Albistea entzun

Mahastietatik operetetara

Luis Mariano jaio zela ehun urte beteko dira gaur.

Erbestean egin zen ezagun, baina frankismo garaian arrakasta handia lortu zuen.

Ez zen itzuli Irunera, jaioterrira, eta Arrangoitzen eman zituen azken urteak
Luis Mariano kantariaren argazkirik ezagunenetako bat.
Luis Mariano kantariaren argazkirik ezagunenetako bat. Z / EZEZAGUNA

Araitz Muguruza -

2014ko abuztuak 13

Bordeleko mahastietan mahatsa biltzen lankide zituenek animatuta hasi zen kantua ikasten Luis Mariano, jatorrizko izenez Mariano Eusebio Gonzalez (Irun, Gipuzkoa, 1914-Paris, 1970). Otarrak mahatsez bete bitartean abesteko ohitura zuten langileek, eta hala aritzen zirenen artean gehien nabarmentzen zirenetako bat zen. 36ko gerran Bordelera ihes egin behar izan zuen familia bateko semea zen Mariano. Arkitekto ikasketak egiteko asmoa izan arren, mahats biltzen hasi zen lanean, familiaren beharrek eraginda.

Kantatzeko sena, ordea, ez zitzaion mahastian sortu. Aspalditik zetorkion. Hamalau urterekin, Irungo Atsegina abesbatzan hasi zen kantuan; hemezortzirekin, Donostiako Orfeoian ari zen kantari. Hogeita bi urterekin alde egin behar izan zuen sorterritik. Erbesteko lehenengo urteetan, Baionan egon zen Gonzalez familia. Orduan ere kantuaren jiran ibili zen, haien moduan erbestean zeuden lagunekin eta baionarrekin batera egiten zituzten kantaldietan. Bordelera joan zenean ekin zien kantu ikasketei, hango musika kontserbatorioan, 1941ean. Prestakuntza hobetzeko, antzerki eskola batzuk ere jaso zituen. Ikastaro horietarako dirua biltzeko egin zituen lehenengo emanaldiak. Gala komertzial eta orkestinetan parte hartzen zuen. Bermond diskoetxeko zuzendari Jeanne Lagiscarde ezagutu zuen garai hartan, eta hark egindako gomendioari jaramon eginda joan zen Parisera bizitzera. Elkarrekin joan ziren, eta nahikoa egoera gogorrean bizitzea egokitu zitzaien.

'Don Pasquale'-ko Ernesto

Bigarren Mundu Gerra amaitzeko bi urte baino falta ez zirela parte hartu zuen lehenengoz opera batean. Gaetano Donizettiren Don Pasquale-ko Ernesto pertsonaiaren rola interpretatu zuen. Interpretazio horregatik kritika onak jaso zituen, eta Frantzian ezagun egiten hasi zen. Handik aurrera hasi zen bere buruari Luis Mariano deitzen, eta itsatsi zitzaion betiko.

Operetek egin zuten ospetsu. La Belle de Cadix (1945) izan zen egin zuen lehen opereta, eta, horren ondoren, beste zortzi etorri ziren. Bere ibilbidea amaitu arte egin zituen operetak: Andalousie (1947), Le Chanteur de Mexico (1951) eta Chevalier du ciel (1955) dira horietako batzuk. Operetaren urrezko aroa ezagutu zuen, eta horietan abesten zituen kantuak oso ezagunak egin ziren. Denetan ezagunena, nolanahi ere, Le Chanteur de Mexico da. Francis Lopez konpositoreak idatzi zuen, eta hura izan zen Luis Mariano protagonista zen beste hainbat operetaren egilea ere. Garai bertsuan ekin zion filma eta antzerkia egiteari ere, eta artista ospetsuak arrakasta bildu zuen.

Frantsesez sortu eta idatzi zituen opereta guztiak Lopezek, eta Jose Maria Arozamenak itzuli zituen gaztelaniara. Espainiako eta Frantziako ekoiztetxeek elkarrekin egindako lanak zirenez, Espainian ere estreinatzen zituzten horietako asko. Hala egin zen ezagun 36ko gerrak erbesteraturiko euskal herritarra. Operetak antzoki berezietara mugatu zituztenean, telebistatik deitu zuten, eta lehendik zuen ospea indartu. Inoiz ez zen itzuli Irunera, ordea; bizitzera ez, bederen. Arrangoitzen (Lapurdi) erosi zuen etxean izan zuen bizileku. Hil ondoren, han hilobiratu zuten.

Negu Gorriak taldeak aipatzen ditu sorterrira itzuli ezaren ustezko arrazoi batzuk Hipokrisiari Stop abestian. Abestiaren arabera, batzuen ustez barkamenik gabekoak ziren bekatu batzuk egin zituen Luis Marianok, «homosexuala eta gorria» izatea batez ere. Arrakasta lortzean, baina, kontu horien garrantzia galdu egin zen, eta Irunen «heroi baten gisan» egin zioten ongietorria, eta Kristobal Kolonenaren alboan jarri zioten oroigarria. 1993an jarri zuten haren eskultura Irunen, Negu Gorriak-ek abestia ezagutarazi zuen urte berean. Horrez gain, Luis Marianoren izena duen parke bat ere badago, eta hor beste eskultura bat, 2009an jarritakoa.

Arrakastaren aparretan zegoela hil zen Luis Mariano, hepatitisak jota. Hori ere aipatzen du Negu Gorriak-ek bere kantuan: «Jaioterrira ospe handiz itzultzean, ongietorria baino izan zen agurra».Hil aurreko urteak nekatuta eta gaixo eman zituen, eta bertan behera utzi behar izan zituen hitzarturiko emanaldi batzuk. 1970eko maiatzean igo zen azken aldiz oholtza gainera, eta urte bereko abuztuaren 13an hil, Parisen.

Haren ondasuna mantentzeaz Patxi eta Françoise Lacan senar-emazteak eta haien seme Mariano Lacan arduratzen dira. Haiek bizi dira, beraz, Arrangoitzeko etxean.

Euskarazko kantuak

Frantsesez eta gaztelaniaz abestu zuen gehienbat Luis Marianok, baina euskaraz ere grabatu zituen abesti batzuk; Maite eta Ezin ahaztu, kasurako, garai batean Euskal Herriko hainbat herritan oso entzunak izan zirenak. Euskaldun izateaz harro zegoen. Honela idatzi zuen, behintzat, hil baino lau hilabete lehenago: «Euskal Herria izena duen herri zoragarri batean jaio nintzen. Zoriz jaio nintzela diote... eta neurri batean egia da. Garai horretan gurasoak Bordelen bizi ziren, baina nire amak ni bere jaiotetxean eduki nahi ninduen, eta erditzeko gutxi falta zitzaionean joan ziren gurasoak Irunera. Justu iritsi ziren». Lacanek Luis Marianoren euskaltasuna nabarmendu zuen Le Point egunkarian: «Sustraiak inoiz ahaztu ez dituen pertsona bat izan da».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Emakume bat Rosa Valverderen hainbat kutxari begira, Donostiako San Telmo museoko laborategian jarri duten erakusketan. ©Andoni Canellada / Foku

Kaxetan bildutako mundu bat

Ainhoa Sarasola

Rosa Valverde artistak bere ibilbide osoan ondutako 52 kutxa daude ikusgai Donostiako San Telmo museoan, Arte kaxak erakusketan. Artistak askotariko objektuekin zuen harremanaren lekuko dira.

Arte eszenikoen dFeria jaialdiaren antolatzaileak eta sustatzaileak, atzo, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian egindako aurkezpenean. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Oreka izango du ardatz aurtengo dFeria jaialdiak

Alex Uriarte Atxikallende

Arte eszenikoen jaialdia martxoaren 14tik 17ra bitartean egingo dute, Donostiako hainbat agertokitan. Festibala hasi baino bi egun lehenago, ‘pre-feria’ izeneko egitarau berezia izango da.

Leire Vargas, Aner Peritz, Haizea Arana eta Oihana Arana, <em>Erre</em> emanaldiaren sortzaileak. ©LANKU

Kategoriak arrakalatzera

Ane Eslava

Leire Vargasek, Aner Peritzek, Oihana Aranak eta Haizea Aranak 'Erre' saioa estreinatuko dute otsailaren 5ean. Lankuk ekoitzi du

Lautan Hiru jaialdiaren antolatzaileak, gaur, Bilbon. ©Marisol Ramirez / Foku

Lautan Hiru antzerki jaialdia egingo dute laugarrenez Bilboko Zazpikaleetan

Olatz Enzunza Mallona

Euskaltzaindiak, Cafe Bar Bilbaok, Zazpi Katu gaztetxeak eta Bira kulturguneak antolatu dute egitaraua, elkarlanean, eta otsailaren 3an abiatuko da.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.