ESPANYOL. 0. ATHLETIC. 2
Egun handietako jantzia
Bere historiako Kopako 40. finala izango da, Bartzelonaren aurka, maiatzaren 30ean

Golak. 0-1: Adurizek (12. min.). 0-2: Etxeitak (42. min.). Epailea. Martinez Munuera. Txartel horiak: Espanyoleko Cañasi, Hector Morenori, Stuaniri, Arbillari eta Alvarori; eta Athleticeko De Marcosi eta Muniani. Bestelakoak. 34.831 ikusle Cornella-Prat estadioan, tartean Athleticeko mila jarraitzaile inguru. Beste finalerdia. Vila-real-Bartzelona (1-3). Guztira, 2-6 Bartzelonaren alde.
Erronka oso zaila zen, eta Athleticek egun aproposenean hautatu zuen egun handietako jantzia. Tradizio eta lorpen historikoen hariarekin jositako jantzi hori. Bilbo aldean Kopa beste kontu bat dela gauza jakina da, eta atzo, Cornellan, zale gazteek inoiz ahaztuko ez duten partida jokatu zuen. Emaitzari buelta emateko premiarekin joan eta irabazi egin zuen. Sendo eta dotore, handiek bezala. Irudi ona emanez gainera, lehen zatian bereziki, eta sasoi hasierako zalantzak ahanzturaren kutxan giltzapetu zituen.
Maiatzaren 30a da gorriz markaturiko eguna, eta oraindik zehazteko dago nora izango den erromesaldi zuri-gorria. Athleticzale prestua dagoeneko planak egiten hasia izango zen, eta, bide batez, egun horretarako obligazioak bertan behera uzten. Larunbata da, udaberrian, egun txarra Bilbon ezkontza bat antolatzeko. Egun horretan jokatuko baitu finala, Kopako 40.a eta hirugarrena sei urteko tartean. Athleticen filosofia auzitan jartzera ausartzen den orok arrazoi bat gutxiago du bart gauaz geroztik. Eta Bartzelona izango du aurkari. Berriz ere, 2009an eta 2012an bezala. Itzulera bidaia haiek garratzak izan ziren, baina orain du mamuak uxatu eta exorzismo ariketa bat egiteko aukera.
Gai bakarra egongo da hurrengo hiru hilabeteetan Ibaizabaleko meandroetan, finala, eta izen bat guztien ezpainetan: Aritz Aduriz. Aurrelari donostiarra beatifikazioa irabazten ari da azken urteetan, eta Cornellan, beste behin, bera izan zen taldea eta zaleak gidatu zituena. Aurrelariak talde honetan duen garrantzia zenbakietatik haratago doa, baina zifrak ere ezin dira ahaztu. Athleticek 43 gol sartu ditu sasoi honetan eta horietatik hamazazpi Adurizek sinatu ditu.
Joanekoan bere banakako jokaldi batean aurreratu zuen Athletic, eta atzo ere, berak erein, ureztatu eta jaso zuen lehen gola (12. min). Athleticek ondo ekin zion partidari, eta Ernesto Valverdek apustu ausarta egin zuen. Andoni Iraola zelai erdian jarri eta Iñaki Williamsi ondo merezitako aukera emanez. Erasora jokatu zuen, eta inertziaren poderioz Adurizek aldaratze bat ehizatu zuen area ertzean. Kontrol bikaina egin zuen eta ezker eskuarekin atzelari bati bultza eginez behar adina toki lortu zuen. Azeri zaharra da. Lau jokalari zituen gainean, baina hala ere jaurtiketa zitala egin zuen. Gurutzatua, lurretik, eta Pau Lopezek eskuineko zutoinera itsatsita. Haren jauzia antzua izan zen, eta baloia sareetan sartu zen. Zailena egina zegoen.
Golarekin pauso bat eman zuen atzera Athleticek. Espanyolek, aldiz, hamar minutu behar izan zituen kolpeari buelta eman eta aurrera egiteko. Athleticek baloia utzi zion, baina aukera on bakarra izan zuen, Balentziagaren huts baten ondoren. Stuani Iago Herrerinen aurrean bakarrik gelditu zen, eta atezainak geldiketa bikaina egin zuen. Etxeko jokalariak behin baino gehiagoan oroituko ziren joaneko partidan huts egindako aukerekin.
Etxeitaren burukada
Lehen gola Athleticen lehen eraso iturriak eragin bazuen, bigarren gola beste armarekin iritsi zen: geldikako jokaldiak. Bi taldeak atsedenaldiko arnasaldiarekin pentsatzen ari zirenean (42. min), Andoni Iraolak korner bat maisuki atera zuen. Eskuinez eta eskuineko aldetik, gogor lehen zutoinera, eta han agertu zen Xabi Etxeita. Espanyoleko atzelariek San Jose, Aduriz eta Gurpegi zaindu zituzten, eta hori baliatuz Etxeitak gaina hartu zion bere zaintzaileari. Burukada garbia izan zen, bigarren zutoinera. Eromen hutsa, Espanyolek hiru gol behar zituen eta zaleak finalarekin pentsatzen hasi ziren.
Espanyolek miraria behar zuen finalean sartzeko. Athleticen bigarren golak hankaz gora jarri zuen partidaren gidoia. Bilboko taldeak kontrol lan oso serioa egin zuen bigarren zatian. Atzeko lerroa sendo egon zen, eta arrakala bakarra izan zuen (57. min). Urratu hori Caicedok egin zuen, area ertzetik jaurti zuenean. Lehenbizi Herrerinek eta gero zutoinak, etxekoen itxaropena piztuko zukeen gola eragotzi zuten baina.
Ordu erdi falta zen partida bukatzeko eta Athleticek ez zuen sufritu. Hala ere, sustoa ere izan zuen, Herrerinek zuntz-haustura egin eta zelaia herrenka eta lur jota utzi behar izan zuelako (63. min). Iraizoz zelairatu zuen Valverdek eta irten eta berehala egin zuen geldiketa bakarra. Lan gutxi izan zuen, minutuak zama astun bihurtu baitziren Espanyoleko jokalarien gainean.
Athleticek freskoago bukatu zuen, eta azken txanpan hirugarrena sartzeko aukera izan zuen. Lehenbizi Williams izan zen berekoi ibili zena eta kontraeraso batean ez zuen Muniain aurkitu. Biek ala biek partida handia egin zuten, presioan zein erasoan.
Beste gol aukera garbia Gurpegik izan zuen, korner baten aldaratzean. Ate aurrean trebea ez dela ikusi zen baina. Hala ere, kapitainak lan oso ona egin zuen, eta inor gutxi oroitu zen Laporteren hutsunearekin. Partida ostekoak, errazak dira azaltzen. Estasiak jokalariak eta Cornellara joaniko zaleak irentsi zituen. Gau luzea izan zen Bilboko kaleetan, eta zaleren batek etxera joan aurretik irakurriko du kronika hau. Hiru hilabete ditu amets egiteko.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.
