Autokontsumoa oztopatuz

Espainiako Gobernuak autokontsumo energetikoaren inguruan onartu nahi duen egitasmoak kezka eragin du energia fotovoltaikoa sortzen duten ekoizleen artean. Besteak beste, ordainsari bat ezarri nahi die sortzen duten energiagatik, eta ez die inolako hobaririk eman nahi.
Angel Hurtado Zizur Txikiko etxebizitza batean jarritako plaken aurrean. Trabak egon arren, badira horien alde egiten dutenak.
Angel Hurtado Zizur Txikiko etxebizitza batean jarritako plaken aurrean. Trabak egon arren, badira horien alde egiten dutenak. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS

Ainara Arratibel Gascon -

2015eko ekainak 19
Zentzugabea, kezkagarria, atzerakoia... Energia aditu eta talde ekologista askok halaxe definitu dute Espainiako Gobernuak autokontsumo energetikoa arautzeko egin duen azken lege zirriborroa. Hiru urte dira lan horretan ari dela, baina legegintzaldia amaitzear dagoela onartu nahi du. «Europako herrialde gehienak eguzki energia eta autokontsumo energetikoa bultzatzen ari dira; guri, ordea, oztopoak jartzen ari zaizkigu, energia konpainien interesen mesedetan», salatu du Jose Antonio Cabrerok, energia fotovoltaikoa ekoizten duten erabiltzaileak biltzen dituen elkarteko Nafarroako ordezkariak.

Erreforma energetiko bat egin zuen Espainiako Gobernuak 2013an, eta bertan jaso zuen autokontsumo energetikoa arautzeko beharra. Jose Manuel Soria Industria ministroak hasieratik esan zuen zein zen erreformaren eta ondoren hartuko ziren neurrien helburua: defizit elektrikoa gutxitzea. Soriaren ustez, energia berriztagarriek izandako garapenak ez zuen horretan laguntzen. Alderantziz, hitz artean esan zuen energia berriztagarriak «arazo bat» zirela. Hori kontuan hartuta, oposizioko alderdiek, talde ekologistek eta energia berriztagarrien sektoreak kezka agertu zuten autokontsumoaren inguruan Espainiako Gobernuak har zitzakeen neurrian inguruan. Lege zirriborroan jasotzen denak kezka horiek areagotu ditu.

Espainiako Gobernuak onartu nahi duen egitasmoak hiru ardatz ditu. Batetik, autokontsumoaren alde egiten duten ekoizleek ordainsari bat pagatu beharko dute ekoitzi eta kontsumitutako energiagatik. «Elkartasun kontua da, haiek ere erabiltzen baitute sare elektrikoa, eta beste edozeinek bezala ordaindu egin behar dute horren mantenuagatik», defendatu zuen Soriak. Bestalde, ordainsaria ezarriko da paneletan bateria edo energia pilatzen duten gailuak jartzeagatik. Gailu edo bateria horietan pilatzen den energia eguzkia ez dagoen orduetan erabiltzen dute autokontsumoa egiten duten erabiltzaileek. Gainera, autokontsumoa egiten dutenek ez dute hobaririk jasoko sortzen duten gehiegizko energia sare orokorrera bideratzeagatik. Jaso nahi badute, enpresa bat sortu beharko dute, merkataritza erregistroan izena eman, eta BEZa ordaindu.

Hego Euskal Herrian kexuak nagusi izan arren, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan oso bestelakoa da egoera. Han, autokontsumoa bultzatzen ari dira. Gainera, Frantziako Gobernuak duela gutxi ezarritako araudiaren arabera, eraikin komertzial berriek eguzki panelak izan beharko dituzte. Horrela, eraikin horiek, energia sortu, eta haien elektrizitate kostua gutxitu nahi dute. Neurri hori eraikin berri guztietara zabaltzea nahi dute ekologistek.

Azken urte hauetan, hainbat zirriborro izan ditu esku artean Espainiako Gobernuak. «Neurri batean, estrategia kontu bat izan da, legeztatua ez zegoenez jende askok nahiago izan duelako zain egon panelak jartzeko», uste du Gorka Bueno EHUko irakasle eta energian adituak. Zirriborro bat izan arren, «kezkaz» ikusten du Cabrerok egitasmoa, eta argi du zein den Espainiako Gobernuaren helburua: «Beldurra sartu nahi diete autokontsumoaren alde apustu egin nahi dutenei. Izan ere, zirriborroa aurrera aterako balitz, ekoizle arrunt batek 31 bat urte beharko lituzke plakak jartzerakoan egindako inbertsioa berreskuratzeko. Hori jakinda, asko hasiak dira dagoeneko atzera egiten». Goiener energia enpresak ere ez du egoki ikusten Madrilen apustua. «Guk beti egin dugu apustu eredu energetikoa aldatzearen alde, eta hau atzerapauso bat iruditzen zaigu», nabarmendu du Alex Lopezek, enpresaren bazkide sortzaileetako batek. «Gure ustez, autokontsumoa erregulatu egin behar da, lege babes bat izan behar du. Izan ere, orain arte hutsune bat egon da alor horretan, erdizka arautu baita. Baina argi dago araudi hau ez dela egokia, interes ekonomikoak sozialei gailendu zaizkielako».

Espainiako Gobernuaren asmoa «penaz» ikusten du, aldiz, Angel Hurtadok, Solarfam enpresako ingeniariak. Eguzki plakak jartzen ditu enpresa horrek. «Ingurumenaren eta ekonomiaren ikuspegitik oso beharrezkoa da autokontsumoa, eta zirriborroan jasotzen denak ez du hori bultzatzen». Baina ikuspegi baikorrago bat eman nahi izan du. «Trabak eta zalantzak egon arren, asko dira energia fotovoltaikoaren alde egiten ari direnak. Guk, adibidez, Lodosan hainbat plaka jarriko ditugu Gumendi Produktu Ekologikoak enpresan. Hogei familiak adina energia autokontsumituko dute».

Madrilen asmoen aurrean, lau adituen arabera ezinbestekoa da energia eredua aldatzea. Hala, Buenok argi du zer egin behar den hori lortzeko. «Klima aldaketari eta baliabide fosilen agortzeari aurre egiteko, osorik karbonogabetu behar dugu mende erdirako ekonomia».

Balantze netorik gabe

Zirriborrotik Buenori gehien kezkatzen diona energia balantze netoa egiteko aukerarik ez ematea da. «Balantze hori sortzen eta kontsumitzen denaren arteko aldea da. Balantzea positiboa bada, fakturaren bidez kitatzen da. Urte osoko balantzea kontuan hartuta egitea litzateke onena, baina ez da egiten. Horrenbestez, soberan geratutako energia oparitu egin behar duzu. Beste leku askotan, balantze hori onartzen da, baina hemen guztiz murriztuta dago, elektriken interesengatik».

Autokontsumoa egiten dutenei ordainsaria jartzeko arrazoia azpiegituren erabilera izatea «aitzakia hutsa»iruditzen zaio. «Kontsumitzaile guztiok onartzen dugu sare orokorrerako sarbidea ordaindu behar dugula, baina ez bi aldiz, autokontsumoa egiten dutenekin egin nahi duten bezala. Izan ere, kontsumitzaile eta ekoizle moduan kobratu nahi diete. Autokontsumoagatik kobratzea zentzugabea da. Egin nahi dutena oso gogorra da. Izan ere, eskala txikiko ekoizleei egiten die batez ere min».

Baterien erabilera zergapetzea ere «bidegabea» iruditzen zaio Cabrerori: «Europako zuzentarauek diote banandutako energia sorkuntza erraztu eta bultzatu behar dela, eta, horretarako, ezinbestekoa da energia metatzeko eta gordetzeko sistemak bultzatzea; hau da, bateriak. Nahiz eta bateriek ere beren mugak dituzten». Lopezek gogorarazi du, gainera, bateriek aukera emango luketela balantze netoa egiteko. «Baina ez dute nahi. Gainera, bateriak baimenduz gero, energia konpainiak beldur dira bezero gehiago galduko ez ote dituzten, eta horregatik zergapetu nahi dituzte. Autokontsumorako utziko duten aukera bakarra saretik deskonektatzea da, eta horrek energetikoki isolatu egiten zaitu».

Bestalde, lauretako batek ere ez du egoki ikusten sobratutako energia sare orokorrera bideratzeagatik hobaririk edo abantailarik ez jasotzea. «Behintzat, zuk emandako watt bakoitzeko bat eman beharko lizukete doan saretik. Sistemarik bidezkoena da hori, eta posible da teknikoki. Hori ez egiteko erabiltzen dituzten arrazoiak aitzakia dira», nabarmendu du Lopezek. Horri lotuta, argi du Espainiako Gobernuak ez duela autokontsumoari buruzko eztabaida bat zabaldu. «Horretan ere inposaketaren bidea aukeratu du».

Gainera, Lopezek gogorarazi du orain hartutako erabakien ondorioak etorkizunean ordaindu beharko direla. «Legeak arrazoia emango digu, baina, bitartean, aukerak galtzen ari gara». Iritzi bera eman du Cabrerok. «Beste herrialdeak beren bidea egiten ari diren bitartean, guk orain arteko eredutik askatu ezinda jarraitzen dugu».

Bestelako aukera batzuk ere galtzen ari direla gogorarazi du. «Adibidez, lanpostu ugari sortuko lirateke energia fotovoltaikoa bultzatuta. Lanpostu horiek, gainera, jasangarriak eta errentagarriak izango lirateke». Enpresei ere erreparatu die. «Enpresa dezente itxi dira krisi garaian energiaren prezioan izandako igoera dela eta; azken batean, fakturak ezin ordaintzeagatik. Beraien energia sortu ahal izango balute, askoz diru gehiago aurreztuko lukete, eta merkatuan lehiakorragoak izango lirateke». Gainera, Hurtadok gogorarazi du herrialde baten dependentzia energetikoa txikiagoa dela autokontsumoaren alde eginez gero. «Norbanakoen kasuan ere gutxitu egiten da dependentzia hori, eta egun fakturarekin ditugun gorabeherak kontuan hartuta, oso inportantea da hori». Horri lotuta, azaldu du autokontsumoan inbertitutako euro bakoitzeko %10 inguruko errentagarritasuna lortzen duela enpresa batek, eta norbanako batek, gutxienez %1-%2.

Bestalde, azken urteetan energia fotovoltaikoa sortzeko azpiegituren prezioak izandako jaitsiera berretsi du Buenok. «10 urtean, zelula fotovoltaikoen prezioa %85 jaitsi da, eta sistemaren prezioak harekin batera egin du behera, ia %70. Autokontsumoa erraztu eta erregulatuko balitz, elektrizitate fotovoltaikoak ez luke laguntzarik beharko une honetan». Gainera, eta prezioei lotuta, 2013an akordio bat sinatu zuen Txinarekin Europako Batasunak, handik ekarritako panelei buruzkoa. «Oso prezio baxuan ekartzen dira».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna