Albistea entzun

CELTA 2. ATHLETIC 4

Ia erabakita utzi du

Geldikako jokaldiak baliatuta, beharrezkoa zuen garaipena lortu du Athleticek Balaidosen.

Adurizen ekarpena ezinbestekoa dela ikusi da berriz
Aritz Aduriz Athleticeko aurrelaria, atzoko partidan sartu zuen lehen gola ospatzen, Balaidos Vigoko estadioan.
Aritz Aduriz Athleticeko aurrelaria, atzoko partidan sartu zuen lehen gola ospatzen, Balaidos Vigoko estadioan. SALVADOR SAS / EFE

Haritz Gallastegi -

2015eko urtarrilak 7

Golak. 0-1: San Josek (5. min.); 1-1: Alex Lopezek (11.min); 1-2: Adurizek (15. min); 2-2: Charlesek (54. min.); 2-3: Susaetak (63. min); 2-4: Adurizek (pen. 86. min). Epailea. Perez Montero. Txartel gorria Celtako Costasentzat (71. min, bi hori), eta horiak Celtako Charles eta Cabrali eta Athleticeko Mikel Rico, Etxeita eta Muniaini. Bestelakoak. Espainiako Kopako final-zortzirenetako partida. 14.929 ikusle Balaidos estadioan, Vigon (Galizia). Oso gutxi Bilbotik joanak.

Athleticek erronka asko zituen Balaidosen. Hiru egun lehenago Riazorren emandako itxura txarra amesgaiztoa baino ez zela izan erakustea zen lehen xedea. Ez zen asko egin behar izan Riazorrekoa hobetzeko, eta zuri-gorriek aurrerapausoa eman zuten jokoan. Hobekuntza ez zen ikaragarria izan, baina Athletic apur bat hobea izan zen Balaidosen.

Hala ere, ondo lehiatzeak ez du emaitza ona bermatzen. Galde diezaietela, bestela, Celtako jokalariei. Esan eta esan ari dira, eta, beraz, entzun eta entzun ari dira joko erakargarria eta ona egiten ari direla. Baina kontua da Eduardo Berizzok zuzentzen duen taldeak 666 minutu daramatzala ligan golik sartu gabe. Eta atzokoaren ostean hanka eta erdi du Kopatik kanpo. Hau da, ondo aritzeaz gain, emaitzak lortu behar direla. Bada, bigarren helburua ere lortu zuen Athleticek. Irabaztearekin nahikoa ez eta bi goleko errenta lortu zuen itzuliko partidarako. Hortaz, oker egin beharko ditu gauzak final-laurdenak jokatzeko txartelik gabe geratzeko.

Lau gol sartu zituen Athleticek. Gol asko dira. Etxetik kanpo talde gutxik daukate hainbeste asmatzeko gaitasuna. Athletic ere ezin esan talde golegilea denik. Baina atzo depresiotik irteteko aurkari aproposa izan zuen: zuri-gorriek eurek baino opari gehiago egiten dituen talde bat izan zuten aurrean. Celta ez baita talde orekatua. Baloiaren jabe denean mugimendu onak eta azkarrak ditu. Edozein estu hartzeko gai da. Baina, era berean, sarri galtzen du lekua. Erraztasun asko ematen ditu. Eta gorengo mailan hori ordaindu egiten da. Finean, Marcelo Bielsaren Athleticek zituen dohain eta gabeziak ditu. Haizea alde duenean, ikusgarria da, baina, norabidea galtzen duenean, talde guztiek gura duten kontrarioa da.

 Athleticek geldikako jokaldiak baliatu zituen irabazteko. Jokoan sortzeko gai ez zena estrategiari esker lortu zuen. Zuri-gorrien lehen bi golak Lezaman egunero entrenatzen diren jokaldiei esker etorri ziren. Partida hasi berritan, San Josek baliatu zuen Susaetak luze erdiratu eta Adurizek penalti puntuan buruz jarritako pasea lehen gola sartzeko. Berriz ere San Jose protagonista. Zoritxarrez, ez zion asko iraun pozak Athletici. Lau minutu geroago Augusto Fernandezek erdiraketa egin zuen eskuin hegaletik, eta bakar-bakarrik egin zuen errematea Alex Lopezek. Lehoien lehen oparia izan zen.

Opariak, bi aldeetan

Handik bost minutura, ordea, bigarrena sartu zuen Athleticek. Susaetak falta atera, Etxeitak ondoko marran buruz area txikian jarri, eta Adurizek buruz sarera. Berriz ere Aduriz. Taldeko erreferentzia eta izarra hamaikagarrenez. Hiru gol lehen ordu laurdena bete orduko. Atsedenaldira bitartean Celta izan zen baloiaren jabe, baina aukera garbirik sortu gabe.

Bigarren zatian beste hiru gol egon ziren. Binakoa Charlesek sartu zuen. Balentziagak korner bat desbideratu, eta han zen Charles. Beste opari bat. Bigarren zatiko lehen hamar minutuak izan ziren Celtaren onenak. Zelaian zeuden bi taldeen jokoa aintzat hartuta, argi zegoen opari gutxien egingo zuenak irabaziko zuela. Eta talde hori Athletic izan zen. Talde bizkaitarra aurretik jarri zuen gola Susaetak sartu zuen, Celtako atzelarien hamaikagarren okerra baliatuta. Jokoan askorik parte hartu ez arren, gol bat eta bi gol pase eibartarrak atzo.

Emaitza alde zuen Athleticek, eta, partida amaitzeko hogei minutu falta zirenean, Costasi bigarren txartel horia atera zioten, baloia eskuagaz jotzeagatik. Neurketari eta kanporaketari errematea Adurizek jarri zion. Ez zuen huts egin egin zioten penalti eztabaidagarriko jaurtiketa.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Iker Muniain eta Leo Messi, Athleticeko eta Bartzelonako kapitainak, Cartuja estadioan, atzo, kopa atzean dutela. ©ESPAINIAKO FUTBOL FEDERAZIOA

Debekatua beste bat galtzea

Aitor Manterola

Athleticek 25. aldiz irabazi nahi du gaur Espainiako Kopa, eta, horretarako, Bartzelonari irabazi beharko dio Sevillan. Azkenekoz 1984an lortu zuen, eta ordutik jokatu dituen lau finalak galdu egin ditu
 ©BERRIA

Bihotzerrea sendatzeko bi hamaikako

Berria

Bartzelonak superkopa galdu zuen Athleticen kontra, duela hiru hilabete, eta Athleticek kopako finala, Realaren kontra, orain bi aste. Galdutako finalen bihotzerrea kitatzeko prest aterako dira bi taldeak zelaira, borrokara.

Jon Ander Albisu eta Jose Javier Zabaleta.  <br />
<br /> ©IÑIGO URIZ / FOKU

«Atzelarien txapelketa da hau»

Julen Etxeberria

Fernando Goñik finalerdietako lau atzelariak aztertu ditu. Jose Javier Zabaleta eta Jon Ander Albisu nabarmendu ditu, eta haien arteko finalaren alde egin du.

San Mames estadioa. ©Luis Tejido / EFE

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Haritz Gallastegi

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna