Siriako gerra. Aymenn Jawad al-Tamimi. Siriako eta Irakeko gerren ikertzailea

«Ez da probablea EI etorkizun hurbilean hondoratzea»

Al-Tamimiren ustez, Estatu Islamikoa ez desegiteko arrazoi nagusi bat da Raqqan eta Mosulen, «bere gotorlekuetan», ez izatea «aurre egin diezaiokeen bertako talde eraginkorrik».
BERRIA

Mikel Rodriguez -

2016ko otsailak 12

Oxfordeko unibertsitatean Ikasketa Klasikoak eta Ekialdeko Antzinatearen kultura eta historia ikasi zituen Aymen Jawad al-Tamimik (Cardiff, 1992). Nahiz eta gaztea izan, badira urte batzuk Siriako eta Irakeko gerrak ikertzen hasi zela, arreta berezia talde armatuetan paratuta. Nazioarteko hedabide handietan kolaboratu du, eta maiz egin diote aipamen haren lanari. Duela gutxi oihartzun handia izan zuen Al-Tamimiren aurkikuntzetako batek: EI Estatu Islamikoak bere estatu eredua azaltzeko egindako agiriak. Posta elektronikoz erantzun die BERRIA-ren galderei.

2014ko udazkenean adierazi zenuen EIren gainbehera, hastekotan, urte batzuen buruan hasiko litzatekeela. Nola ikusten duzu orain egoera?

Uste dut etorkizunean ere oraingo erronka berdinei aurre egin beharko diela EIk, eta litekeena da periferietan lurralde gehiago galtzea ?Al-Bab Alepo probintzian, adibidez?, baina ez da probablea etorkizun hurbilean hondoratzea. Bere bi gotorleku garrantzitsuenetan, Raqqan eta Mosulen, ez daude aurre egin diezaioketen bertako talde eraginkorrik. Bitartean, Parisen ikusi ditugun gisako erasoak oraindik urte anitzetan gertatuko dira segur aski, baita agian hamarkadatan ere.

Siriari buruzko negoziazioei dagokienez, posible ahal da hain jarrera eta ideologia ezberdineko taldeak ados paratzea?

Ez dut uste etorkizun hurbilean posible denik. Eragile gehiegi daude kontrako interesekin: Al-Assaden etorkizunaren inguruko eztabaida, kurduen lurraldetasun anbizioak, Iranek lagundutako milizien rola, Al-Nusra Frontearen indartzea...

2014an Erresuma Batuko Parlamentuko Defentsa Batzordean agerraldia egin zenuen EIren eta Irakeko egoeraren inguruan. Orain, Erresuma Batua Sirian eta Iraken ari da esku hartzen.

Agerraldiaren helburua zen Irakeko egoera baloratzea EIren agerpenarengatik, eta Erresuma Batuaren politikak zein aukera zeuzkan ikustea. Inondik ere ez zen lotua egon Erresuma Batuak gero Sirian eta Iraken bonbardaketak egiteko hartutako erabakiarekin. Nire ikuspegia analitikoagoa izan zen: sunitek zituzten eragozpenak, milizia xiiten fenomenoa... Nabarmendu nuen ere ezin zitekeela egon soilik Irakera mugatutako politika bat.

AEBetako eta Europako Batasuneko agintariek azken egun hauetan adierazi dute EIren buruzagi gorenek Libiara alde egin lezaketela. Badago halako mugimendurik?

EI Libian koloniak sortzen ari denez, EI zentraletik (Siria-Irak) goi mailako kideak mugitu ditu. Horietako bat Abu Nabil al-Anbari izan zen. Irakeko Saladin probintziako EIren gobernadorea zen, baina Libiara joan eta AEBen aire eraso batean hil zen. Baina oraindik ez dut ikusten zantzurik adierazteko EIren buruzagitza Libiara migratzen ari dela erretiratzeko plan baten gisan.

EIk egindako agiriak eskuratu dituzu. Ziur hainbat zerbitzu sekretu eta erakunde boteretsu ere bilketa lanetan ariko direla. Nola moldatu zara informazioa lortzeko?

Konbinazio bat, iturri irekien artean ?sare sozialetan hagitz material ona aurkitu daiteke?, eta 2014ko abenduan Siria iparraldera egin nuen bidaia batean egindako kontaktuen artean. Duela urtebete hasi nintzen agiriak biltzen ahozko iturriak baino fidagarriagotzat nituelako, EIren kontrolaren beldurragatik, eta horrelako gauzengatik.

Informazioa lortzeko muturreko ideologia duten islamistekin harremanetan paratu izan zara.

EIko zenbait borrokalarirekin eta jarraitzailerekin harremana izan nuen informazioa lortzeko 2013-2014an, baina orain normalean ez naiz halakoetan sartzen. Alde batetik, orduan jende horrek askatasuna zuen sare sozialetan, baina orain Twitterrek, Facebookek eta bertzek eraginkortasun handiagoz ezabatzen dituzte kontu horiek. Horrez gain, EIk berak debekuak ezarri dizkie kideei, kanpoko munduarekin ez daitezen harremanetan paratu baimenik gabe. Harreman horiek zailak izan daitezke, hagitz erraza baita iturri bat erretzea galdera gogor bat egiten badiozu. Uste dut 2013-2014an EIko kide anitzek kazetariekin jolasten zutela arreta paratuz huskeriatan, haien jarreraren alde ilunagoei garrantzia kentzeko. Hori izan zen nire bertze arrazoietako bat erabakitzeko arreta agirietan paratzea. Hala ere, oraindik kontaktua badut Siriako gerra zibilaren alde guztietako eragileekin. Matxinoekin solas egitea da errazena, eta erregimenaren aldekoek dirudite paranoikoenak eta kanpoko munduarekin harremanetan paratzeko borondate gutxien dutenak. Erdian harrapatutako zibilak ere badaude; adibidez, Jabal al-Summmaq eskualdeko druzoak. Haiei buruz zabal idatzi dut.

Gatazka aspaldian propaganda gerra handi bat ere bihurtu da. Nola aurre egin sinesgarritasunaren erronkari?

Desinformazioa arazo handi bat da gerra honetan, dudarik gabe. EIren agiriei dagokienez, adibidez, hainbat faltsutze bueltaka ibili dira hortik, eta Zainab Bangura NBEko goi ordezkariak eta Konponbide Atxikia Operazioko [AEBek EIren aurka dutena] bozeramaile Steve Warren koronelak ere sinesgarritasuna eman zieten halako banari. Gida bat idatzi dut faltsuak egiazkoetatik bereizteko. Jatorrizko iturriaren agenda eta sinesgarritasun iragana ikertzea komeni da.

Abenduan The Guardian-ek argitaratu zuen EIren estatu ereduaren inguruan zuk lortutako txostena. Zein ondorio nagusi atera duzu hori ikertuta?

Ez nuke ondorio nagusi bat aterako, horrek itzal eginen liekeelako bertze aurkikuntzei. Adibidez, paperean ageri da atzerriko eta bertako borrokalariak integratzeko politika, eta hori baieztatzen du herrialdeka eratutako batailoien desagertzeak. Horiek desegin zituzten ez sortzeko Kalifarenganakoa ez den bertzelako leialtasunik. Bertze ondorio aipagarri batzuk ekonomiari buruzkoak dira: adibidez, nola kudeatu behar den petrolio industria. EIk eduki behar du petrolio guneen jabetza, eta soilik lotura dutenek inbertitu dezakete horietan. Hala ere, kide ez direnek erosi dezakete guneetatik, eta gero birfindu eta EIren lurretan edo handik kanpo saldu. Eta, azkenik, komunikabideak ere aipatuko nituzke. Kategoria bat dago, hedabide laguntzaileak; hori zehazki bat dator Amaq News izeneko hedabide batekin. Maiz EIren aldeko edo EIrekin lotutako gisa deskribatu ohi da, baina hedabide laguntzaile baten kasu argia da; beraz, EIk kontrolatzen du.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Donostiako Ramontxu Berri tabernan egondako 683 laguni egin ziete proba, atzo ©Gorka Rubio / Foku

Hego Euskal Herrian, 492 positibo

Berria

Pertsona bat hil da Nafarroan, uztailaren 15etik lehena. Uztailaren 27tik abuztuaren 3ra Galdakaoko Muguru tabernan izan ziren 420 laguni PCR proba egingo diete, eta Donostian PCR-ak egiten jarraituko dute Ramontxu Berriko bezeroei.

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, iragan astelehenean, Gasteizen ©Jaizki Fontaneda / Foku

«Erantzukizunerako» deia egin du Iñigo Urkulluk

Joxerra Senar

Sare sozialetan zabaldutako ohar batean, Eusko Jaurlaritzako jarduneko lehendakariak ohartarazi du «denen artean ahal den guztia» egin behar dela lehen olatuan bizitako egoera dramatikora ez itzultzeko.

 ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Eragile guztiekin biltzeko eskatu dio oposizioak Eusko Jaurlaritzari

Olatz Esteban Ezkati

538 positibo atzeman dituzte Hego Euskal Herrian, iragan astean halako bi. Ospitaleratzeak ere bikoiztu egin dira egun batean: 103 pertsona daude erietxean.

 ©RAUL BOGAJO / FOKU

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna