Albistea entzun

Leire Etxaniz eta Olatz Arrizabalaga

Aitzindarien txapela

Emakumeen Master Cup txapelketa irabazi berri dute, Euskal Herrian emakumezkoentzat antolaturiko lehen esku-huska txapelketa. Partida gehiago eskatu dituzte, modalitatea sendotu eta zabaltzeko.
Olatz Arrizabalaga eta Leire Etxaniz, Emakumeen Master Cup-eko txapelekin, herenegun, Zornotzan.
Olatz Arrizabalaga eta Leire Etxaniz, Emakumeen Master Cup-eko txapelekin, herenegun, Zornotzan. JUANAN RUIZ / ARP

Imanol Magro Eizmendi -

2017ko martxoak 7

Urteekin ikusiko da historiarako bi txapel diren edo ez, txapelketak egiten duen ibilbidearen arabera, baina argi dago aitzindarien txapelak direla. Leire Etxanizek (Markina-Etxeberria, Bizkaia, 27 urte) eta Olatz Arrizabalagak (Gautegiz Arteaga, Bizkaia, 19 urte) jantzi zituzten herenegun, Zornotzan, pilotalekua bete zuten ikusleen txalo artean. Emakumeen Master Cup txapelketako elite mailako finala irabazi zuten —22-14, Nagore Arozena eta Maider Mendizabalen aurka—, eta, ofizialki, Euskal Herrian antolaturiko emakumezkoen lehen esku-huska txapelketako txapeldunak dira.

Pozik esnatu ziren biak atzo, baina txapelak ez zituen eguneroko jardunetik libratu. Arrizabalagak enpresa ikasketak egiten dihardu, eta Etxanizek, Lehen Hezkuntzako irakasle praktikak. «Eskuak handituak eta ubelduak ditut. Egun osoa izotzetan jarrita. Partida gogorra izan zen, eta pilotak, berri-berriak. Gainera, urtean behin bakarrik jokatuta, zaila da eskuak gogortzea», azaldu du Etxanizek. Ez da gutxiagorako, finalak 54 minutu iraun zuelako eta 749 pilotakada jo zituztelako. Arrizabalaga izan zuen bizkartzain, eta hark ere nabaritu zituen tratuaren ondorioak eskuin eskuan. «Finala txapelketako partida gogorrena izan zen. Gure asmoa Mendizabal nekaraztea zen; horretarako, atzera jo genuen, eta ondo irten zitzaigun, baina lan asko egin behar izan genuen».

Irabazita, baina, mina beti txikiagoa da. «Oroitzapen oso polita dut. Ez zen erraza izan, eta pilotalekua beteta ikusteak motibatu egiten zaitu. Hainbeste jenderekin, errazago ematen duzu zure onena», azaldu du Etxanizek. Asteburuko bigarren finala zuten biek, palan ere goi mailan ari baitira, eta iragan ostiralean Euskadiko federazioak antolatzen duen elite mailako txapelketako titulua izan zuten jokoan. Elkarren aurka aritu ziren, binaka, eta Etxanizek irabazi zuen. «Bi txapelak izan ziren poz handiak. Esku-huskakoa agian handiagoa, jende gehiago zegoelako harmailetan».

Txapelketa gehiago

Irabazleen ustez, Emakumeen Master Cup-a arrakastatsua izan da. Ikuslerik ez da falta izan jaialdietan, eta uste dute kirol maila oso ona izan dela. «Partida onak izan dira oro har. Parte hartu dugun pilotariok maila polita eman dugu», goratu du Etxanizek. Arrizabalagak, baina, hutsunea txapelketen faltan ikusten du. «Txapelketa gehiago behar ditugu. Palan egutegi finko bat dugu, eta horrek gora egiten laguntzen dizu. Eskuz antzeko zerbait beharko genuke». Oraingoz, uztailean Añorgako txapelketan jokatzeko deitu diete —Etxanizek ezetz esan die—, gizonezkoekin batera, eta Aste Santuan Leongo (Espainia) herri batera joango dira.

Elite mailako txapelketa jokatu duten ia pilotari guztiak palaz lehiatzen dira. Bi txapeldunak umetan eskuz hasi ziren, aurkari eta txapelketarik gabe gelditu ziren arte. Gero hartu zuten pala. Arrizabalagak, jarraian, 14 urterekin, eta Etxanizek, 22rekin, aurretik futbolean ibili ondoren; besteak beste, Eibarren. Biek uste dute posible dela bi modalitateak uztartzea. «Niri eskua gehiago gustatzen zait», gehitu du Arrizabalagak, baina ez luke pala utziko. «Uste dut biak batera egin daitezkeela. Eskuz, eskuak dira sufritzen dutenak; palaz, berriz, besoa kargatzen da. Torneoak behar bezala jarriz gero, bietara joka daiteke».

Txapelketak ilusioa eragin du pilota munduan, eta etorkizunerako ongarri izatea espero dute. «Telebistaz ikusi gintuzten neskak pilotan hastea gustatuko litzaidake. Pilotan joka daitekeela erakutsi dugu, eta ea erakartzen ditugun. Oihartzun handia izan du finalak, eta hori baliatu behar dugu», esan du itxaropenez Etxanizek. Haren klubean, Abadiñon, bi emakume daude bakarrik; Arrizabalagarenean, berriz, Larrabetzun, hogei bat dituzte palaz eta eskuz jokatzen.

Master Cupeko antolatzaileek buruz buruko txapelketa bat antolatzeko asmoa plazaratu dute, eta heldu den urtean berriz jokatuko da binakakoa. Emakumezkoen esku-huskak aurrera egin dezan, baina, erakundeen babesa ere behar da. Federazio mailako txapelketak antolatzea pauso interesgarria litzateke, dena esku pribatuetan utzi gabe.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Budimir eta Moncayola Osasunako jokalariak, burumakur, atzo, Celtaren aurkako partidan, Balaidosen. ©SALVADOR SAS / EFE

Zalantzati segitzen du oraindik

Eñaut Agirrebengoa

Osasuna bigunegi aritu da Celtaren zelaian, eta esku hutsik gelditu. Ongi ekin dio lehiari, baina ez da gai izan Mallo eta Minaren golei erantzuteko

Iñaki Williams eta Iker Muniain Athleticeko jokalariak. ©Julio Muñoz / EFE

Athleticek Kopan sendatu nahi du Superkopako zauria

Ainara Arratibel Gascon

Zuri-gorriek final-zortzirenetako kanporaketa jokatuko dute gaur, Bartzelonaren kontra. Marcelinok aldaketak iragarri ditu hamaikakoan

Fausto Mota kopilotua, eskuinean, haren taldekide Rui Oliveirarekin, Dakar rallyan. ©FAUSTO MOTA

«Orientazio sena izan behar du kopilotuak»

Mikel O. Iribar

Mota kopilotu gisa aritu da lehendabizikoz Dakar rallyan, aurretik motoetan sei alditan parte hartu eta gero. Hamaseigarren amaitu du, haren taldekidearekin batera, T4 kategorian. «Asko gozatu dut», aitortu du.
Tropela Zarautzetik Getariarako bidean, iazko itzuliko bosgarren etapan. ©Jon Urbe / FOKU

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.