Albistea entzun

Udan beteta... ...eta hustuta

Euskal Herriko kostako herriak jendez betetzen dira udan, biztanle kopurua hirukoizteraino batzuk; barnealdeko herriak, berriz, hustu egiten dira uda betean. Irailak aurrera egin ahala hartuko dute ohiko itxura.
1
1 ISABELLE MIQUELESTORENA / EZEZAGUNA

Iñaki Balerdi Toledo- Imanol Oteiza -

2016ko irailak 7 - Hondarribia -Hendaia - Barañain - Burlata

Egoera oso desberdinak ikus daitezke udan Euskal Herriko herrietan: herri batzuk neguan baino beteagoak izaten dira; batez ere, kostaldean. Beste herri batzuk ia hutsik geratzen dira bertakoak oporretara doazenean; gehienbat, barnealdekoak. Bi egoera, eta udako bi giro.

HENDAIA (LAPURDI)

53 milioi euro turismoan urtero

Uda ailegatzean, erabat aldatzen da Hendaia (Lapurdi). Hondartzako pasealekua eta, oro har, hondartza auzoa jendez betetzen dira. Turismo bulegoko zuzendari Jean Sebastien Haltyren arabera, urtean zehar 17.300 biztanle ditu herriak, eta, udan, 45.000 lagunek egiten dute lo bertan. Hori dela eta, 400 pertsona kontratatzen dituzte herriko enpresek, jatetxeek, hotelek eta uretako enpresek, kasurako. Udalak berak 100 lagun kontratatzen ditu. Guztira, 53 milioi euro uzten ditu turismoak urtero herrian, Haltyk azaldu duenez.

Herri erdiko Errepublika plazan dagoen Bidasoa jatetxea da langileak udan kontratatzen dituenetako bat, «krisiagatik negua oso zaila izan da, eta hiru pertsona kontratatu ditut Hendaiako festetarako», adierazi du Cristian Burguet jabeak. Plaza berean dago Luro zapata denda, baina hor ez dituzte langile gehiago hartzen udan, bi anai-arrebak kudeatzen dutelako negozioa. Hendaiako hondartza inguruan ibiltzen da jendetza udan, baina zentroan bisitari gutxiago dago.

Udarako hartu dituztenen artean dago Valerie Carricart, kiosko bateko langilea: «Udaran, jendea kontratatzen dute, laguntza falta delako. Hemengo jabeak beste jarduera bat du udan, eta ezin da hemen egon». Hil hauetan ez da hondartza inguruan ibiltzen, baina, «jendeak esaten» duenagatik, turista gehiago daudela azpimarratu du Carricartek. «Kanpinak beteta daude». Burguetek esan du ingelesak, belgikarrak eta frantsesak ibiltzen direla Hendaian, baita Bilbo aldekoak ere.

HONDARRIBIA (GIPUZKOA)

Turista asko, gastu gutxi

Hondarribia ere leku turistikoa da udan. Tabernen eta jatetxeen kalea da San Pedro, arrantzale auzoa ere deitua. Kale horretan dago Goxodenda jatetxea. Uda oro, hiruzpalau lagun hartzen dituzte negozioan. Hango langilea da Francisco Figueroa, eta uste du Hondarribiko jaialdiek turistak erakartzen dituztela. Kale berean dago Blagan kafetegia, eta haren jabea da Maialen Zapirain. Iaz ireki zuen negozioa, eta neska bat hartu zuen laguntza moduan. Aurten, aldiz, bera bakarrik dago kafetegian. «Hurrengo urterako norbait hartuko dut, negozioa finkatzen denean», esan du.

Iñigo Zelaiak kioskoa du San Pedron, eta hark ere ez du inor kontratatzen udan. «Familia negozioa da, eta bi pertsonarekin nahikoa dugu; ez dugu inor hartzen», zehaztu du.

Frantsesak nagusi direla bat datoz hirurak, eta, ondoren, Madril, Katalunia eta Ingalaterra aldeko bisitariak datoz.

Hondarribiak 17.000 biztanle inguru ditu urtean, baina Maria Serrano turismo zinegotziak adierazi du zaila dela udan doan jende kopurua kalkulatzea. Horretarako, parkingetan dauden auto kopurua, hoteletako ostalari kopurua eta herriko bi turismo bulegoetan eginiko kontsultak hartzen dituzte kontuan. Aurten, adibidez, 39.810 bisitari joan dira Arma plazako informazio bulegora ekainaren 1etik abuztuaren 31ra bitartean, iaz baino 3.632 gehiago.

Udako jendetzari aurre egiteko, hainbat zerbitzu aldatzen ditu udalak; esaterako, zaborren kudeaketa handitzen du.

MUNDAKA (BIZKAIA)

Surfaren ondorioz hirukoizten den herria

Bizkaiko kostaldeko herri txiki bat da Mundaka, Urdaibaiko biosferaren barruan dagoena. Neguan, 1.900 biztanle inguru ditu herriak; udan, ordea, 5.000 biztanletik gora izaten ditu, herriko turismo bulegoak azaldu duenez. Hondartzarengatik,natur inguruneagatik, arrantzale izaerako herria izateagatik eta surfarengatik biltzen du herriak jende asko: Mundakako ezker olatua Europako onenetarikotzat jotzen da, eta, horregatik, mundu osoko surflari ugari erakartzen ditu, urtero, Bizkaiko kostaldeko herri horrek. Biztanle kopurua hirukoiztu egiten denez, herria horretarako egokitu behar izaten dute udan. Horregatik, udalak hainbat lanpostu sortzen ditu uda garairako, eta, aurten, hauek kontratatu dituzte: bi udaltzain, bi teknikari —garbitasunerako, besteak beste— eta beste langile bat turismo bulegorako.

BARAÑAIN (NAFARROA)

Lantegiek utzitako hutsa

Nafarroan bizilagun gehien duten udalerrietan hirugarrena da Barañain; udan, aitzitik, guztiz husten da herria. Erdiguneko merkataritza hiribidean, jende gutxi dabil pasieran; zigarroa erretzen ari diren bizpahiru emakume salbu. Erretiratuen etxe aurreko parkean, neskato bat dago aitona-amonekin jolasean, baina, egia esateko, haurren garrasiak baino ozenagoak dira txorien txioak. Mandatuetara igorririko gaztetxoren bat ere ageri da, bederen, baina saltoki askok itxirik diraute oraindik.

«Aurtengo udan, urtero legez, jende askok Iruñerritik Erriberako eta mendialdeko herrietara ospa egin du. Han senideak dituzte bizilagun askok», adierazi du hiribideko banku batean itzalean eserita dagoen Maria Luisa Izkok.«Ekainean izaten dira herriko festak. Horiek igarota, herrian ez da ezer izaten, eta jendea kanpora joan ohi da».

Herri inguruko fabrikek ere produkzioa eteten dute udan. Aurten, uztailean izan dute oporraldia, eta herriko saltokiek nabaritu egin dute jendea kanpoan izan dela. «Normalean, abuztuan izaten dugu bezero gutxien. Aurten, halere, uztaila okerragoa izan da; Volkswagenek eta inguruko lantegiek uztailean hartu dute jai, eta belar dendara bezero gutxi etorri da», argitu du La Ventana Natural belar dendako langile Elianne Perez Garciak. Belagua janari dendako jabe Javier Flamarikek ere nabarmendu du bezeroen falta sumatu dutela uztailean, Nafarroako herri txikietara joaten baita jendea oporrak igarotzera.

Barañaingo bizilagun Laura Campok aditzera eman duenez, herriko jendeak Iruñean egiten du lan, erosketa eta besta: «Barañain lo-herria baino ez da; aste tartean hutsik egoten da, asteburuetan are gehiago, eta udan, zer esanik ez. Ostiraletan ere, oso jende gutxi irteten da kanpora afaltzera, inguruko beste herri batzuekin alderatuta».

BURLATA (NAFARROA)

Aparkatzeko arazorik ez

Burlatako kaleetan gero eta haur gehiago ageri da abuztu amaieran: nabari da eskola aurki hasiko dela. Orain arte, halere, kaleak toki isil eta bakartiak izan dira. Tabernetako terrazek ere bizitasuna falta dute: bero da, mahai guztiak hutsik daude, eta kafea edatera animatu diren pertsona urriek barnean eseri nahi izan dute, freskotasunean.

Ezkababide kalean du kafetegia Karina Fernandezek. Aurten inoiz baino jende gutxiago joan dela nabarmendu du: «Hurrengo urtean, oporrak hartuko ditugu abuztuaren lehen bi asteetan. Ez digu merezi lanean aritzea. Herritarren hutsa sumatzen dugu abuztuan, asteburuetan batez ere». Burlatako bizilagun Maria Pilar de los Arcosek aditzera eman duenez, herriko plazan ez da kasik haurrik ikusten. Igerilekuan ere sumatu du haien falta. «Jendea kanpoan dela nabaritu dut, aparkatzeko arazorik izan ez dudalako; kale osoa hutsik dago», gehitu du. «Bizilagun askok bigarren etxe bat edo senideak dituzte Nafarroako herrietan; iparraldean, bereziki. Herriko bestetarako ere ez da horrenbesteko jendetza bueltatzen». Bestek erakarrita ez bada, irailean, eskolak eta lanak ekarriko ditu bizilagunak herrira.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©ARITZ LOIOLA / FOKU

«Juan Beistegi oso zintzoa zen bere buruarekin eta besteekin»

Jakes Goikoetxea

Altxor bat izan du esku artean: Juan Beistegi komandantearen memoriak, 1936ko gerran oinarrituak. Kontaketa soila, baina oso aberatsa.
Jose Otanoren bizi-heriotzen argitaratzaile Josu Aldai, Hernaniko hilerriko kriptan. ©ZALDI ERO

Oroitzapena eta Gorazarrea

Miel A. Elustondo

Elizgizon klaretarra zen Jose Otano Miqueliz nafarra. 1936ko urriaren 23an fusilatu zuten Hernanin, hainbat apaiz abertzalerekin bateratsu. Laurogeitaka urte geroago, kongregaziokidearen urratsak berregin ditu Josu Aldai Otxoa de Olanok (Agurain, 1944), Lergan hasi eta Hernaniko kripta izugarriraino.
<em>3 Ene kantak</em> saioko aurkezle eta pertsonaiak. ETB1en eta ETB3n ematen dute. ©ETB

Ene Kantak taldekoek marrazki berriak eskatu dituzte ETBrako

Urtzi Urkizu

Ene Kantak-ek bat egin du Pantailak Euskaraz egitasmoarekin. Babes handia jaso du egitasmoak

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.