Albistea entzun

Prostitutak ez, haien bezeroak zigortzea erabaki du Frantziak

Bi urte eta erdiko eztabaidaren ondotik onartu du Prostituzio Sistemaren Kontrako Legea Frantziako Asanblea Nazionalak.

3.750 eurorainoko isunak ezarriko dizkiete bezeroei
Prostituta transexualek Asanblea Nazionalaren aitzinean egindako protesta bat, atzo, Parisen.
Prostituta transexualek Asanblea Nazionalaren aitzinean egindako protesta bat, atzo, Parisen. IAN LANGSDON / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Maddi Ane Txoperena Iribarren Garikoitz Goikoetxea -

2016ko apirilak 7

Eztabaida eta aldaketa anitzen ondotik, Parisek onartu du azkenean Prostituzio Sistemaren Kontra Borrokatzeko eta Prostituitutako Pertsonak Laguntzeko Legea. Lehendik ere legedi zigortzailea zuen Frantziak sexu lanaren inguruan —prostituzio etxeak debekatuta daude, adibidez—, eta ildo beretik jarraituko du lege berriarekin ere. Ez ditu zuzenean prostitutak zigortuko, ordea. Haien zerbitzuak erabiltzen dituzten bezeroak izanen ditu jomugan: 1.500 eurotik 3.750 eurorainoko isunak ezarriko dizkie «sexua erosteko» delitua egiten atzemanez gero. Orain arte prostitutei «bezero bila aritzea» debekatzen zien delitua kendu eginen dute, horren truke —Nicolas Sarkozyren gobernuak ezarri zuen, 2003an—.

Bi urte eta erdiko eztabaidaren ondotik eta Asanblea Nazionaletik Senatura behin eta berriro joan-etorrian ibili eta gero onartu zuten atzo behin betiko testua, Asanblea Nazionalean. Aldeko 64 boto eta aurkako hamabi izan zituen. 11 diputatu, berriz, abstenitu egin ziren. 577 diputatu ditu berez Asanblea Nazionalak, baina 87 soilik zeuden atzo testua bozkatu zuten mementoan.

Oro har, eskuineko parlamentariak legearen kontra aritu dira, eta ezkerrekoak, berriz, alde —ekologistak izan ezik—. Bezeroak zigortzeko asmoak eragin ditu eztabaidarik handienak. PS Alderdi Sozialistako diputatuen ustez, bezeroak zigortzearen helburua da ardura haiei ematea, prostitutei eman beharrean. Hala azaldu du Marisol Touraine Gizarte Gaietarako eta Osasuneko ministroak: «Gizonei ere badagokie hausnartzea zer egiten duten eta zein den beren jokamoldea». Maud Olivier diputatu sozialistaren erranetan, halaber, lege berriari «esker» prostitutak «biktima» gisa hartuko dituzte, eta ez «gaizkile» modura.

Prostituten eskubideen aldeko elkarte ugarik eta prostitutek berek gogor kritikatu dute neurria, ordea. Izan ere, salatu dutenez, bezeroak zigortuta sexu langileak ere jarriko dituzte arriskuan, eta are ezkutuagoa bilakatuko du beren lana. Jacques Toubon Frantziako Eskubideen Defendatzaileak ere gaitzetsi du bezeroak zigortzeko delitua legean sartu izana. Haren hitzetan, «proxenetismoaren eta emakumeen salerosketaren kontrako borroka» zailduko du neurriak, eta sexu langileak kalteberago eginen ditu sexu bidez kutsatzen diren eritasunekiko.

Baliabideak, zalantzan

Bertze hainbat neurri ere biltzen ditu legeak. Tartean, prostituzioa uzteko laguntza eman nahi die Parisek sexu langileei. Alta, zenbait diputatuk eta elkartek zalantzan jarri dute horretarako aski baliabide izanen ote den. Izan ere, kalkulu ofizialek diote Frantzian 30.000 eta 40.000 pertsona artean ari direla prostituzioan lanean —gehienak, emakumeak—. Horiei laguntzeko ezarri den 4,8 milioi euroko aurrekontua ez litzateke aski horientzat guzientzat.

«Sexua erosteko» delitua egiten duten bezeroak atzemateko baliabideak ere ez daude argi. Legeak ez du aurreikusten horretarako polizia gehiago ezartzea, adibidez.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Lehen mailako artako kontsultak atzeratuko ditu Osakidetzak

Lehen mailako artako kontsultak atzeratuko ditu Osakidetzak

Arantxa Iraola-Irati Urdalleta Lete

Osasun sailburu Gotzone Sagarduik egin du jakinarazpena: «Aparteko larritasuna ez duten» kontsultak atzeratuko dira.

Baionako txertaketa gunea, artxiboan ©Guillaume Fauveau

Pfizer dosiak ez ote diren faltako beldur dira txertaketa guneetako langileak

Oihana Teyseyre Koskarat

Eskualdeko Osasun Agentziak hobetsi du Moderna txertoak banatzea. Baionako txertaketa guneko langileek lana uzteko eskubidea aldarrikatu dute, pazienteei «gardentasuna zor» zaielakoan.

5-11 urte arteko haurren txertaketa onetsi du Espainiako Osasun Publikoko Batzordeak

5-11 urte arteko haurren txertaketa onetsi du Espainiako Osasun Publikoko Batzordeak

Arantxa Iraola-Irati Urdalleta Lete

Hilaren 15etik aurrera autonomia erkidegoek haurrak txertatzen hasi ahal izango dutela jakinarazi du

Munilla meza ematen Azpetian (Gipuzkoa), 2019an. ©Javier Etxezarreta / EFE

Donostiako apezpikutza utziko du Jose Ignacio Munillak

Paulo Ostolaza

Ia hamabi urte egin ditu karguan. Alacanteko (Herrialde Katalanak) gotzaina izango da aurrerantzean.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.