Albistea entzun

Etorkizuna gaur da, gaur

1989ko 'Back to The Future II' filmean 2015eko urriaren 21era bidaiatzen dute protagonistek. Iragarpen batzuetan asmatu dute, eta besteetan ez. Zientzia fikzioko beste film klasiko askok ere egin dituzte etorkizuneko iragarpenak.
1
1 BERRIA / BERRIA

Urtzi Urkizu -

2015eko urriak 21 - Donostia

Steven Spielbergek ekoitzi eta Robert Zemeckisek zuzendutako Back to The future II filmean Marty McFly, Jennifer Parker eta Emmet Brown Doc doktorea DeLorean autoan igotzen dira, etorkizunean Marty (Michael J. Fox) eta Jenniferren (Elisabeth Shue) seme-alabak arriskuan direlakoan. Aurreneko zatian denboran atzera egiten zuten bezala, bigarrenean denboran aurrera egiten dute. Nora? 2015eko urriaren 21era. Gaurko egunera, alegia. 1989an estreinatu zuten pelikula. Eta urte horretan gehien ikusi zirenetatik bigarrena izan zen. Deigarria da ikustea nola irudikatzen zuten gaurko gizartea —Ameriketako Estatu Batuetakoa—. Zertan asmatu zuten Bob Gale eta Zemeckis gidoilariek, eta zertan ez. Pelikulan agertzen zen iragarpenetako bat imitatzeko ahalegina igar daiteke Hendo konpainiak sortu duen patinete hegalariaren prototipoan. Iaz aurkeztu zuten patinetea, nahiz eta, hegan baino gehiago, «airean igeri» egiten duen sistema elektromagnetiko bati esker. Aldiz, patinete hegalariaren zain dagoela dio Koldo Almandoz zinemagileak.

Oinera bakarrik egokitzen eta lotzen diren zapatilak janzten zituen filmean McFlyk. Eta Nike markak halakoak sortu ditu. Hain zuzen ere, gaur jarriko ditu salgai Nike Air MAG zapatilak.

Back to The Future II-ko 2015ean, bideo bidezko deiak egiten dituzte pertsonaiek. Horretan egoki asmatu zuten gidoilariek, urteak baitira Skype bidez mota horretako komunikazioa posible dena. Etorkizunaren irudikatze hartan, ordea, ez zen Internetik, ezta sakelako telefonorik ere. Asmatu ez zuten iragarpen bat txakurrak kalera paseatzera eramaten dituzten uhal robotikoak dira.

Filmeko eszena batean, McFlyk sekulako ikara unea bizi du, Jaws filmeko 19. zatiaren hologramak irentsi egiten baitu ia. Sailarekin ez zuten asmatu, laugarren zatira baino ez baitzen iritsi. Hala ere, 2011n marrazo beldurgarri baten inguruko hiru dimentsioko film bat egin zuten. Hologramak dezente garatuta daude egun. «Hiru dimentsioko zinema modan dago, gero eta gehiago, zoritxarrez», Santi Leone irakasle eta zinemazalearen ustetan.

Moda kontuetan, Zemeckisek ideia originalak eraman zituen pantailara, baina ez dira oraino heldu. Bera bakarrik lehortzen den jakarik ez dago salgai dendetan. Eta, oraingoz, ez dira modan jarri ez gorbata bikoitza, ez urrezko euritakoa. Spielbergek ekoitzitako filmean protagonistek errealitate birtualeko betaurrekoak janzten dituzte. Doc doktoreak (Christopher Lloyd) Hill Valley herria ikusten du betaurreko berezi batzuekin, errealitate areagotuarekin. Halako betaurrekoetan ari dira lanean Google eta beste hainbat enpresa, hain justu, 2015. urtean.

Back to The Future II filmak hegan egiten duten autoekin ez zuen asmatu. Auto ilarak oraindik ere errepideetan gertatu ohi dira, eta ez hodei artean. Iban Zaldua idazlearen iritziz, aurrerapenak egitea oso zaila da: «Kasu honetan, gogoangarriagoak dira errealitate bihurtu ez diren kontuak —auto hegalariak— asmatu zituenak baino: zelatatzen gaituzten kameren nolanahikotasuna, informatizazioaren zabalkuntza eta abar».

Ilargiko izaki harrigarriak

Urruneko etorkizuna irudikatzen zuen literaturari jarraituz, zinemaren ia hastapenetan heldu zioten zinemagileek zientzia fikzioko lanak egiteari. Orainetik aldentzen ziren munduak irudikatzeari. Georges Melies magoaren Le voyage dans la lune filma, denen artean aitzindari. 1902. urtean ilargira egindako espedizio bat kontatu zuen, Jules Verneren De la terre à la lune (1865) eta H. G. Wellsen The First Men in The Moon (1901) liburuetan oinarrituz. Astronomo bilkura baten ostean, arduradun nagusiak Ilargira bidaia bat egitea proposatzen du. Sei astronomo Ilargiraino iritsiko dira kapsula batean. Han dira selenitak, astronomoei aurre eginaz. Ilargiko zeluloidezko bidaia gehiago iritsi ziren hurrengo urteetan: Fritz Langen Woman in The Moon (1929) filmak ondo samar asmatu zuen 40 urte geroago gertatuko zena. 1950. urtean, zientzia ikuspegiz busti zuen Irving Pichelek Destination Moon zinta. Asmatu zuen Ameriketako Estatu Batuena izango zela Ilargira iritsiko zen lehen espedizioa. Baina egitasmo pribatuko misio bat irudikatu zuen, eta horretan ez zuen asmatu.

Gizakia Ilargira iristear zegoela, Stanley Kubrick zinemagileak 2001: A Space Odyssey filma egin zuen, 1968an. Planteamendu interesgarriak egin zituen Kubrickek espazioko bidaian, Arthur C. Clarkeren eleberrian oinarrituz. XXI. mendearen hasieran gizakia Jupiter ingurura iritsiko zela irudikatzen zuen; urrun du gizakiak hori lortzea. «Espazioaren esplorazioa abiada handiagoz gertatuko dela aurreikusteko joera okerra izan dugu, orain arte behintzat», dio Zalduak. Adimen artifizialaren planteamendua ez da oraino bete, baina horretan ari dira lanean ikerlariak. Dena den, bideo konferentziak, tabletak eta beste aurrerakuntza batzuk badaude gaur, filmean azaltzen ziren bezalakoak.

Zalduari iruditzen zaio «oso zaila» dela asmatzea, «ia ezinezkoa, ez behintzat epe luzeegira begira». 1950eko eta 1960ko hamarkadetako filmak jarri ditu adibidetzat: «Film haietan, ordenagailu pertsonalen garapena apenas aurreikusten den; are gutxiago, eramangarriena edo sakelako telefonoena».

Zientzia fikzioko filmetan, gailu teknologiko eta espazioko bidaiak ez ezik, etorkizuneko hiriak ere irudikatu izan dituzte. Fritz Langen Metropolis (1926) filmean hiritzar bat irudikatzen du zuzendariak, langile klasearen eta ugazaben arteko krisi soziala agerian dela. Beharginak lur azpian bizi dira, hiriari eusten dioten makinetan gau eta egun lanean, gainazalera ateratzeko debekuarekin. Gainazalean, jabe eta pentsalarien klasea bizi da, luxuzko etxe orratzetan. 2026. urtea irudikatzen du Langek. XXI. mendearen erretratu sozial gisa badu indarra. Metafora gisa, nahi bada.

Zientzia fikzioko generoan irudikatutako hiri klasiko bat bada, hori Blade Runner-eko (1982) Los Angeles da —2019an girotuta—. Almandozek film «liluragarritzat» du: «Interpretazio ugari ditu: erreplikanteak, ezberdinaren eta berdinaren arteko hausnarketa, gizarte mailak...». Gizaki artifizialen sorkuntzan ez du asmatu Scotten zintak. Oraingoz.

Leoneren ustez, giroa irudikatzen ederki asmatu dute zenbait filmek: « Gure fantasiak makinen bidez, birtualki asetzeko joera —Total Recall—; nortasunaren gaineko zalantzak —Blade Runner—; arras aberatsen eta arras pobreen arteko bereizketa erabaketakoa —Soylent Green, Elysium—». Gattaca eta Her goraipatu dituzte Almandozek eta Zalduak. Zalduaren ustez, adimen artifizialari buruz egin den lan «iradokitzaileenetakoa» da Her.

Errepresioaren ahalmena

Bai Leonek bai Zalduak Steven Spielbergen Minority Report (2002) nabarmendu dute. «Estatuen errepresio ahalmenaren zabalkuntza mugagabea topikoa izan da film askotan, eta Spielbergen filmak meritua du, kontuan hartuz 1956ko Philip K. Dicken ipuin batean oinarrituta dagoela», dio Zalduak. Leonek «kontrolpeko gizarte ultraseguruaren» adibidetzat jo du. Poliziak hiltzaileek euren hilketak gauzatu aurretik atxilotu eta epaitzeko helburuz teknologia erabiltzen du filmean —2054an—. Teknologia hori gabe, halako atxiloketen albisteak entzun dira 2015ean.

Zalduaren iritziz, orainari buruz beste era batean edo beste talaia batetik aritzeko modua da zientzia fikzioa. «Ez dugu hainbeste fijatu behar etorkizun hurbilaz edo urrunaz dioskun horretan, gure garaiari dioskunean baizik».

Etorkizuna ez dago idatzita. Eta zineman edozerk tokia duela iruditzen zaio Almandozi: «Iraganak ez bezala, etorkizunak askatasuna ahalbidetzen du». Asmatu ala ez. Leoneren arabera, gogoeta serioak eginda ere, zientzia fikzioak badu «josteta puntu handi bat, errealismo tristetik bereizten duena».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Arturo Campion euskaltegiaren 50. urteurrenaren besta, atzo. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Beste hamaika istorio bizitzear

Yasmine Khris

IKA Iruñeko Arturo Campion euskaltegiaren 50. urteurrena kari, egun osoko besta egin dute. «Etxea» aurkitu zutela gogoratzera joan dira ikasle berriak, ikasle ohiak eta irakasleak.
 ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

«Albokari izaera mitologikoa eman zaio: benetan, jotzea ez da hain gaitza»

Amaia Igartua Aristondo

Kantuak entzuten, eta partitura irakurtezinek lagunduta: hala ikasi du alboka jotzen Koteronek. Autodidakta izan da: tresnaren inguruan ezer gutxi egon denez, sortuz joan behar izan du, beste batzuekin batera. Filosofia irakaslea da ogibidez.
Paul Verhoeven zinemagilearen <em>Benedetta</em> filma (2021) euskarazko azpidatziekin ikus daiteke Movistar Plusen. ©BERRIA

Movistar Plusen 148 film azpidatzi zituzten euskaraz 2021. urtean

Urtzi Urkizu

Iaz, 31 telesailetako 279 atalen euskarazko azpidatziak jarri zituen plataformak. Konpainiak 2014an hasi zuen akordioa Jaurlaritzarekin

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...