garai hartako protagonista ugariren hitzak bildu dituzte; tartean dira Generalitateko presidente ohi Jordi Pujol, Eugenio Etxebeste etakide ohia, Fuerza Nuevako buru Blas Piñar zena, Txema Montero abokatua, Tasio Erkizia ezker abertzaleko militantea...

Ikerketa kazetaritza, «kazetaritza ausarta» aldarrikatu nahi izan dute —Jose Luis Morales, Rafa Cid, Pepe Diaz eta Pepe Rei ere ekarri dituzte gogora—, eta, bide batez, gerra zikina zer izan den azaldu. Montanya: «GAL zer den jendeak badaki, gogoan du, baina nondik datorren, nola hazi zen estatu terrorismoaren olatu hori guztia, jende askok ez daki».

Azken batean, «GALen ernamuina» salatu zuen Vinaderrek erreportaje haietan: eskuin muturreko taldeen —Fuerza Nueva, gehienbat—, Poliziaren, Guardia Zibilaren, zerbitzu sekretuen eta mertzenarioen arteko harremana. Francisco Ros Frutos poliziak jo zuen Interviú-ko atea. Bazuen zer kontatu. Kazetari taldearen infiltratu bihurtu zen, eta Bilbo inguruetan ibili ziren Vinader eta bere taldea hark esandakoak egiaztatzen. Ros Frutos neska euskaldun batekin hasi zen bikote harremanetan, eta gainontzeko polizien presioak bihurtu zuen salatzaile. «Polizia normal bat zen, Murtziako mutil bat», dio Vinaderrek: «Azkenean, maitasun istorio batetik abiatzen da dena».

1979ko azaro eta abendu artean argitaratu zituzten hiru erreportajeak: Por qué fui policía (Zergatik izan nintzen polizia), Cómo actúan los ultras vascos (Nola jarduten dute euskal ultrek) eta Quisimos atentar contra Monzón (Monzonen aurka atentatua egin nahi genuen). Zehatz azalarazi zuten gerra zikinaren estoldetan zegoena: izenak, biltokiak, argazkiak... Besteak beste, Telesforo Monzonen aurkako atentatua egiteko asmoa.

Nahi baino lehen egin behar izan zuten, ordea, argitaratzeko urratsa. Egiaztatze lanetan zebiltzala, norbaitek igarri zuen zertan zebilen Ros Frutos, eta haren aurkako atentatua egin zuten —justu, baina bizirik irtetea lortu zuen—. Vinaderrek badu azalpena: «Gure okerra izan zen, ikerketa kazetaritzan hasiberrien okerra dena: ostatu hartu genuen hotel berean biltzen ginen harekin. Ezin zara informazio iturriekin bildu bizi zaren lekuan».

Epaiketa eta atentatu saioa

1980ko urtarrilaren 5ean, bi lagun hil zituen ETAk Barakaldon: Jesus Garcia Garcia zen haietako bat, Fuerza Nuevako ordezkaria. Vinaderren erreportajean haren izena agertzen zen, beste hogeiren batekin batera —bigarren biktima ez zen agertzen—.

Vinader eta Ros Frutos auzipetu zituen Auzitegi Nazionalak, lanean zuhurtziagabekeria ausartegiz aritu eta ondorioz bi hilketa gertatu izana eta kalte oso larriak eragitea egotzita. Txema Montero zuten abokatu, eta Ricardo Varon Cobos epaile —eskuin muturrekoa, 1984an kargutik kendu zuten Bardellino auziagatik—. Zazpi urteko zigorra ezarri zieten.

Ez zegoen kausa-efektu harremana frogatzen zuen froga zehatzik. Etxebesteren esanetan, ETAk bazituen informazio iturriak; ekintzak ez zituzten zehazten kazetarien informazioren arabera. Montanyak ere argi du: «Estatuak adierazpen askatasunari egindako eraso bat izan zen, gerra zikina babesteko». Vinader ere ziur da bere ibilbide osoa izan zela zigorraren arrazoia. Bera pagaburu gisa erabilita «autozentsura sustatzea» lortu zutela dio: kazetariek bi aldiz pentsatzea zer idatzi. Batez ere, zer ez idatzi.

Lehendik ere dozena bat prozesu judizial irekiak zituen Vinaderrek, eskuin muturrarekin lotuta lanak argitaratzeagatik. Hark ezagutzera emandakorik ez zuten ikertu. Vinader: «Ez genuen konfiantzarik Poliziak halako gauzak ikertuko zituela, baina bai behintzat aparatu judizialak». Notarioarenera ere eramanak zituzten Ros Frutosekin izandako elkarrizketak. «Baina, noski, beren burua ikertzea izango zen hori».

Bitartean, atentatu saio bat ere jasan zuen kazetariak: etxera joan zitzaizkion makila eta pistolekin, baina ez zuten aurkitu. BCE Batallón Catalano-Español izenarekin aldarrikatu arren, gerora GAL izango zena zegoen atzean: Jean-Pierre Cherid mertzenarioaren talde bat. 1980 zen. Vinaderrek Parisen erbesteratu behar izan zuen, 1984ra arte. PSOEren gobernuarekin negoziatuta, Carabanchelgo kartzelan sartu zuten, eta urte hartako martxoaren 21ean irten zen, indultu batekin, hilabete eta erdi preso pasatuta.

Vinaderrek dio ezkutatu den gerra bat egon dela: «Hildakoak zenbatu ere ez dira egin». Montanyak beharrezkotzat du halakoak gogora ekartzea: «Gaur egun bulegoetan dagoen jende askorentzat oso deserosoa izan behar du oraindik istorio honek».