Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Kirola Gorputz eder eta torturatuak

Publizitatea

Kirola

RIO16. Olinpiar oroitzapena. Munich 1972

Gorputz eder eta torturatuak

Maratoiarekin eta igeriketarekin lotzen ditu idazleak jokoekin gordeak dituen irudiak. Mark Spitzek Munichen lortutako zazpi dominak ongi akorduan ditu, baina baita lehen aldiz gorputz haren edertasunak sortutako zirrara ere.
Argazkia: BERRIA

2016-08-14 / Pako Aristi

Olinpiar Jokoak irudietara ekarri behar banitu, txanponaren alde bat eta haren ifrentzua margotuz, maratoia eta igeriketa hautatuko nituzke. Asfalto gaineko korrikalari argalak batetik, xirmendu bihurrituak bero galdatan, eta urazpiko izurde gihartsuak bestetik, aldika burua arnas bila ateraz. Halere, maratoiak ez du izenik utzi nire oroimenean, soilik oinutsik korritzen zuten etiopiarren edota balantzaka iritsi zen emakume tamalgarri baten irudi lausotuak. Uretako printzeen artean izen bat dago iltzatua nire garunean: Mark Spitz. Bederatzi urte neuzkan (orain jakin dut, wikipedia dela medio), 1972an zazpi domina irabazi zituenean. Eta zerbait aitortu behar badut, zalantzarik gabe esan dezaket igerilari haren irudiak ikusiz sentitu nuela, lehenbiziko aldiz, gorputz baten edertasunak eragin ziezadakeen zirrara, nahiz eta gizonezkoarena izan; ez zidan traumarik sortu, hetero-sexualitatearen goraipamen bortitz erreprimitzaileak jotako gizarte hartan, auzoko neska haren ipurdi borobilak antzeko irrika sortzen baitzidan une berean.

Izatez, maratoia gaizki hasi zen, bere sorrera esplikatzen duen fikziozko ipuinari kasu egiten badiogu. Maratoiko gudua Kristo aurreko 490. urtean gertatu zen, baina Herodotok kontatzen duenez, Filipides soldaduak korritu zuen distantzia Atenasetik Espartara dauden 246 kilometro izan zen, bi egunetan, laguntza eske. Plutarcok eta Lucianok ere aipatzen dute balentria berbera 500 urte ondoren, baina idazle anonimoren batek ziria sartu zuen une batean, kontatuz erregeak Maratonetik Atenasera bidali zuela Filipides, bertan zeuden emazteei eguzkia ezkutatu aurretik abisu ematera, irabazi zutela, gudua galduz gero emazte hauek umeak akabatu eta beren buruaz beste egitekoak baitziren, soldadu pertsiarrak hirira iritsi baino lehen. Filipides, arnaska, dena emanda, hirira iritsi, hitz bat xuxurlatu («Niki», «garaipena»), eta ziplo geratu zen bertan. Ez zen garaipenik izan harentzat, bizitza galdu baitzuen.

Metafora ederragorik olinpiar jokoen espiritua deskribatzeko! Garaipena lortzen saiatze setatsuagatik zein neurritaraino galtzen duten kirolariek bizitza propio bat edukitzeko aukera, eta bizitza hori gozatzekoa! Zer sakrifikatzen duten, guri oinarrizkoak iruditzen zaizkigun plazeretatik hasita, segundoak jateko denborari, zentimetroak irabazteko altuerari, domina bat esekitzeko paparrean irribarretsu, baina barrutik hautsita, gorputza leher eginda!

Geroztik anbibalentea izan da olinpiar jokoetan desfilatzen duten kirolariekiko dudan sentipena. Planetako gorputz ederrenen erakustokia da, gantz gramorik gabeko izter, bular eta sabel apetatsu eta ia biluziak gure begien dastamenerako, prototipo perfektuak, inoiz ukitu ez ditugun bezalakoak, ondoan etzanda zeudela irudikatuz laztandu ditudanak, atalik atal, bizkarretik oinetaraino, luxuria ukituzko udako arratsaldeetan. Baina zenbat gogo zirtzildu ikusi ditudan gorputz horietan, psikologikoki apurtuak, nahigabetuak, birrinduak, garaipen fisikoak gogoaren porrota zekarrela ulertu ez zutenak. Askoren biografiak irakurtzea aski da arrakastaren arriskua norainokoa den ulertzeko.

22 urte zeuzkan Mark Spitzek 1972an, zazpi domina irabazten zuen lehen kirolaria bihurtu zenean, domina bakoitzarekin ordura arteko munduko markak hautsiz. Urte hartan bertan erretiratu zen kirol mundutik, 22 urte besterik ez, munduaren mirespena azpilean jarri zitzaion urte berean, dirutza izugarriak, eta, kazetari inkontzienteek idatziko luketen moduan, etorkizun lorio- tsua begien aurrean. Ez dakit zergatik utzi zuen dena, dena lortu zuen egunean. Wikipedian etorriko da azalpenen bat; ez dut begiratu nahi. Ziur bainago barruko ahots bat entzun zuela, esanez munduari eskaintzen zion edertasun hark ez zuela merezi gaztetako urterik onenetan jasan zuen tortura latz hura. Gorputzeko zuntz eta giharrak txikitzea ez zela ona gogoaren bakearentzat, espirituaren orekarentzat, gorputz torturatuetan ez baitago lekurik garaipenik handienarentzat: bizitzari zentzua aurkitzea.

ARGAZKIA

Eguna. 1972ko uztaila.

Ekitaldia. Municheko Olinpiar Jokoak. Tximeleta erako 100 metrokoen finala.

Emaitza. Mark Spitz igerilari estatubatuarra lehenengo (55.27), Bruce Robertson kanadarra bigarren postuan (55.56) eta Jerry Heidenreich estatubatuarra hirugarren (55.74).

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak