Albistea entzun

ATHLETIC. 2. FORTUNA. 1

Sinesteko balioko du

Athletic bizi-bizirik iritsi da Txapeldunen Ligako final-hamaseirenetako itzuliko partidara, Smidten gola erabakigarria izan daitekeen arren. Corres eta Oroz izan dira golegileak
Athleticeko jokalariak, atzo, Yulema Corresek lehen zatian sartutako gola ospatzen.
Athleticeko jokalariak, atzo, Yulema Corresek lehen zatian sartutako gola ospatzen. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS

Unai Zubeldia -

2016ko urriak 6

Golak. 1-0: Yulema Corresek (34. min.). 1-1: Smidtek (71. min). 2-1: Maite Orozek (83. min). Epailea. Cristina Dorcioman (Errumania). Ez zuen atera ez txartel gorririk eta ezta horirik ere. Bestelakoak. 9.127 ikusle San Mames futbol zelaian.

Errespetutik beldurrerako mugan dantzan zebilen Athletic. Bederatzi urteren ondoren, Txapeldunen Liga jokatzeko erronkari heldu zion atzo, eta Fortuna Hjorring UEFAren sailkapeneko bosgarren taldea zeukan parean. Lehen ordu laurdena betetzerako argitu zen oso talde indartsua eta landua dela Danimarkakoa, baina Yulema Corresek eta Maite Orozek sinesteko motibo dezente daudela erakutsi zuten gol bana sartuta. Athletic ez da Fortuna baino talde apalagoa, eta, 2-1ekoarekin, hurrengo asteazkenean erabakiko da kanporaketa.

Joan-etorriko kanporaketetan beti gertatzen den moduan, bi taldeek elkarri neurria hartzeko baliatu zituzten lehen minutuak. Hasterako, mutur banatan zeuden bien jokamoldeak. Presio handiaren eta sendotasunaren aldeko apustua egin zuen Athleticek, eta berdegunean nahi zuen baloia. Fortuna Hjorringek, berriz, estrategia jokaldiei eta Olar ezker hegaleko atzelariaren korrikaldiei heldu zien berehala. Fisikoan bilbotarrei gaina hartuta, 8. minuturako lehen aukera argia eduki zuen Thogersenek, area barruan pasea jasota, baina bizi atera zen Ainhoa atepetik, eta Morazak urrundu zuen arriskua.

Damjanovicen zalantzazko penalti bat salbu —eskuekin ukitu zuen baloia area txikian bertan—, Athletici kosta egin zitzaion Fortuna bere arean sartzea. Baina aurkariaren baliabiderik errentagarriena aukeratu zuen erasoan min egiteko. Olarrek sarritan egin zuen gora itsu-itsu, eta horrek desoreka sortu zuen atzeko lerroan. Yulema Corresi baloi luzeak bidalita eta aurrelariak buruz Morazari utzita, behin eta berriz arriskua sortu zuten zuri-gorriek. Danimarkarrek bi korner jaurtiketatan arrisku dezente sortu berritan, horrela iritsi zen gola, 34. minutuan. Aurretik, Morazak berak eduki zuen aukera ona, baina donostiarrak gaizki amaitu zuen jokaldia. Eta 2-0ekoa ere ez zuen urruti izan erdilariak, goleko jokaldia errepikatuta, baina lo hartu zuen eta azken unean baloia lapurtu zion Damjanovicek.

Arazo fisikoak atzean

Sendo ari zen Athletic, baina Brian Sorensen Fortunako entrenatzaileak zelai erdiko desoreka konpondu zuen aldageletatik bueltan. Etxekoei kosta egin zitzaien aurkariaren presioa ezerezean uztea, eta giharrak ere kexaka hasi ziren berehala. Garazi Muruak lehenengo eta Morazak gero, aldaketa eskatu behar izan zuten, eta atzean mugimendu asko egin behar izan zuen Agirrek.

Kikildu gabe, ordea, Lucia Garciak aukera ona eduki zuen 62. minutuan, baina ez zuen ikusi ezkerrean Nekane; atezainak gelditu zuen jaurtiketa. Bi minutu geroago, berriz, orpoz gol ikusgarria sartzear egon zen aurrelaria. Balizko golaren garrantziaz jabetuta, bi pauso aurrera eman zituen Fortunak, eta 71. minutuan jaso zuen saria. Olarrek ezkerretik erdiratu, eta Smidtek, buruz, baloia sareetara. Minutu txarrak izan ziren Athleticentzat, baina 83. minutuan Erika Vazquezek eta Maite Orozek eromena sortu zuten harmailetan. Lasaitasun harrigarriarekin amaitu zuen jokaldia Orozek. 2-1. Aurkariari neurria hartuta, erronka polita dauka Athleticek asteazkenean.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©JON URBE / FOKU

«Lehia bakar bat ez dugu hasi eta buka ondo jokatu»

Julen Etxeberria

Elezkano II.ak eta Zabaletak txapela irabazi zuten iaz, eta aurten ere bikain hasi ziren, lehen zortzi partidetatik zazpi irabazita. Baina galdu egin dituzte azkeneko biak. Atzelariak dio «konfiantza pixka bat» falta zaiela, baina «ziur» da suspertuko direla.
Portugaleteko emakumezkoen trainerua uretan sartu berritan, igandean herrian bertan jokatu zen traineru jaitsieraren aurretik. ©I. SUAREZ / SAN NIKOLAS ARRAUN ELKARTEA

Portugaletek emakumezkoen trainerua izango du berriz aurten

Aitor Manterola Garate

Portugaletek emakumezkoen trainerua izango du berriz aurten. Etxeko arraunlariz osatuta egongo da ia erabat, eta 2018an hasi zen ametsa beteko dute. Urtebete lehenago lehiatu zen soilik 'Jarrillera'.

Kopuruz antzera, baina soinean kolore berriak dituztela

Kopuruz antzera, baina soinean kolore berriak dituztela

Eñaut Agirrebengoa

Euskal Herriko 42 txirrindulari ariko dira aurten profesionaletan, horietatik hamabi World Tourrean. Movistar bilakatu da eliteko bilgune

«Movistarren, baldintza guztiak betetzen dira ongi eta gustura sentitu nadin»

«Movistarren, baldintza guztiak betetzen dira ongi eta gustura sentitu nadin»

Eñaut Agirrebengoa

Bi urtez Astanan aritu ondoren, denboraldi honetan Movistarren elastikoa jantziko du Aranburuk. Elitean urratsak egiten jarraitu nahi du, arreta klasikoetan jarrita. Printzipioz, ez da lehiatuko Euskal Herriko Itzulian.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.