Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Bizigiro Teknologiaz jantzia

Publizitatea

Bizigiro

Teknologiaz jantzia

Google Glass betaurrekoek huts egin badute ere, elektronika jantzigarria hemen dago, eta etorkizun oparoa aurreikusi diote. Euskal Herrian talde batean bildu dira horretan dabiltzan diseinatzaile, aditu, teknologo eta saltzaileak.
1
1 LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS

2015-01-28 / Edu Lartzanguren

Orduan 16 urte nituen. Erentxungo urtegian [Araba] igerian ari nintzen, eta giharretako tiratu bat izan nuen. Izutu nintzen; hondoratzen hasi nintzen. Azkenean, lehorrera ateratzea lortu nuen, baina traumaturik geratu nintzen». Berni Gonzalez de Zaratek kontatu du hori. Urte batzuk geroago, arropa diseinatzaile bihurturik, bizitzak salba ditzakeen gerriko bat sortu du, gertaera hark eraginda. Moda munduko aurreratuenak horretan dabiltza: teknologia eta oihalak nahastuta, elektronika jantzigarria diseinatzen eta garatzen.

Bi Nik moda enpresako burua da Gonzalez de Zarate. Bi prototipo egin ditu: gerrikoa eta gerriko zorroa. Soka bati tiratuta, puztu eta flotagailu bihurtzen da. Bestea, automatikoa da, bustitzen denean berez betetzen da airez. Puztu gabe daudenean, gerriko eta zorro arruntak dirudite, zainduak estetika aldetik. Merkaturatzeko moduan daude jada. Arrantzaleak, sorosleak eta halakoak ditu gogoan diseinatzaileak; «askotan, txalekoak kenduta ibiltzen dira, traba egiten dietelako. Honekin, jantzi eta ahaztu».

Ingelesez, wearables esaten diete halakoei, hau da, jantzigarriak. Eta sekulako aukerak dituen esploratu gabeko eremua dirudien arren, albiste txarrak jaso dira asteotan. Elektronika jantzigarriaren ikur nagusia Google Glass betaurrekoak izan dira, 2012. urtetik, Interneteko bilatzaileak zarata handiz iragarri zituenetik. Urtarrilaren 19an merkatutik kendu zituen Googlek, erloju adimendunen alorrean zentratzeko.

«Google Glassek huts egin dute jendea ez dagoelako oraindik horretarako prest», dio Paola Guimerans artista, irakasle eta elektronika jantzigarrien ikertzaile galiziarrak. Ohituta gaude elektronika eskuarekin gobernatzera, baina izutu egiten gaitu hurbilegi jartzeak, begietan, esaterako. Halere, Googleren betaurrekoak «itzuli» egingo direlakoan dago Guimerans, agian kasko gisa, eraztun edo eskumuturreko bihurtuta; «Nork daki?». Ez da jantzigarrien porrota, beraz, baizik eta gizakien eta teknologiaren arteko harremanen fasearen proba bat. Domotikan eta beste alorretan izaten diren aurrerakuntzekin bezala gertatu da. «Ikerketa eremu bat zabaltzen denean, eta gizakien portaerak tartean direnean, beti gertatzen da apustu batzuek huts egitea». Adituaren arabera, gauza batzuk onartu egingo dituzte erabiltzaileek; esaterako, poltsen barruan argiak izatea, gauzak errazago aurkitzeko. Baina, agian, gona batean argiak jartzeak ez du halako arrakastarik izango, Guimeransek dioenez.

Besteak beste, New Yorkeko (AEB) Parsonseko New Schoolen ikasi du Guimeransek. Europara itzulita, Euskal Herria aukeratu zuen, «bakarrik hemen egin dutelako apustua berrikuntzaren alde, eta aukera eman didatelako ikasitakoa aplikatzeko».

Zubigiletzat dauka bere burua. Izan ere, moda diseinatzaileak eta teknologian adituak koordinatzen dabil, Bilbao Fashion Tech Lab taldean (BTF Lab). Joan zen ostegunean, EHUko Bizkaiko campusean bildu zituen Gonzalez de Zarate eta jantzigarrien munduan dabiltzan beste diseinatzaile, enpresa zein teknologo, modaz eta etorkizunaz mintzatzeko.

Argi ibiltzeko txamarra

BFT Lab taldekoa da Skunkfunk moda etxea. Hango diseinu saileko buru Alvaro Razkinek txamarra bat diseinatu du, bizikletaz dabiltzanentzat. Islatzaile izateaz gain, berezko argia du, txirrindularia ikusgarriago egiteko. LED argiak ditu ezkerreko maukaren muturretik eskuineko maukaren muturrera, bizkarretik pasatuta. Horrez gain, tinta hidrokromikoak erabili dituzte: txamarra bustitzen denean, marrazkia galtzen du, argitasun handiagoa isla dezan. 2016. urterako merkaturatuko dute tinta hidrokromikoak dituena, baina argirik gabe. Izan ere, ingurumen ziurtagiria lortu nahi dute, eta oraindik ez dute bateria birziklatzeko sistema eratu.

Razkinek dioenez, Skunkfunken ez dituzte jantzigarriak moda osagai edo apaingarri gisa ulertzen. Hurbilago daude, osasun arlorako garaturiko jantzigarrietatik. Ideia batzuk baztertu egin dituzte: gorputzaren tenperaturaren arabera kolorea aldatzen zuen soinekoa, esaterako, «ez zuelako oso mezu positiboa ematen». Bizikletaz mugitzen diren bezero asko dituztela eta, horiengan pentsatu dute. «Beti nahi izan dugu jantziek erabilera bat baino gehiago izatea, eta jantzigarriek aukerak handitu dizkigute», dio.

Ez apaingarria, baizik eta funtzioa. Hori da bidea, baita Guimeransentzat ere. «Erabiltzaileak, gaur, funtzio bat izatea eskatzen dio jantzigarri bati, lagunduko dion zerbait, bizitza errazteko. Behar bati erantzuna eman behar diozu». Adituaren arabera, merkatua badago, eta aurrerapenak, baina erabiltzaileek poliki ari dira teknologiak onartzen.

Teknologoen eginkizuna

«Gailuok jantzi batean sartzerik zegoenik ere ez nekien, baina diseinatzaileek badakite hori nola egin», dio Svet Ivantxev bulgariarrak. Software librea garatzen lan egiten du, eta ez zuen modaren mundua ezagutzen taldean parte hartzen hasi aurretik. «Moda enpresetako batzuk teknologiatik oso urrun daude, eta ez dakite zeintzuk diren aukerak», dio. Hor sartzen da teknologoa: diseinatzaileek pentsatu ere egin ez dituzten aukeren berri emateko, «ezinezko» ideiak baztertzeko eta egingarriak direnak gauzatzen laguntzeko.

Mercedes de Miguel diseinatzailearen soineko baten alde teknologikoa garatu du Ivantxevek. Ordenagailu txiki bat du jantziak, Intelen Edison plaka bat, hiru zentimetrokoa. Telefonotik zuzenean edo Twitterren bidez, lur, ur, aire edo su mezuak bidaltzen dizkiotenean, elementu horiek irudikatzen ditu oihalak, LED argien bidez. Gainera, haizearen uneko abiadaren arabera mugitzen dira koloreak, Bilboko aireportuko meteorologia datuei jarraiki.

«Noski, jantzi hau ez duzu erabiliko erosketak egiteko, baina, esaterako, pop abeslari batek eraman zezakeen agertokian, eta haren zaleek elkarreragin zezaketen soinekoarekin», dio Mercedes de Miguel diseinatzaileak. «Etorkizunean sinesten dugulako ari gara jantzigarrien munduan sartzen». Inspirazioa Gosearen jokoen eleberri eta film futuristetako soinekoak hartu duten galdetuta, «apur bat, bai» erantzun du. «Artearen eta teknologiaren arteko zerbait sortu nahi genuen».

Jantzi adimendunak sortuko dituztela dio, hori dela bidea. «Esaterako, neguan berotu eta udan freskatuko zaituztenak laster ikusiko ditugu kalean». Erabiltzailea norbaitek besarkatzen duenean, haren besoen marrazkia gordeko duten arropekin egiten du amets De Miguelek: «Sentitzen lagunduko duten jantziak, azken batean». Diseinatzaileak dioenez, arropa ez dugu janzteko erosten, baizik eta «ilusioa sortzeko, aldatzeko». Jantzigarriek aukera ematen dute «beste modu batean aldatzeko».

Jantzigarrietan arriskuak ere badirela dio Gonzalez de Zarate diseinatzaileak. «Ikusi behar dugu noraino hel gaitezkeen. Izan ere, sortu diren jantzigarri batzuek zalantzak sortzen dituzte: jendea kontrolatzeko GPSak eta halakoak».

Bi ildo ikusten ditu Ivantxev teknologoak jantzigarrien etorkizunean: estetikoa eta praktikoa. «Norberaren gorputzaren eta osasunaren datuak jasotzen dituzten jantzigarriek sekulako garrantzia izango dute, batez ere adineko jendearentzat, aukera emango digutelako bistakoak ez diren sintomak atzemateko gaitzak garatu aurretik». Geroan estetikak eta funtzioak bat egingo dutelakoan dago Ivantxev.

Eszeptikoei, belkroaren historia ekarri nahi die gogora teknologoak. Belkroa, hasieran, astronautentzat erabiltzen zuten, ezin zituztelako jantziak itxi eskularru lodiekin. «Gaur, edonon dago belkroa; litekeena da jantzigarriek bide bera jarraitzea». Horretarako arazorik handiena bateriak dira, mugak dituztelako eta kutsagarriak direlako, baina, noski, horrek gailu elektroniko orori eragiten dio, ez bakarrik jantzigarriei, eta aurrerapenak espero dira horretan.

Software eta hardware irekiak funtsezkoak dira horretarako: Arduino kit-ak, Raspberry Pi ordenagailu merkeak eta Intelek jantzigarrietarako propio diseinaturiko Edison plakak aukera ematen diote edonori behar duen gailua sortzeko eta merkaturatzeko. Jantzigarrien etorkizuna hemen dago jada. Denok ziborg bihurtzea, hau da, teknologia geure gorputzean txertatzea, hori ere etorriko dela dio Guimeransek, baina, urte gehiago beharko ditu.

Publizitatea

Sortu kontua
Edu Lartzanguren Edu Lartzanguren

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak