Albistea entzun

Periferiatik jotzen du haizeak

Sonar jaialdian, jatorri eta molde ezohikodun artistenak izan dira ekarpen interesgarri asko. Aitor Etxebarriaren 'Markak' proiektuak harrera beroa izan du.
Zazpi musikarik aurkeztu zuten <em>Markak</em>, ia hierarkiarik ezarri gabe. Eskuinetik hasita bigarrena da Aitor Etxebarria, teklatuekin.
Zazpi musikarik aurkeztu zuten Markak, ia hierarkiarik ezarri gabe. Eskuinetik hasita bigarrena da Aitor Etxebarria, teklatuekin. SONAR

Danel Agirre -

2017ko ekainak 20 - Bartzelona

Agertoki bakoitzaren sarreran, tokian tokiko emanaldien ordutegiak zerrendatzen dituen taulan, artistaren izenaren alboan herritartasuna nabarmentzeko ohitura du Sonarrek. Bi hizkirekin egiten du, parentesi artean, ingelesez. Duela hamar urte eskas, musika eta sormen garaikideari tenperatura hartzen dion Bartzelonako jaialdia bost herrialdek zuten monopolizatuta: US (Estatu Batuak), UK (Erresuma Batua), DE (Alemania) eta ES (Katalunia eta Espainia). Joan den asteburuan ospatu zen aldian, LB (Libano), KR (Korea), TN (Tunisia) eta VE (Venezuela) akronimoak topa zitzakeen bisitariak, beste askoren artean. Herrialde hegemonikoetako artista asko ere atzerrian jaioak edo lehen belaunaldiko etorkinak ziren. Sonar ez da folkloreari tokia egiten hasi. Emari erakargarri eta berritzaileena periferiatik datozen artistena izan da.

Antolakuntzak Euskal Herria termino horietan kontuan izango balu, EH ere (edo BC, ingelesez) agertuko litzateke aurten paneletan, birritan. 2012an, Aitor Etxebarriak El_Txef_A goitizenarekin argitaratutako Slow dancing in a burning room diskoa zuzenean nahastu zuen ostegun eguerdi batean, jaialdi hasierarako han zeudenentzat. Ravaleko MACBA alboan aurkeztu ohi zuen orduan Sonarrek eguneko programa. Biltzen ziren jendetzei tokia egiteko, Plaça d'Espanyara mugitu zen urtebete beranduago. Jaialdia bezala, gernikarra ere hazi dela sinbolizatzen du ostiraleko bere bigarren bisita Sonar Complex delakoan programatu izanak. Eserlekuak dituen agertoki bakarra da, zentzumenen arreta handiena eskatzen duten ikuskizunei gordetzen zaiena. Badu mugarritik zerbait hara ailegatzeak. Orain arte, Delorean zen, gauez, festa giroan eta atari zabalean, Sonarrean agerraldi aipagarriena egindako euskal ordezkaria. Munduko jaialdi entzutetsuenetako bateko espazio helduenetan Markak-en moduko bazterreko egitasmoentzat tokia badela egiaztatzea ez da berri makala.

El_Txef_Aren house doinuetatik, elektronika eta instrumentazio klasikoagoa uztartzen dituen emanaldi batera jauzi egin du Etxebarriak. Markak dokumentalaren soinu banda pieza berri pare batekin osatu zuten oholtzara igo ziren zazpi musikari zailduek. Trinkotasun deigarriaz, Bilboko estreinaldia bezperan izan zutela jakinda. Emaitza ederra da, eta hala aitortu zieten bertaratutakoek txaloaldi luzearekin.

Zapatu bazkalostean, Telmo Trenor donostiarra izan zen (Ttun Ttun Brigaderen kamiseta eta guzti) eguzki-galdari aurre egitera ausartu zirenak dantzan ipini zituena. Hip hopa, funka eta beste hainbat doinu zuzeneko ekarpenekin lagundu zituen.

Rocka baino parekideago

Datorren astebururako kontratatutako talde guztien artean emakume bakarra arituko dela justifikatzen saiatzeko, musika molde jakin batzuetan aniztasuna sustatzearen zailtasuna aipatu zuten aitzakia moduan Azkena Rock jaialdiko antolatzaileek. Sonarrak nahita ere ezingo luke hain sexista izan. Doinu eta molde abangoardistak lantzen ari diren artisten artean parekidetasuna ez dago urrun. Aurtengo kartelean, ia hamarretik lau ziren emakumeak Bartzelonan. Gehienak ekarpenik berritzaileenak eskaini dituztenen artean egon dira.

Sonarraren publikoaren zati batek, kontserbadoreenak, badu Azkena Rockekoarenaren tankerarik. Dagoeneko berritzailetik ezer gutxi duten technoa eta housea exijitzen ditu. Sarreren salmenta ziurtatzeko, 4x4 erritmo klasikoei tarte zabala gorde ohi zaie oraindik Bartzelonan. Hala ez balitz, dagoeneko jaialdi guztiz parekidea litzateke ziur asko Sonar. Eta are koloretsuagoa.

DAWN eta Princess Nokiak ostegunean programa zabaldu, eta zetozen egunetan mantentzea kostatu zen zirrara maila ezarri zuten. Estatu Batuetan jaioak izanagatik eta R&Betik abiatuta ere, soinu kaleidoskopioa dute biek, elektronika, Afrikako doinuak eta beste hainbat nahastuta. Bien emanaldiak entzunda, «trap-aren Sonarren» geundela entzun zen Village agertokian. Etiketa horrekin —Iberiar penintsulatik kanpo gutxiago erabili ohi da, bidenabar— sailkatu ohi direnen jarduna konplexuagoa da ordea. Hip hopa turmixean sartzeak bateratzen ditu. Baina hainbat jatorritako artisten norabide eta eraginak hain dira ezberdinak, ezen haien emaitzek ere zerikusi gutxi izan ohi baitute. Elektronikari gertatu moduan, hip hopa unibertso zabal bilakatu da, eta, hedatuz doan heinean, onarpena eskuratuz doa etenik gabe. Sonarreko bere arrakastarekin, Anderson .Paak, Giggs, Gaika edo Tommy Cashek generoaren aberastasun eta osasuna berretsi zuten. Ez da etzi desagertuko den moda.

Makinekin sortutako doinu abangoardisten kasuan ere, periferiako artistak Europa zuriak zuen monopolioa apurtzen ari dira. Elysia Crampton ekintzaile transgeneroak eta bi emakumek, MIIIN korearrak eta Pan Daijing txinatarrak, eskaini zituzten zuzeneko indartsuenetakoak.

Gauean, beroa eta itomena

Disko jartze hutsera mugatzen direnen artean, genero musikalen kortseak apurtu eta diskurtso libreago batekin aritu direnen saioek arreta bereziz jarraitu dira. Techno kanonikoa, Madonna eta reggaetoia. Sakrilegioa badirudi ere, guztiak nahastu ahal ditzakete minutu gutxiren buruan Toxek eta Kablamek (emakumeak eta suediarrak biak). Gaueko agertoki eta ordutegi nagusiak mila aldiz entzundako —Sonarren bertan ere bai— pope-entzat gorde dira halere. Ulertezina da etengabe eraldatzeagatik harrotzen den jaialdian, dagoeneko 195 euro kostatzen duten abonuen salmenta ziurtatzeagatik ez bada. Ez dirudi prezioaren azken urteetako igoera etengabeak eragin aipagarriegirik izan duenik. Beste behin, errekorra apurtu du Sonarrek 123.000 bisitarirekin —profesionalentzat antolatzen diren mintegiak kontutan izan gabe—. Gaueko ordutegian, jendetzak begiz jotako emanaldiak modu atseginean jarraitzea ia ezinezkoa bihurtu da. Bartzelonan egunotan egin duen beroak, bultzadek eta espazio faltak koktel desatsegina osatu dute. Eguneko Sonarra oasi bat da haren alboan.

Kartelburuengatik gehiegi ez kezkatzea da Sonarren bereizgarrietako bat. Ikusmin handienetakoa piztu zezaketen bi, Nicolas Jaar txiletarra eta azkenaldian kritikaren artista kutun bilakatutako Arca venezuelarra, bigarrenez aritu dira jaialdian, eta berritasun efektua indargetu da. Jaarrek emanaldi dotorea eskaini zuen, izarpean parranda gosez zeuden entzuleei pazientziarekin jokatzeko baxuak ezkutatuz. Arcak ez zuen duela bi urteko freskotasuna berreskuratu, publikoa hasterako alde izanda ere. Aho zapore gozoagoa utzi zuten Yves Tumor eta Thundercatek. Xaman psikodelikoa da bat, baxua harrigarri darabil besteak. Sonarrek beti oparitu ohi ditu aurkikuntza bikainak, eta haien artean izan dira.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©IÑIGO URIZ / FOKU

«Dantza ez da ulertzeko»

Leire Perlines Apalategi

Olatz de Andresek 'Doppelgänger' lanaren hiru kapsula aurkeztuko ditu Donostian; atzo izan zen emanaldi bat, eta gaur izango dira beste biak. Musika Hamabostaldian lehen aldiz ariko da aurten.
Ezkerretik hasita, Koldo Olabarri, Joseba Apaolaza eta Ainhoa Etxebarria aktoreak. ©TXALO PRODUKZIOAK

'Sagastitarrak' lanarekin abizenaren eztabaida oholtzaratuko du Txalok

Leire Perlines Apalategi

Gaur estreinatuko du Txalo konpainiak 'Sagastitarrak'. Joseba Apaolaza, Koldo Olabarri eta Ainhoa Etxebarria dira antzezleak. Anton, aita, ez dator bat alabak hartu duen azken erabakiarekin
Joseba Ossa. ©Andoni Canellada / Foku

Suomieraren eta Itakaren arteko bidaia

Ainize Madariaga

Bizitzako planetatik kanpo zegoen suomiera; alta, barneraino sartu zitzaion, mundu ikuskera berria eman zion, eta geroa net baldintzatu. Itakarako bidaian bezala, egitarau hetsia baino, irekia nahiago baitu. Itzultzaile bilakatu da suomierari esker, baina zintzoki aitortu du itzulpengintzak bere mugak dauzkala

 ©Andoni Canellada / Foku

Suomieraren eta Itakaren arteko bidaia

Ainize Madariaga

Bizitzako planetatik kanpo zegoen suomiera; alta, barneraino sartu zitzaion, mundu ikuskera berria eman zion, eta geroa net baldintzatu. Itakarako bidaian bezala, egitarau hetsia baino, irekia nahiago baitu. Itzultzaile bilakatu da suomierari esker, baina zintzoki aitortu du itzulpengintzak bere mugak dauzkala.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...