Albistea entzun

Gogoa egituratuz

Podemos Hego Euskal Herrian ere egituratuz doa. 49 hiri herri kontseilu eratu ditu, eta urtarrilaren hasierarako izango dira haietako zuzendaritzak. Oraingoz, batik bat, «aldaketarako» nahia dute garbien.
Tamaina handiagoan ikusi

Enekoitz Esnaola -

2014ko abenduak 23

Durango

Bizkaia

Babes soziala eta enplegua lehentasun hartuta

Urtarrilaren hasieran hautatuko dute Durangon ere (Bizkaia) Podemos Ahal Dugu-ko idazkari nagusia. Dena dela, han eskualde gisa funtzionatzen dute, Durangalde modura; «hemen horrela jarduteko tradizioa baitago», dio Julian Rios alderdiko kideak (Durango, 41 urte). «Herri batzuk txikiak dira, eta, hartara, hangoek ere proiektu honetan parte hartzeko aukera daukate». Durangon 87 lagun daude Podemosen izena emanda, azken datu ofizialek diotenez —azaroak 15—.

Maiatzean izango dira udal hauteskundeak, eta Durangon «baliteke aurkeztea», hautesle elkarte bat sortuta. «Durangon badago gaitasuna udal zerrenda bat osatzeko. Eskualdeko herri txikietan, ez dakit; aztertu beharko da». Podemosen oinarriak proposatuko dituzte: parte hartzea, gardentasuna, galdeketak... «Jendeak galdetzen digu ea herritarrek udal gai denetan hartu behar duten parte. Ez da hori ere, baina protagonista izan behar dute erabaki garrantzitsuenetan». Zein dira gairik inportanteenak? «Ez dira gutxi: babes soziala, enplegua, bizikidetza, euskara, pluraltasuna... Gure gizartea ardazten dutenak dira. Baina gaur egoera nola dagoen ikusita, lehentasuna lanik gabe daudenei-eta babes soziala bermatzea eta enplegua sortzea da. Udalek eremuotan badute eskumen eta erantzukizunik, eta haietan herritarrek parte hartu behar dute erabakiak hartzean. Jakina, udal taldeak herritarren ordezkari dira, bozetan hautatu dituztelako, baina gehiago ireki behar dute gizartera».

2011ko udal hauteskundeetan EAJ gailendu zen Durangon (28.700 biztanle), eta zortzi hautetsi ditu (4.650 boto). Bilduk sei ditu (3.650 boto), PSE-EEk hiru (1.801 boto), PPk bi (1.501 boz) eta Aralarrek bi (1.373 boto). Abstentzioa %35 izan zen (7.765 herritar). Frankismoaz geroztik beti EAJko kide bat egon da alkatetzan. «Kasta» al da EAJ? Ez du halakotzat jo Riosek. «Podemosek Madrildik zabaldu duen termino bat da kasta. Nik esango nuke alderdi tradizional bat dela EAJ, gaurko beharretara ez dela egokitu, eta politika eta eskema zaharrekin aritzen dela». PSOE eta PP kastatzat jotzen ditu Podemosek. Beraz, Durangaldean zein aliatu luke Ahal Dugu-k udal hauteskundeen ostean? Riosek ez du busti nahi izan. «Berriak gara. Gauzak ikasi eta ezagutu behar ditugu».

Aurtengo maiatzean, Europako bozetan Podemos-Ahal Dugu bosgarren indarra izan zen Durangon (642 boto, %6,5).

Amurrio

Araba

Alderdiaren printzipio orokorrekin lanean

Europako maiatzeko hauteskundeak pasatu ostean eratu zuten Amurrion (Araba) Podemos Ahal Dugu-ren bilgunea, eta, alderdiaren azken datuen arabera, 43 lagun daude han izena emanda. Angel Jimenez Amurrioko Podemoseko kideak (49 urte) dio dagoeneko badirela 50 lagun pasatxo. «25-30 gara gehien inplikatzen garenak». Ia guztiak aurretik militantzia politikorik izan gabeak dira, Jimenezek dioenez, eta gazteak; balioa ematen dio horri guztiari.

Haien antolaketa eta politika arloko proposamenak irakurriz gero, orokorrean dira mintzo, Podemosek estatu mailan dituen printzipioak-eta jasota: herri batzarrak hartuko ditu erabakiak; «herritar subiranotasuna» aldarrikatzen dute, «benetako demokrazia», mugimendu «eratzailea», justizia soziala, giza eskubideak, instituzioen «gardentasuna», zerbitzu publikoak, askotariko galdeketak... Amurriori dagokionez (10.100 biztanle), udal kontuen auditoria bat egiteko eskatuko dute. «Alor nazionalean», berriz, erabakitzeko eskubidearen alde agertu dira, eta «nortasun kulturala» defendituko dute.

1979tik aurrera beti EAJ eta EA izan dira Amurrioko alkatetzan —EA, 1987tik 2011ra segidan—. Duela hiru urte eta erdiko bozetan EAJ nagusitu zen (2.126 boto, zazpi hautetsi). Bilduk ere zazpi hautetsi ditu (1.940 boto), PPk bi (602 boto) eta PSEk bat (534 boto). %30 izan zen abstentzioa (2.450 herritar). Podemosek oraindik ez du erabaki maiatzeko udal bozetara aurkeztuko den —aurkeztekotan, hautesle elkarte baten bidez—. «Ni aurkeztearen aldekoa naiz», azaldu du Jimenezek. «Izan ere, filosofia berria dakargu politikara, eta jendeak aldaketa politiko bat eskatzen du. Dena dela, herriko beste kide batzuek ez dute argi aurkeztu ala ez. Urtarrilaren bukaera aldera hartuko dugu erabakia».

Amurrion, gehien bozkaturiko indarretan laugarrena izan zen Podemos Ahal Dugu joan den maiatzean, Europako Parlamenturako hauteskundeetan (298 boto, %8,1).

Zarautz

Gipuzkoa

«Sistema hau aldatzeko» eskuak zabalik

Josean Sanchez Zarauzko (Gipuzkoa) Podemos Ahal Dugu-ko kidea «harrituta» dago, euren bilgunearen batzarretara-eta EAJkoa izan den jendea azaltzen ari delako. Oro har, adin batekoak direla dio. «Guk planteatzen ditugun gauzak eta EAJk defenditzen dituenak oso desberdinak dira, baina kontua da EAJkoak izan diren haiek krisiaren ondorioz seme-alabak etxean dauzkatela oraindik edo etxera bueltan atzera berriz, eta kezka dute egoera hori dela eta. Antza, Podemosen ikusten dute irtenbiderik. Sistema hau aldatzeko gogoz gaude, eta denen beharra izango dugu». Botoa PSE-EEri eta ezker abertzaleko alderdiei eman izan dieten herritarrak ere inguratu zaizkiela dio. Zarautzen (22.700 biztanle), 88 lagun daude izena emanda Ahal Dugu-n; ekainean eratu zuten herriko bilgunea.

Sanchezek aitortu du «Euskadiko» eta Espainiako errealitateak desberdinak direla —«indarkeriagatik, euskaragatik, abertzaletasunagatik...»—, baina nabarmendu du arlo sozialean hemen ere larrialdi egoera dagoela. «Udalek ez dituzte ondo ezartzen lehentasunak. Zarautzen, adibidez, aldundiak ordaindu beharreko errepide lan bat udalak pagatu du. Bitartean, ordea, lan txiki batzuk sor zitzakeen diru poltsa bat kendu du». Funtsean, erabakiak hartzeko modua da Zarauzko Ahal Dugu-ri ere gustatzen ez zaiona. «Kultura hori aldatu nahi dugu, herritarrei boterea emanik. Oso pertsona gutxik hartzen dituzte erabakiak udalean».

2011ko udal bozetan, Bilduk bederatzi hautetsi lortu zituen (4.276 boto), EAJk sei (2.832 boto), PSE-EEk hiru (1.481 boto), EB-Aralarrek bi (1.040 boto) eta PPk bat (938 boto). %33 izan zen abstentzioa (5.869 herritar). Bildu dago alkatetzan; ordura arte EAJ eta, batik bat, EA (azken legealdia hasi eta gero, H1!). «Uste nuen Bilduk politika ezkertiarrago eta irekiago bat egingo zuela».

Sanchezek (48 urte) uste du bizpahiru zinegotzi lortzeko aukera izango duela euren hautesle elkarteak. Europakoetan bosgarren geratu zen Podemos (470 boto, %6,2).

Mendabia

Nafarroa

«Nazkatuta» dauden herritarren topagune

Frankismoaz geroztik, Mendabian (Nafarroa) PSN edo UPNko alkatea izan dute beti —1995-1999an salbu, beti PSNkoa—. «Eta herritar asko dagoeneko nazkatuta dago», dio Jose Miguel Delgado Valerio herriko Podemos Ahal Dugu-ko kideak (27 urte), adibide nagusi gisa Mendabiako (3.600 biztanle) zentral hidroelektrikoaren handitze plana jarrita. «Proiektu erraldoi bat da, baina herritarrok agerkari ofizialean leituta jakin genuen udala, lursail handienen jabeak eta abarrak zertan ari diren. Alkateak gero batzar batean eman zuen informazio bat, baina zioen ez duela azalpenak zertan eman proiektu denei buruz. Onartezina da jarrera hori. Gauzak aldatu egin nahi ditugu». Udal kudeaketa «iluna eta itxia» dela salatu du. «Ez dakigu diru publikoa zertan xahutzen duten. Gainera, udalbatzarretan herritarrek ezin dute hitza hartu».

2011ko udal hauteskundeetan PSNk bost hautetsi lortu zituen (928 boto), UPNk beste bost (835 boto) eta IUk bat (247 boz). %25 izan zen abstentzioa (731 herritar). Delgado Valeriok dio datorren urteko maiatzeko bozetan gehiengo osoa lortu nahi dutela. «Aldaketarako gogoa nabari da». Mendabian ere Podemos ez da bere markarekin aurkeztuko. Herrian bada hautesle elkarte «independente» bat, eta Podemosekoak han sartuko dira —alderdian hamalau lagun daude izena emanda—.

Udal bozetara eramango dituzte aurrekontu parte hartzaileen, gardentasunaren edo gazteen aldeko proposamenak, baita zentral hidroelektrikoa handitzearen aurkakoa ere. Euskarari dagokionez, «sustapen planen alde» egingo lukete. «Mendabia eremu ez-ofizialean dago. Hizkuntz politikaz Nafarroa mailan hitz egin beharko dugu, Podemoseko beste kideekin. Baina, barne egituraketaren egutegiari jarraituz, otsailaren erdialdera arte ez da egongo Nafarroako alderdia».

Joan den maiatzean, Europako Legebiltzarrerako hauteskundeetan Podemos Ahal Dugu laugarren geratu zen Mendabian (92 boto, %7,3).

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Albiste gehiago

Txabi Etxebarrieta, kontakizun partzial baten «kasu paradigmatikoena»

J. O. Urain

Txabi Etxebarrietak hil zuen ETAren lehen biktima, eta Etxebarrieta bera izan zen talde armatuaren lehen hildakoa. Esan izan da tiroketa batean hil zela, baina Bucesek 1968ko txostenetara jo du: bigarren tiroa bizkarretik eman zioten.
 ©GORKA RUBIO / FOKU

«Frankismoarentzat, bi 'birus' batu ziren: abertzalea eta soziala»

Jon O. Urain

Jazarpen frankistak bereziki Gipuzkoan utzitako arrastoa aztertu du Bucesek doktorego tesian, eta hipotesi bat berretsi: askoz bortitzagoa izan zela errepresioa oposizioaren jarduera bera baino.
Idoia Mendia, atzo, Bilboko Campos batzarrean. Hunkituta zegoela antzeman zitzaion agurra iragarri zuenean, eta txaloka hartu zuten militanteek. ©MIGUEL TOÑA / EFE

Mendiak agur esan dio PSEri

Joxerra Senar

Bilbon egin den biltzarrean adierazi du ez dela aurkeztuko azaroko kongresura. Duela urtebete hartu zuen erabakia, eta Sanchezi esan zion, baina orain jakinarazi du
Idoia Mendia, Bilboko Campos antzokian egin den PSE-EEren BIltzar Ttipian ©Miguel Toña / Efe

Idoia Mendia ez da aurkeztuko PSE-EEren primarioetara

Joxerra Senar

PSE-EEren Biltzar Ttipian azaldu du duela urtebete hartu zuela «erabaki pertsonal eta politikoa» eta hala aurreratu ziola Pedro Sanchezi: «Ondoren zuek izan zarete lehenak jakiten», adierazi die militante sozialistei

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Egin BERRIAlaguna

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Egin BERRIAlaguna