Albistea entzun

Lehen harria badoan ibaian

Espainiako Konstituzio Auzitegiak tramiterako onartu ditu Madrilek jarritako helegiteak, eta bertan behera utzi ditu, behin-behinean, Kataluniako Kontsulten Legea eta azaroaren 9rako deialdia
<em>Desobeim</em> kanpainak eta hainbat herri mugimenduk deituta, hainbat protesta sortu ziren atzo iluntzean Katalunian. Deialdi nagusia gaur arratserako egin dute.
Desobeim kanpainak eta hainbat herri mugimenduk deituta, hainbat protesta sortu ziren atzo iluntzean Katalunian. Deialdi nagusia gaur arratserako egin dute. ALEJANDRO GARCIA / EFE

Samara Velte -

2014ko irailak 30

Hasi da Kataluniaren erabakitzeko eskubidearen aurkako oztopo lasterketa luzea. Espainiako Konstituzio Auzitegiak tramiterako onartu du Madrilgo gobernuak jarritako helegitea, eta behin-behinean baliorik gabe utzi ditu Kataluniako Parlamentuaren Kontsulten Legea eta Artur Mas presidenteak azaroaren 9rako egindako deialdia. Hark 15 eta 20 eguneko epea du bi neurrien aurkako helegitea jartzeko.

Espainiako Gobernuaren eskariz, Francisco Perez de los Cobos auzitegiko presidenteak propio bizkortu du Kataluniari ibilbidea eteteko prozesua. Masek larunbatean deitu zuen independentziari buruzko kontsultara, eta atzo eguerdirako helegitea eskuan zeukan Estatuaren abokatuak. Iluntzean ezohiko bilera egin zuen auzitegiko epaimahaiak, eta ordubete baino ez zuen behar izan Kataluniaren eskubidea zalantzagarria dela erabakitzeko.

Oraingoz, espero zen gidoia bete dute aktore guztiek. Mariano Rajoy Espainiako presidenteak berak azaldu ditu Kontsulten Legea salatzeko arrazoiak: «Legez kanpokoa da. Ezin da egin, subiranotasun nazionala Espainiako herritarrek dutelako, osorik». Galdeketa egiteko asmoa «martxan ipintzen duenak hartuko du ondorio larrien gaineko erantzukizuna», ohartarazi dio Masi.

Helegitea onartuta, Auzitegi Konstituzionala ez dago behartuta zuzenean ezer erabakitzera, baina aztergai dauzkan legeak bertan behera gelditu dira automatikoki, bost hilabeterako. Epe hori beteta oraindik deliberatu ez badu, arrazoitu egin beharko du zergatik eusten dion badaezpadako neurriari. Nolanahi ere, kasu honetan erabakia azkar etor daitekeela diote Kataluniako eta Espainiako hedabideek; izan ere, Konstituzio Auzitegiaren interesekoa litzateke Kontsulten Legea azaroaren 9a baino lehenago legez kanpo uztea.

Madrilen «etsaikeriazko» jarrera gorabehera, Kataluniako Gobernua galdeketa legez defendatzeko prest dagoela esan du Masek. Perez de los Cobosen Kataluniarekiko herra nabarmendu du, eta «guztien epaile» lanak egiteko eskatu dio. «Honezkero, galdeketan bai edo ez bozkatzeko argudioei buruz jardun behar genuke eztabaidan».

Hain zuzen ere, martxoan Kataluniako Burujabetza Aitorpena bertan behera utzi zuen epaimahai berberak erabakiko du azaroaren 9ko galdeketari buruz. Perez de los Cobos PPko kide izandakoa ez ezik, gainerako kide gehienak ere Espainiako sektore kontserbadoreenetakoak dira; zentrokoagotzat jotzen dituztenak, aldiz, hamabitik bost baino ez dira. Ordukoan, Kataluniako Parlamentuak onartutako adierazpena konstituzioaren aurkakoa zela ebatzi zuen, Katalunia subjektu politiko eta juridikotzat jotzen zuelako. Masen dekretuak ere arau horixe du oinarrian.

Erantzunak

Madrilek harri astun bat bota du ibaira, baina Kataluniako korronteak ertzetatik egiten dio ihesi. Prozesu subiranistaren aldeko mobilizazio nagusiak antolatu eta sustatu dituzten erakunde eta alderdiek protestarako deia egin dute. Atzo iluntzean bertan, dozenaka elkarretaratze egin zituzten Katalunia osoan; handiena, Espainiako Gobernuak Bartzelonan daukan ordezkaritzaren aurrean. ANC Biltzar Nazional Katalanak eta Omnium Culturalek azaroaren 9rako kanpainaren hasiera aurreratzea erabaki dute. Ara és l'hora (Orain da ordua) kanpainak udaletxeen aurrean elkartzeko eskatu die katalanei gaur arratsaldeko zazpietan.

Herri mugimenduen artean ozen aditzen da bozkatzera joateko aldarria, Konstituzio Auzitegiaren epaia edozein izanda ere. Parlamentuko bigarren indarrak ere horri eusteko eskatu du. «Gure konpromisoa ez da galdeketa antolatzea, botoa eman ahal izatea baizik», adierazi du Oriol Junquerasek, ERCko presidenteak. «Ez da kontu berria Konstituzio Auzitegia Kataluniako herritarren borondatearen aurka dagoela. Horretarako jarri al dugu martxan prozesu hau, Konstituzionalak gure borondate demokratikoa errespetatzen ez duela esan bezain pronto gelditzeko?». Alderdiak bere kanpaina ere hasi du, Vull ser lliure. Vull un nou país (Aske izan nahi dut. Herrialde berri bat nahi dut) lelopean. Marta Rovira idazkariak azaldu duenez, Madrilen debekuari erantzuteko modu naturalena planifikatutako bideari eustea da: «Aukeratzera behartzen bagaituzte, herritarrek emandako agindu demokratikoa beteko dugu, ez auzitegiaren epaia». Botoa ematea debekatzen badiete, arau horri desobeditzeko eskatu du Junquerasek, eta Masen gobernuari babesa adierazi dio hark ere konpromiso horri eutsi diezaion. «Azaroaren 9a babesteko baldin bada, hortxe egongo gara».

Gobernuak, oraingoz, prestaketekin jarraituko du. Konstituzio Auzitegiak galdeketarako deialdia bertan behera utziz gero, debekua azaroaren 9rako ken dezan «ahal beste» egingo duela jakinarazi zuen Masek igande gauean. «Partida ez da amaitu oraindik», esan du Francesc Homs-ek, gobernuko bozeramaileak; Madrilgo epaitegietatik behin betiko ebazpen bat iritsi arte, bederen, ez direla «besoak gurutzatuta» geldituko esan du.

Atzo trantsizio nazionalerako Liburu Zuria aurkeztu zuen Masek. 1.400 orritan, independentziari buruzko oinarrizko galderak argitu asmo ditu agiri horrek, besteak beste, ekonomikoki nola sostengatuko luketen estatu berria, nolako harremana izango lukeen Kataluniak Espainiarekin, eta nola aldarrikatu asmo duten independentzia. Kontsultan baiezko bikoitzak irabaziz gero, Madrilekiko negoziazio prozesu bat hastea proposatzen du testuak; eta, ez posible bada, Generalitearen legedia erabiltzea edo hauteskunde plebiszitarioetara deitzea. Alde bakarreko independentzia aldarrikapena «ez dator bat indarrean den araudi konstituzionalarekin, nahiz eta, nazioarteko zuzenbidearen eta praktikaren ikuspegitik, ez den zilegitasunik gabea».

Euskal Herritik begira

Euskal Herrian ere haserrea eragin du Madrilen jokabideak. Aitor Esteban EAJk Espainiako Kongresuan daukan diputatuak zinismoa egotzi dio Rajoyri. Nabarmendu du konstituzioak ez duela inon debekatzen Katalunian galdeketa egitea, eta, hala balitz, beharbada konstituzioa bera legokeela oker. «Legerik gabe ez dago demokraziarik, baina legea ere ez da beti demokraziaren berme». Eskoziako erreferenduma ipini du adibidetzat: han ere eskoziarrek bakarrik bozkatu zuten, ez Erresuma Batuko herritar guztiek. «Nork erabaki behar du Kataluniako etorkizunari buruz, ez bada Kataluniako herritarrek?».

Amaiurreko Xabier Mikel Errekondorentzat, Espainiako legediak ez dauka inolako zilegitasunik: «Herrien borondatea lurperatzera bideratuta dago». Azaldu duenez, Madrilek ez du asmatu herritarren eskaerei erantzuten; «Madrilek ez du borondaterik, ez eta gaitasunik ere, herritarren borondatean oinarritutako etorkizun baterako alternatiba bat eskaintzeko».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Gerald Darmanin Frantziako Barne ministroa eta Gilles Simeoni Korsikako gobernuburua elkarri eskua ematen, iragan uztailean, negoziazioen lehen bilkura amaitu ostean, Parisen ©CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE

Korsikako hautetsien eta Frantziako Gobernuaren arteko negoziazioak, oinarri bila

Ander Perez Zala

Darmaninek atzeratu egin du bihar uhartera egitekoa zuen bisita, «eztabaida bare baterako baldintzarik» ez dagoela argudiatuta. Protestak antolatu dituzten gazte mugimenduek aho batez eskatu dute elkarrizketak hausteko.

Autodeterminazioaren eta Amnistiaren Aldeko Akordio Sozialaren prentsaurrekoa, gaur, Bartzelonan. ©INTERSINDICAL

Kataluniako berrehun udalerri daude amnistiaren eta autodeterminazioaren alde

Mikel Elkoroberezibar Beloki

Hirurehun erakundek eman diote babesa Autodeterminazioaren eta Amnistiaren Aldeko Akordio Sozialari, tartean alderdi politiko independentistak, zenbait sindikatu eta ikasle antolakunde.

Danimarkako lehen ministro Mette Frederiksen, gaur, Kopenhagen egindako agerraldian. ©Liselotte Sabroe / EFE

Danimarkako bozak azaroaren 1era aurreratu ditu lehen ministroak

Mikel O. Iribar

Gobernu sozialdemokrata babesten duten alderdiek behartuta hartu du erabakia Mette Frederiksenek.

Suhiltzaile batzuk, atzo, bonbardaketa batek Kharkiven (Ukraina) txikitutako lantegi batean lanean. ©SERGEY KOZLOV / EFE

Zelenskik berretsi du ez duela Putinekin negoziatzeko asmorik

Igor Susaeta

Errusiako goi ganberak Ukrainan partzialki okupatutako lurrak anexionatzeko itunak onartu ditu. Kremlinen mapek erakusten dute Moskuren indarrek segitzen dutela gerra frontean atzera egiten

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Irakurleen babesa ezinbestekoa da kazetaritza independente eta konprometitua egiten jarraitzeko.