Irailean irakasleak ebaluatzen hasiko dela jakinarazi du Eusko Jaurlaritzak

«Hobetzea» du helburu ebaluazioak, Uriarteren esanetan; soldatetan-eta ez du eraginik izango.

Europan proiektu baten buru dago Jaurlaritza
JON URBE / ARGAZKI PRESS

Garikoitz Goikoetxea -

2015eko abenduak 18
Gai arantzatsua da ebaluazioarena. Azken hilabeteetan, gainera, eztabaida handia eragin du hezkuntzaren alorrean, maisu-maistren ebaluazioa soldatekin lotzeko proposamenaren haritik —Jose Antonio Marina filosofoak hori eskatu dio Espainiako Gobernuari, irakasle lanbideari buruzko liburu zurian—. Eusko Jaurlaritzak jakinarazi du irailean hasiko dela irakasleak ebaluatzen. Soldatekin lotutako helbururik ez du izango, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuaren esanetan: «Guztiz kontra gaude; rankingak egitea da hori». Bide horretatik ez, «irakasleen hobekuntza beste helbururik gabe» egingo dute ebaluazioa. Dekretua prestatzen ari dira.

Heziberri planean jasoa dago maisu-maistren ebaluazioa. Egitasmo hori Eusko Jaurlaritzak bideratu du, hezkuntzako eragile gehienen mintzakidetzarekin. Bigarren pausoa amaitzear dago: urtea bukatu aurretik onartuko ditu gobernuak curriculum dekretuak. Heziberrin garrantzia eman diote ikaslearen irteera profila zehazteari; alegia, hezkuntzako ibilbidea bukatzean zer gaitasun eduki behar dituen. Bide beretik, Jaurlaritzak adierazi du irakasleen profila ere zehaztu behar dela. Ebaluazioetan hori neurtuko dute. «Zeinu positiboarekin», Uriarteren arabera. Irakasleari azalduko diote behar duen perfilaren arabera zein egoera daukan.

Datorren ikasturtean hasiko da ebaluazioa, eta orain ari dira dekretua prestatzen. Xehetasunik ez du eman sailburuak. Hala ere, iragarri du ebaluazioetan aintzat hartuko dutela ikasleen iritzia ere.

Europako proiektua

Jaurlaritzak azaldu du ebaluazio batzuk lehenago ere martxan direla. Ikastetxeetako zuzendariei dagokiena, adibidez. Bide hori indartu egingo dute orain. Izan ere, Europako Batasunak finantzatutako proiektu baten arduradun jarri dute Eusko Jaurlaritza. Ebaluazioa du ardatz, eta, zehazki, zeregina da ebaluazioari buruzko bi gida prestatzea: bat, eskoletako zuzendaritzei buruz, eta, bestea, irakasleen jardunari buruz. Ebaluazioarekin lotutako irizpideak, adierazleak eta jardunbide onak azalduko dituzte, irakasleak ebaluatzeko tresnak eskaini, eta prestakuntza diseinatzeko informazioa eman. 2017rako egingo dute.

Nazioarteko adituekin bilerak egiten ari dira egunotan; batetik, hezkuntza ikuskatzaileak ari dira parte hartzen, eta bestetik, unibertsitateak —Erresuma Batuko Cumbria eta Zipreko Cyprus—. Erasmus Plus programaren barruan dago ebaluazioari buruzko lana, eta amaitzen dutenean Europa osorako eskuragarri egongo dela nabarmendu du Uriartek.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna