Albistea entzun

Nafarroako gobernu akordioa. Lurraldetasuna

Zubiak eraikitzeko beharra

Nafarroaren eta EAEko lurraldeen arteko harremanak «normalizatu» eta «sustatu» nahi dituzte Geroa Baik,EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak. Laurek akordio programatikoan jaso dutenez, Nafarroaren, EAEren eta Akitaniaren arteko lankidetza hitzarmena berreskuratu nahi dute.
Javier Otano eta Jose Antonio Ardanza 1995eko urrian, Ajuria Enean, Nafarroa-EAE hitzarmena izenpetzeko ekitaldian.
Javier Otano eta Jose Antonio Ardanza 1995eko urrian, Ajuria Enean, Nafarroa-EAE hitzarmena izenpetzeko ekitaldian. OLALDE / EGUNKARIA

Edurne Begiristain -

2015eko uztailak 18

Azaletik lantzen du lurraldetasuna Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak legealdirako hitzartutako Nafarroako gobernu programatikoak. EAEren eta Nafarroaren arteko harremanei dagokienez, aipamen bakarrak laugarren atalaren barruan daude: Autogobernua, demokrazia, gardentasuna eta herritarren parte hartzea atalean, hain justu. Batetik, autogobernu fiskalaren inguruan, dio Nafarroako Gobernuak Eusko Jaurlaritzarekin eta EAEko hiru lurraldeetako foru ogasunekin «komunikazio eta harreman iraunkorra» ezarriko duela Espainiako Estatuarekin dituzten «arazoak, informazioak eta esperientziak» elkarri jakinarazteko. Bestetik, autogobernuaren defentsari buruz, EAErekin harremanak «normaldu eta sustatzeko» konpromisoa hartu dute akordioan. Nafarroa Beherearekiko harremanetan ere sakondu nahi dute lau alderdiek, bi lurraldeen arteko «lokarri historikoak, sozialak eta kulturalak» berreskuratu eta garatzeko.

Euroeskualdean parte hartzeko asmoa, ordea, argiago eta zehatzago jasota dago. Nafarroa, Akitania eta EAEren arteko lankidetza hitzarmena «berreskuratuko» dute itunaren sinatzaileek, Europan dauden «aukerak» baliatze aldera. Akordioak dio beharrezkoa dela mugakide diren lurraldeekin harremanak sendotzea eta politika «komunak» aurrera eramatea. Izan ere, gaur egun Nafarroako Gobernuak ez du parte hartzen Akitania eta EAEren arteko euroeskualdean, 2009an Miguel Sanz (UPN) Nafarroako orduko presidenteak ezezkoa eman ziolako parte hartzeari. Horrez gain, Atlantikoko Europa Hegoaldeko Eskualdeen Konferentzian eta Pirinioetako Lan Komunitatean aritzea bultzatuko duela dio akordio programatikoaren beste puntu batek.

Imanol Esnaola Gaindegiako koordinatzaileak uste du «positiboa» dela Nafarroako gobernu berriak bultzada eman nahi izatea euskal lurraldeen arteko harremanei eta mugaz gaindiko lankidetzari, baina lehentasunak hobeto finkatzea ezinbestekoa dela dio: «Arazoak hain dira handiak, ezen lehentasunak finkatu beharko baitituzte; besteak beste, enpleguari dagokionez, ez lukete huts egin behar beste euskal lurraldeekin kooperazioa bilatzeko orduan». Nafarroaren «bazkide komertzial nagusiak» Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa izanik, lankidetza sustatzea funtsezkoa dela iritzi dio Esnaolak: «Harremanak bideratzen badira,ukaezina da Nafarroako erakunde, enpresa, herritar eta eragile sozialek izango dutela zer irabazi».

Lurraldetasunean eta mugaz gaindiko harremanetan ez du gehiegi sakondu akordio programatikoak. Lankidetza garatzeko tresnak zeintzuk izango diren ez ditu jaso, ezta Nafarroako eta EAEko harreman ekonomiko, sozialak, laboralak edota akademikoak sustatu eta hobetzeko bide juridiko-administratiboa martxan jartzeko jorratuko dituzten bideak ere.

Arlo instituzionalean, duela hogei urte egin zen azken saiakera Nafarroako eta EAEko lurraldeen arteko lankidetza bultzatzeko. Organo Komuna izan zen hura. Indarrean sartu ez bazen ere, orduan hitzartutako helburuek gaurkotasun osoa eta «erabateko balioa» dutela uste du Begoña Errazti EAko presidente ohiak, UPNk eta PSNk «bazterrean utzi» dutelako Nafarroa, bere etorkizuna «arriskuan» jartzeraino. Erraztiren iritziz, ezinbestekoa dira Nafarroa-EAE arteko harremanak sustatzea, «foru erkidegoaren iraupena bermatu nahi bada».

Sortu orduko, hil

Organo Komunaren istorioa laburra izan zen oso: sortu orduko hil zen. 1995eko uztailean hasi zen mamitzen hura, PSNren, CDNren eta EAren arteko Nafarroako gobernu akordioarekin, bi erkidegoen arteko egitura politikoa sortzea baitzegoen alderdi haien konpromisoen artean. Nafarroako Parlamentuan lehenengo indarra UPN zen arren, PSNk, CDNk eta EAk, IUren kanpoko babesarekin, egitasmoa aurrera ateratzeko aski indar bazuten. Eusko Legebiltzarrean are handiagoa zen egitura komunaren aldeko gehiengoa, Eusko Jaurlaritza osatzen zuten bi alderdiak ez ezik—EAJ eta PSE—, organoaren aldekoak zirelako EA eta IU ere.

Lankidetza organoa sortzeko lehen urrats ofiziala 1995eko urriaren 25ean egin zuten bi gobernuek. Akordio hartan, «norbere eskumenen esparruaren barruan interes komuneko arloetan lankidetza iraunkorrerako harremanak» bideratzea hitzartu zuten. EAEk eta Nafarroak «interes komunak» zituzten arloetan lankidetza bultzatzea hitzartu zuten, besteak beste, kultura, hizkuntz politika, hedabideak, hezkuntza, ekonomia, ogasuna, industria eta merkataritzan. Bi gobernuek onespena eman zioten testuari: maiatzaren 13an Nafarroakoak gobernuak, eta hurrengo egunean, EAEkoak. Ekainaren 11n eman zion oniritzia Nafarroako Parlamentuko osoko bilkurak, eta handik hiru egunera Eusko Legebiltzarrak.

Alabaina, Organo Komuna ez zen indarrean sartu ere egin, Espainiako Gorteen oniritziaren zain zegoela, Otano auzia piztu eta Nafarroako Gobernua hautsi egin zelako. Gasteizko parlamentuak hitzarmenari oniritzia eman eta astebetera, epaitegiak Javier Olano (PSN) Nafarroako lehendakaria ikertzen ari zirela argitaratu zuen Diario de Navarra-k, Suitzan haren izenean diru kontu susmagarri bat atzeman zutela eta. Otanok dimisioa eman zuen berehala, eta han bukatu zen hiruko gobernua, baita Organo Komunaren bizi laburra ere.

Errazti Nafarroako parlamentaria zen orduan, EAtik, eta negoziazioetan parte hartu zuen. Hiruko gobernuan EA zen alderdi abertzale bakarra, eta, hark dioenez, ezinbestekoa zuten halako proposamen bat gobernu akordioan sartzea, UPN kontra agertuko zela jakin arren. «UPNk bazekien erkidegoen lan partekatua ekarri behar zuela Organo Komunak, eta horrek hurbiltasuna ekartzen zuela, eta ondorioz, elkar ulertzea». Haren ustez, UPNk gaur arte erabili du «izuaren» mezua gai horrekin.

Iritzi berekoa da Gaindegiako koordinatzailea ere. «Egungo egoera ez da naturala, eta ez die erantzuten ez historiako joerari, ezta gaur egungo premiei ere». Atzean euskal lurraldeak elkarrengandik «berariaz urruntzeko» intentzio politiko bat ikusten du Esnaolak: «Desprogramazio bat dago». Haren irudiko, UPNren gobernuaren «erregionalizazio» bat egon da elkarren ondoan dauden bi eskualdeek gaur egungoa baino lankidetza maila handiagoa izan ez dezaten.

Baikortasuna

Bere garaian Organo Komuna adostu izanak, arrazoi instituzionala ez ezik, justifikazio «funtzionala» ere bazuela uste du Gaindegiakoak: «Euskal lurraldeak elkarren ondoan egoteaz gain, elkarren artean osagarri direlako, eta elkarren beharra dutelako». Hala, argi du arrazoi franko eta «objektibo» asko daudela EAEren eta Nafarroaren arteko lankidetza egungoa baino «indartsuagoa» izateko.

Nafarroako oraingo gobernu programak lurraldetasunean askorik sakondu ez badu ere legealdi honetan urratsak egingo direla uste dute Erraztik eta Esnaolak. «Baikorra naiz, duela hogei urte defendatu nuena orain gauzatzea posible ikusten dudalako», dio Erraztik. Itxaropentsu mintzo da Esnaola ere: «Gaur egungo boikotak ezin du gehiago iraun. Hurrengo hamarkadak euskal kooperazioarena izan behar du».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Javier Esparza izango da hirugarren aldiz eskuinaren lehendakarigai hurrengo foru bozetan. ©BERRIA

Esparza berriro izanen da hautagai foru hauteskundeetan

Joxerra Senar

Kontseilu Politikoko kideen %91ko babesarekin, aise irabazi dio lehia Juan Miguel Rubio beste hautagaiari, eta foru hauteskundeetan eskuinaren zerrendaburu izango da berriz ere

EH Baiko bozeramaileek egindako agerraldia, atzo, Baionan. ©GUILLAUME FAUVEAU

EH Bai Frantziako Legebiltzarreko bozetara aurkeztuko da

Oihana Teyseyre Koskarat

Iparraldeko barruti guztietan izanen dituzte hautagaiak. Gogoeta prozesu bat abiatu dute

Eneko Andueza, artxiboko irudi batean. ©Marisol Ramirez / Foku

PSE-EEk eta Ahal Dugu-k asmoa adierazi dute elkarren arteko harremanak indartzeko

Berria

Anduezak eta Garridok lan erreformaren aldaketa defendatu dute, eta EAJren eta EH Bilduren jarrera kritikatu.

Sorturen bigarren kongresuko itxiera batzarreko irudi bat. 2017an egin zuten. ©Monika del Valle / FOKU

Sortuk «independentziarako konpromisoa» berretsiko du hilaren 22an

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Hirugarren kongresuko itxiera batzarra eginen dute, Bilboko Bizkaia frontoian. Nazio Kontseilua eta Nazio Idazkaritza osatuko dituzten kideen izenak orduan jakinaraziko dituzte. «Aldaketa politiko eta sozialerako borroka indartu» nahi dute datozen hilabeteotan.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.