Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Mundua Europaren 'turkiartzea'

Publizitatea

Mundua

ANALISIA

Europaren 'turkiartzea'

 

2016-03-08 / Adrian Garcia

Beste alde batera begiratzeko abilezia berezia du Bruselak. Komeni zaionean, behintzat. Iheslariei Europarako bidea ixteko edozer egiteko prest da, eta Turkia limurtzea egokitu zaio orain. Ankararen joera autoritarioa ikusezina zaie 28en agintariei, eta bestetan horren preziatutzat jo izan dituzten eskubideek tokirik ez dute elkarrizketa mahaian. Negoziazioak hasi aurretik Ankarak dagoeneko poltsikoratuak zituen helburuak: kanpoko presiorik gabe, Recep Tayyip Erdogan presidenteak nahieran murrizten du prentsa askatasuna, eta kurduak etengabe indarrez zapaltzen ditu. Esan gabe doa, Ankarak badu iheslarien aferan erantzukizunaren parte bat —Mendebaldearen antzera—, armez hornitu baititu Siriako gerrako hainbat fakzio, gatazka are gehiago korapilatuz.

Krisi ekonomikoak lehenengo, eta, errefuxiatuenak ondoren, bistan utzi ditu Europaren miseriak, eta haren benetako izaera azaleratu du. Giroa zakartu da guztiz; eskuin muturrak gora egin du, eta haren diskurtsoa nagusitu da. Batasunik gabeko batasuna da EB, Schengen bertan behera utzi baitute hainbat kidek, eta hesiak altxatu dituzte Europaren bihotzean.

Zirkulazio askeko eremua behar zuenean ilara luzeak egin dituzte milaka lagunek asiloa eskatu ahal izateko. Giza eskubideen inguruko lezio gutxi eman ahal ditu Europak; mugaldeak errefuxiatu kanpaleku bihurtu ditu, eta asilo eskatzaileei emandako tratua gizagabea izan da askotan. Segurtasun indarrak bortxaz jazarri izan zaizkie, eta ondasunak konfiskatzeko legeak onartu dituzte, Danimarkak, kasurako. Elkartasuna ere ezerezean geratu da: EBren plana da Greziarekiko muga hermetikoki ixtea, iheslarien kartzela erraldoia bihurtu dadin herrialdea.

EBren hasierako asmoa zen Turkiarekin zubiak eraikitzea, Ankara Europara hurbildu zedin, modu horretan herrialdea irekiko zelakoan. Alderantzizkoa izan da, ordea, eginiko bidea. Europa gerturatu zaio Turkiako Gobernuaren jarduteko erari. Iheslariak EBtik kanporatzeko proposamena da atzera egite horren erakusgarri: 1951ko errefuxiatuen hitzarmena urratzen du, II. Mundu Gerra geroztik Europak giza eskubideen alorrean erdietsitako lorpen handienetakoa.

Publizitatea

Sortu kontua
Adrian Garcia Adrian Garcia

Informazio osagarria

Publizitatea

Mundua saileko albiste gehiago

Albiste nagusiak

Gehien irakurriak

Zerrenda osoa ikusi

Gaiarekin zerikusia duten albisteak