EIBAR 0. R. MADRIL 4

Logika, etsai handiegia

Eibarrek astindua jaso du Real Madrilen aurka, eta agerian geratu da bi taldeen arteko aldea zein handia den.

Partida duina jokatu dute armaginek
Dejan Lekic Eibarreko aurrelaria erabat etsita, atzo, azken aldera izan zuen aukera huts egin berritan.
Dejan Lekic Eibarreko aurrelaria erabat etsita, atzo, azken aldera izan zuen aukera huts egin berritan. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS

Aitor Manterola -

2014ko azaroak 23
Golak. 0-1: Jamesek (22. min.). 0-2: C. Ronaldok (44. min.). 0-3: Benzemak (70. min.). 0-4: C. Ronaldok, penaltiz (82. min.). Epailea. Fernandez Borbalan. Txartel horiak: Eibarreko Xabi Irureta , Arruabarrena eta Errastiri, eta Real Madrileko Sergio Ramos eta Jamesi. Bestelakoak. 5.859 ikusle Ipurua zelaian.

Eibarrek sekulako ahalegina egin zuen atzo Real Madrilen aurka, Ipuruan. Kontu jakina zen hala egingo zuela. Golak sartzeko aukera apur batzuk sortu zituen etxeko taldeak, eta ez zituen gauzatu. Sortuko zituela ere jakinekoa zen; asmatuko zuen edo ez, ez horrenbeste. Real Madrilek erasoan sekulako joa eta indarra dauka, eta atzo ere erakutsi zuen. Futbol munduko guztiek zekiten hori hala izango zela. Epaileak Real Madrilen alde egin zuen atzo ere. Eta hala gertatuko zela jakinaren gainean zegoen jendea.

Egoera horiek guztiak gertatu ziren atzo Ipuruan. Logikak hartu zuen zelaia. Logikak banatu zuen jokoa. Logikak erabaki zuen partida. Erabat logikotzat jo da Real Madrilek Ipuruan 0-4 irabaztea Eibarri. Baina merezi du agerikoa izan zen horretan arakatzea. Gauza txikiak kontatzea. Txikitasunean handi izan zelako Gaizka Garitanoren taldea. Ez zuelako emaitzak adierazten duen bezalako partida arrunta jokatu. Ezta gutxiago ere.

Nabarmendu egin behar da, ezkututik atera, futbolari izan nahi duten haurrei erakutsi egin behar zaie zenbateko ahalegina eta lana egin zuten jokalariek. Betiere, Garitanok aste osoan zehaztutako plangintzaren eta estrategiaren baitan. Jokalariek zintzo bete zituzten nagusiaren aginduak. Jakin bazekin ugazabak zer egin behar zuen aberats handikotea menderatzen saiatzeko. «Defentsako lan ona behar dugu», esan zuen bezperan. Eginahalak eta bi egin zituzten bere jokalariek entrenatzaileari hainbeste gustatzen zaion ordena oinarri hartuta.

Dena ezin estali, ordea, halako talde puska aurrean izanda. Lehen zatian, esaterako, Real Madrilek min handia egin zion Eibarri etxekoen ezker hegaletik. Handik abiatzen zen Bale barrurantz, Carvajal atzelariari lekua utziz. Eibarreko Saul Berjonek ezin izan zituen geratu aurkariaren igoerak.

Real Madril erabat egin zen baloiaren jabe, eta Eibar kontraerasoaren bila zebilen. Ikusgarria zen kanpotarren zehaztasuna teknikaren arloan. Armaginek baloia ezin kendu ia-ia. Baina kendutakoan gauzatu zituen jokaldi azkar batzuk, eta horietako batean izan zuen aukera paregabea Saul Berjonek gola sartzeko. Iker Casillasen eskuin oinak urrundu zuen baloia.

Epailearen lana, kalterako

Real Madrilek falta jaurtiketa batean esan zion Eibarri bazihoakiola, baina Xabi Iruretak urruntze doitua egin zuen. 22. minutuan, baina, atzelariek ezin geratu Cristiano Ronaldo. Jokaldi bikaina egin zuen eskuin hegalean, eta jokoz kanpo zegoen Benzemaren pasea Jamesi eman zion portugaldarrak atearen beste aldean. Gola. 0-1. Lehen zatia amaitzear zela sartu zuen bigarrena Cristiano Ronaldok, eta hantxe itzali zen etxekoen su indartsuena.

Bigarren zatian, beste bi gol egin zizkion Real Madrilek, emaitza gehitxo puzteko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna