Albistea entzun

Bigarren aukeren liburua

Iruñeko Paris 365 jantoki sozialeko zortzi lagunen istorioak bildu ditu Patxi Irurtzun kazetariak, liburu batean. Istorio gogorrak baina pozgarriak direla nabarmendu du
DANI ALBORS / Tamaina handiagoan ikusi

Iñaki Berastegi -

2017ko ekainak 10 - Iruñea

«Bere baitan bizi duena bakarrik da gai azaltzeko zer sentitzen den jantoki sozial batera joaten den lehendabiziko aldian, edo egunero jaiki eta oinen azpian amildegia duela sentitzen duenean». Patxi Irurtzun idazle eta kazetariaren hitzak dira. Iruñeko Paris 365 jantoki sozialetik pasatu diren zortzi lagunen istorioak hartu, eta De igual a igual. 8 historias del comedor solidario Paris 365 (Berdinetik berdinera. Paris 365 jantoki sozialeko zortzi istorio) liburua idatzi du Pamiela argitaletxearentzat.

Istorio gogorrak bildu ditu, baina guztiek dute komunean gauza bat, Irurtzunen ustez: «Istorio pozgarriak dira, esperantzaren, bigarren aukeren ingurukoak, altxatu eta euren bizitza berregiten saiatzen diren pertsonenak. Hori guztia, Paris 365i esker».

Paris 365 jantoki soziala zer den islatzen duten zortzi istorio aukeratu dituzte. Hala, profil ezberdinetako pertsonak hautatu dituzte liburua ahalik eta osoena izateko asmoz: bertako jendearekin, atzerritarrekin, istorio bereziak kontatzeko dituztenekin, emakume eta gizonekin. Patxi Lasa Paris 365ko kidearen hitzetan, protagonista guztiak hasieratik egon ziren prest liburuan parte hartzeko, horrelako gai gogorrei buruz ezezagun batekin hitz egitea ez baita erraza.

Liburuaren oinarrian, Paris 365 jantoki sozialak zortzi protagonistei nola lagundu zien biltzen da. Hala, euren bizitza berregitea lortu duten zortzi lagunen istorio positiboak kontatu dituzte: «Azaldu nahi nuen Paris 365 jauzi ohol bat izan dela egoera zail bati aurre egiteko edo garai txar batetik ateratzeko», esan du Irurtzunek.

Idazten hasi zenean, gogoratzen du liburuek mundua aldatu zezakeela uste zuela. Liburuen eragina hainbesterakoa ez dela konturatu zen arren, hein batean ideia horri eusten saiatzen da: «Mundua aldatuko ez duten arren, horretan sinetsita idatzi behar dira liburuak. Hala, pozik egongo nintzateke liburu honek transmitituko balu Paris 365 jantoki sozialak ahalmena duela pertsonen bizitza aldatzeko».

Lasak beste hitz bat erabili nahi izan du jantoki sozialak lagun horiei eman dien laguntza azaltzeko: «Bizitzan edozeinek izan dezake garai txar bat, eta gure jantokiak palanka moduan funtzionatu du, bizitzan aurrera egitera laguntzen zaituen lanabes». Istorio gogorrak izaki, liburuak «markak» utzi dizkiola dio Irurtzunek: «Gogorrak dira, eta testigantzak aurrez aurre entzuten dituzunean, protagonisten mina sentitu dezakezu. Liburu honekin errealitate mingarri eta gordinenari aurre egin behar izan diot».

Edonori gerta dakioke

Hori horrela, Irurtzunek gogoratu du istorioen protagonista edonor izan zitekeela: «Zorte txarra izan dezakegu noizbait, etxea eta lana galdu, jatekorik gabe egon. Edonori pasatu dakioke. Benetako istorioak kontatzen dira liburuan, baina agian jende multzo bati ez zaizkio interesatuko, eurei ez zaielako tokatu horrelakorik bizitzea».

Aitortu arren liburua idaztea ez dela erraza izan, Irurtzunek argi du berarentzat «opari» bat izan dela liburua egin ahal izatea: «Idazlearentzako esker oneko istorioak dira; hankak lurrean jartzen dizkizute. Benetako bizitzari buruz hitz egiten duten lekukotzak dira».

Alabaina, hasieran liburua «goxoki» bat iruditu bazitzaion ere, pixkanaka konturatu zen egitea ez zela hain erraza izango: «Konturatu nintzenean benetan zer eta nola egin behar nuen, zorabiatzen hasi nintzen. Mota honetako lan bat erantzukizun handia da».

Irurtzun Paris 365ko kolaboratzailea bada ere, liburuari esker gauza asko ikasi dituela uste du: «Pobrezian dagoen pertsona batek aterpea eta plater bero bat baino gauza gehiago behar dituela. Norbaitek begietara begiratzea behar dute, euren izena esatea edo besarkada bat ematea».

Zortzi protagonistek ere badute izena: Abdou, Montxo, Isaac, Izaskun, Cuichan, Tania, Jose Luis eta Mohammed. Irurtzunek orain arte idatzi duenean nagusiki fikzioa erabili badu ere, oraingo honetan beste era batera egin du liburua: «Fikzioak erromantizismo puntu bat ematen die istorioei, errealitatetik aldenduz. Liburu honetako protagonistak ezagutu ditut, eta, egia esan, erromantikotik gutxi dauka ohetik altxatu eta bazkalduko duzun edo ez pentsatzeak».

Libururako erabili dituen zortzi istorioak oso ezberdinak dira. Esaterako, Isaacek bi aldiz gurutzatu zuen oinez Afrika, txalupan Europara iristeko. Liburuan narratzaile moduan jardun duen arren, salbuespen bat egon dela dio Irurtzunek: «Jose Luisen bizitza hain berezia eta harrigarria da, elkarrizketa moduan sartu baitut».

Liburua egiteko ideia duela bi urte sortu zen arren, askoz ere lehenago kontatu nahi zuen antzeko istorio bat Irurtzunek: «Gaztea nintzela, Jarauta kaleko tabernak jende lepo zeudenean, Paris tabernara joaten nintzen arnasa hartzera. Han jende gutxi ibiltzen zen, adineko pertsonaren bat edo mozkorren bat. Eskaleei jaten ematen zien pertsona bati buruzko nobela bat idaztea bururatu zitzaidan, baina azkenean ez nuen inoiz idatzi». Saltzen dituzten liburuekin lortutako dirua, kostuak ordaindu eta gero, Paris 365 jantoki sozialak jasoko du.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©Florette Vega Mayor.

Perfekzio plastifikatua

Olaia L. Garaialde

Poltsetan doazen entsaladen ekoizpen prozesuan hotz katea ez apurtzea garrantzitsua dela azpimarratu dute Floretteko arduradunek. Ekologistek kalte ekologikoez ohartarazi dute.

 ©ANDONI CANELLADA / FOKU

«Gizatalde gisa okerrago atera gara izurritik»

Urtzi Urkizu

2020ko konfinamenduan eta ondoko hilabeteetan girotutako eleberri bat idatzi du Alba Ricok: 'La ventana'. «Oso gaizki pasatu zuten herritarrak ikusarazten saiatu naiz», azaldu du idazleak.
Atzo egin zuten prentsaurrekoa konpartsakideek Arriaga antzokiaren atarian. ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

Konpartsek muntaketari ekin diote

Javi West Larrañaga

«Bi abuztu grisen» ostean, kaleak «aldamioz eta kolorez» beteko dituzte. Txosnena gune segurua izango dela azpimarratu dute
Donibane Garaziko bestak 2019an iragan ziren azken aldiz; bi urteko etenaldiaren ondotik itzuliko dira. ©GUILLAUME FAUVEAU

Garazi, berriz dantzari

Leire Casamajou Elkegarai

Donibane Garaziko bestak itzuliko dira bihartik astelehenera, bi urteko etenaldiaren ondoren. Kontzertuak, txarangak, afariak eta dantzaldiak izanen dira hiru egunez

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iñaki Berastegi

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...