Norena da zezena?

Mikel Urmenetak Kukuxumusurako egin zituen irudiak ezin erabiltzeak jabetza eta ustiapen eskubideen inguruko eztabaida sortu du. Aditu gehienek garbi dute sortzailea dela parterik ahulena.
Zezena da Mikel Urmenetaren irudi ezagunenetako bat.
Zezena da Mikel Urmenetaren irudi ezagunenetako bat. EFE

Ainara Arratibel Gascon -

2016ko uztailak 26
Aurtengo sanferminen bezperan, Iruñeko jaien txupinazoak bezainbeste harrabots eragin zuen albistea izan zen marrazkigintzaren eta sorkuntzaren munduan: Mikel Urmenetak ezingo ditu behin-behinean erabili «Kukuxumusu unibertsorako» egindako irudiak, eta, horregatik, erretiratu egin beharko ditu bere marka berriko —Katuki Saguyaki— hainbat salgai. Horrek jabetza eta ustiapen intelektualaren inguruko eztabaida piztu du berriro. Aditu gehienak bat datoz eztabaida horietan sortzaileak direla alderik ahulena, eta haien eskubideak gehiago defendatu beharko lituzkeela legeak. Haatik, hainbatek berretsi dute kasu honetan gertatutakoa urteetan Kukuxumusun sinatu diren kontratuen ondorio dela. Dena den, gogorarazi dute Urmenetari ezin zaizkiola bere estiloa eta pertsonaiak ukatu.

Kukuxumusuren %66ren jabe den Ricardo Bermejok jarri zuen Urmenetaren aurkako salaketa. Behin-behineko neurriekin pozik agertu zen Bermejo. «Epaian argi uzten da zein diren Kukuxumusuko marrazkiak. Marrazki guztiak berez Kukuxumusuri emanak zeuden, eta erregistroan bertan babestuta». Urmeneta haserre agertu da erabakiarekin. «Muturreko behin-behineko neurri bat hartu du epaileak. Akats nabarmenak ditu autoak». Ez zituen halako behin-behineko neurriak espero. «Inork ez du espero justiziak bidegabeki jokatzea. Baina galdetu diegun guztiek esan digute behin-behineko neurriak aberrazio bat izan zirela». Gainera, berretsi du Kukuxumusuren marrazki batzuen ustiapen eskubideak baino ez zituztela eman. «Ez gure sormen lan guztienak. Marrazki horiek bere horretan erabil ditzake Kukuxumusuk, eta transformatu egilearen baimenarekin. Ezin duena egin da deformatu, moztu, edo berriz asmatu, hori autorearen eskubide moralen kontra baitoa. Are gutxiago gure pertsonaiekin geratu. Horiek marrazkilariarenak dira, eta zilegi da beste proiektu batzuetan erabiltzea», defendatu du Urmenetak.

Dani Fano marrazkilariak, Gari Garaialde argazkilariak eta Ion Turrillas abokatuak uste dute konponbide zaila duela auziak. «Marrazkien eskubideak enpresaren esku utzi bazituen, konponbide zaila du», esan du Fanok. Baina eztabaida hortik harago doala uste du. «Kukuxumusu unibertsoaz ari da autoa. Baina zer da hori zehazki? Oso termino zabala eta abstraktua da. Gainera, Mikelek bere estiloa eta pertsonaiak ditu, eta hori dena berea da. Ezin diote kendu; ez da plagio bat».

Turrillas atzera begira jarri da, auziaren jatorriari erreparatuz. «Aurretik sinatutako kontratu batzuen eragina da. Batzuetan ez da pentsatzen epe ertain edo luzera zer sinatzen den. Marrazkilariek sinatu zituzten ustiapen kontratuetatik eratorritako ondorio ez atsegina da. Une haietan ez ziren erabaki egokiak hartu». Bat dator horrekin Garaialde. «Urmeneta orain biktima da, baina lehen enpresaren jabea ere bazen, eta marrazkilariekin esklusibotasun kontratuak sinatzen zituen».

Berez sortzaileak ditu eskubide guztiak, Turrillasek azaldu duenez. Baina sortzaile bat argitaletxe edo agentzia batekin negoziatzera doanean hasten dira arazoak: «Ez ditu enpresa batek izan ditzakeen botere ekonomikoa eta merkatuarekiko posizionamendua. Horregatik, askotan ezin dituzte parez pareko egoeran negoziatu kontratuak». Fano ados dago ideia horrekin. «Egia da lehen baino babestuago gaudela lege aldetik, baina gero hori ez da praktikara eramaten».

Kontratu horiek nolakoak diren azaldu du Fanok. Hala, argitaletxeekin sinatzen den kontratu arrunt batean, sortzaileak argitalpen eta euskarri zehatz baterako uzten ditu eskubideak. «Adibidez, papererako eta zenbaki zehatz honetarako. Baina egun nahi izaten dute, adibidez, digitalerako ere sinatu, nahiz eta oraindik ez duten halakorik egin. Baldintza berberetan ahalik eta eskubide gehien eskuratzen saiatzen dira».

Garaialdek 11 urtez egin zuen lan Argazki Press agentziarekin. «Sinatutako kontratuaren arabera, agentziari 50 urtez eman genien gure argazkiak ustiatzeko eskubidea. Gero, egia da noizbait erakusketa baterako behar izan nuenean ez zidatela arazorik jartzen erabiltzeko». Egun halako akordioak ohikoak dira argazkigintza munduan. «Bakoitzak markatzen ditu bere mugak, baina ahulenak gara. Nik nire momentuan kontratu hori sinatu nuen, eta ez dut kexarik. Beste edozein lanetan bezala, edo hartzen duzu edo utzi».

Baina argi du «mina eta amorrua» sentitzen dela halako akordioak sinatzean. «Nik uler dezaket agentzia batentzat egiten dudan lana haientzat izatea, azken batean eguna pagatu didatelako horregatik. Baina zergatik ezin ditut erabili nire webgunean, edo nik egindako liburu batean? Erabilera maila bat izan beharko genuke. Mugak handiegiak dira». Harago joan da. «Nik, adibidez, argazki bat egin dezaket agentzia baterako. Agentzia horrek hemendik urte batzuetara argazkia, adibidez, Coca-Colaren iragarki baterako saltzen badu, eta sekulako arrakasta izanez gero: zergatik nik ezin dut diru bat kobratu bigarren erabilera horregatik? Bidegabea da».

Aldaketak legean

Halako egoerak ikusita, Turrillasek nabarmendu du onuragarria litzatekeela nolabaiteko aldaketa bat egitea legedian, obrak ustiatzeko baldintzak gehiegizkoak ez izateko. «Desoreka bat dago, eta nik uste dut hori dela sistemaren funtsezko arazoa». Hori gainditzeko modua ustiapenerako baldintzak negoziatzeko orduan sortzailearen eskubideak gehiago babestea eta indartzea litzatekeela uste du. «Edo, behintzat, atzera bueltatzeko bideren bat ezartzea». Urmenetaren arabera, Jabetza Intelektualaren Babeserako Legea egoki aplikatzen bada, eta sormena eta autorea babesten baditu, oso tresna egokia da. «Baina hutsuneak ditu. Irizpiderik gabe eta legearen helburuari jarraitu gabe aplikatzen bada, gaizki ari gara. Ezin daitezke kasu beraren inguruan interpretazio desberdinak egon. Gainera, logika batean barruan sortzaileak babestu behar dira». Alde horretatik, ekoizpen kulturalaren estatusa irauli egin behar dela azpimarratu du Fanok. «Orekatu egin behar da. Banatzaileek irabazten dute dirua, argitaletxeek, saltzaileek... Eta sortzaileek apenas irabazten duten bizirik irauteko. Nekazaritzan gertatzen denarekin antz handia du. Baserritarrak dira etekin gutxien ateratzen dutenak».

Legeetatik harago, argitaletxe eta agentzien «ardura eta borondate kontua» ere badela esan du Fanok. «Beharbada, inozoa izango naiz, baina hortik etor daiteke konponbidea. Merkataritza harreman batetik harago, sortzaileekin duten harremana elkarlanerako harreman bat dela sinetsi beharko lukete, enpatia apur bat eduki eta bi aldeak gogobeteko dituen kontratuak sinatu».

Hori egitea ezinezkoa dela uste dutenen aurrean, Garaialdek azaldu du badirela bestelako kontratu mota batzuk, ohikoetatik harago. Berak, egun, besteak beste, Get Images agentziarako egiten du lan. Hor bi motatako akordioak dauzka. Batzuetan, lan zehatzak egiteko kontratatzen dute. «Kasu horretan ustiapen eskubidea haiena da osotasunean». Beste batzuetan, ez dute kontratatzen, eta berak bidalita edo haiek eskatuta lan batzuk egiten ditu. «Orduan, ustiapen eskubideak banatu egiten ditugu. Hau da, bi aldeek sal ditzakegu argazkiak, eta ateratzen duguna bakoitzarentzat da. Gainera, nik nahi dudanean argazki horiek beraien argazkietatik erretira ditzaket. Izan ere, nireak dira argazkiak».

Bestalde, Bostok Photoko sortzaileetako bat ere bada Garaialde, eta irizpide garbia dute: «Argazkilaria enpresan dagoen bitartean, argazkiak enpresarenak dira. Baina, uzten badu, berarekin eramaten ditu. Neurri horiek borondate kontua dira».

Gauzak ondo eginez gero halako eztabaidak ez liratekeela sortuko uste dute Fanok eta Garaialdek, eta ikuspegi irekiago bat ere eman nahi izan diete halako auziei. Hala, Garaialdek gogorarazi du copyright-a ez dela bide bakarra obrak babesteko. Hor dago, besteak beste, creative commons bidea. «Nik nire argazki gehienak hala sailkatzen ditut, erabilpen batzuk libre utzi nahi ditudalako. Betiere garbi izanda ez nagoela prest beste norbait nire argazkiekin negozioa egiteko, nik horretatik ezer jaso gabe. Izan ere, nik argazkiak eginez ateratzen dut nire bizitza aurrera. Erabilera maila bat onartzeko prest nago».

Creative commons sortu zenean hainbat buelta eman zizkion gaiari. «Niretzat nire izena aipatzea garrantzitsua da kazetaritzaren ikuspegitik. Izan ere, nire argazkia kazetaritza da, eta horrek esan nahi du subjektiboa dela, nire ikuspuntua ematen dudala». Antzera mintzatu da Fano. «Lanagatik dagokion dirua jaso eta pozik nago».

Etorkizunera begira izan daitezkeen aldaketetatik harago, helburua garbi du Urmenetak: «Eskuak moztu edo garuna liofilizatzen ez didaten bitartean, beti marraztu izan dudan bezala marraztuko dut aurrerantzean ere, Katuki Saguyakin nire grafismoak, ikonografiak, estiloak eta pertsonaiak erabiltzen. Espero dut, etorkizunean, fede txarreko kopiatzaileek eta haiei segika dabiltzanek beren irizpideen arabera marrazten ikastea».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna