Albistea entzun

Txirrindularitza. Euskal Herriko Itzulia: eguneko erreportajea

Etsi-etsian, oinez bestela

Mikel Astarlozak bertatik bertara aztertu ditu BERRIArekin gaur Aian gora amaituko den etapa eta bihar errepide horietan jokatuko den erlojupekoa.
Mikel Astarloza, ahalegin betean, Aiako azken aldapa gogorrean, Aritzmendi baserritik gora dagoen errepide estuan.
Mikel Astarloza, ahalegin betean, Aiako azken aldapa gogorrean, Aritzmendi baserritik gora dagoen errepide estuan. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS

Unai Zubeldia -

2015eko apirilak 10 - Aia

Eskertuko nuen beste piñoiren bat, ez pentsa!». Bila hasita ere, Euskal Herriko errepideetan zaila da 200 metro luzeago aurkitzea. «39-25 garapenarekin igo dut nik azken aldapa, eta muga-mugan ibili naiz». Muga-mugakoa delako Aiara bidean dagoen aldapa, Aritzmendi baserritik gora dagoena. «Txirrindulariek ere 25eko piñoia baino handixeagoa beharko dute, ziurrenik, lehen igoeran eroso samar joan ahal izateko eta hankak gehiegi ez gogortzeko». Eibarren hasi eta Aian amaituko da gaurko etapa, Euskal Herriko Itzuliko bosgarrena, eta Mikel Astarlozak (Pasai San Pedro, Gipuzkoa, 1979) BERRIArekin bertatik bertara aztertu ditu azken kilometro gorabeheratsuak. Gaurko etapakoak eta biharko erlojupekokoak. 155,5 kilometro dauzka Eibar eta Aia artekoak, eta 18,3 erlojupekoak.

Eibartik abiatuta, Kalbario (3), Itziar (3), Garate (2), Urraki (1) eta Alkiza (2) igo beharko dituzte txirrindulariek gaur Asteasura bidean. Andatzarrate igota iritsiko dira Aiara, eta hor ekingo diote Aia eta Orio lotuko dituen zirkuitu bikoitzari. Txirrindulariei 36 kilometro geratuko zaizkie lehen aldiz Aiara iristen direnean. «Hortik aurrera, jaitsiera luzearen ondoren, Andatzara iritsi bitartean erritmoa asko bizitzea izango da gakoa, tropela luze-luze egin eta bakoitzak bere taldeburua tropel buruan kokatzeko», hasi du azalpena pasaitarrak. «Aritzmendi baserritik gora igoko dira lehen itzuli horretan, Andatza auzoa atzean utzita, eta taldeburuentzat ez da kaltegarria izango igoera hori, kilometro gutxi geroago zerekin topo egingo duten ikusi ahal izango dutelako ezagutzen ez dutenek».

Astarlozak ez du uste lehen igoera horretan oilarretako inor mugituko denik. «Nahiz eta leku aproposa den taldekide indartsu batzuk lanean jarri eta hala nahi duen taldeak lasterketa gogortzeko». Aia eta Orio ingurukoak «errepide estuak» direla gogoratu du gipuzkoarrak. «Eta ezinbestekoa izango da tropel buruan ondo kokatuta joatea. Zati horretan, taldeburuek baino lan garrantzitsuagoa izango dute taldekideek». Aritzmenditik gora behin Aiara iritsita, 18,3 kilometro geratuko zaizkie helmugara iristeko. «Horietatik ia hamabost aldapa behera edo ordekan. Talde lanean ibili behar dutenek lepo lan egin beharko dute kilometro horietan, pedalei eragin beharrekoa delako jaitsiera».

Lehen itzulian ez bezala, jaitsiera luzearen ondoren txirrindulariek Altxerri jatetxetik barrena helduko diete aldapatzarrei, Errota jatetxean eskuinera hartuta. «Hortxe dago %20ko batez bestekoa daukan aldapa motz baina gogor bat, eta oso gorabeheratsua da hortik bidegurutzera arteko bidea». Erritmo politean, traktorearekin lehian egin du Astarlozak Altxerri paretik mendiko pankartapera arteko bidea, bide bazterrean geratuta dagoen autoren batetik animo oihuak jasoz.

Hauspoa ondo berotuta eta Aia begien bistan dutela, zuzenean herrira iritsi gabe Lokatera bidean ezkerrera hartu, eta Aritzmendi baserrira jaitsiera txiki bat izango dute txirrindulariek. «Eta azken aldapa gogor-gogorrarekin amaituko da etapa». Lehen itzulitik ezaguna izango duten arren, oso tentea da azken igoera hori. «Baina ez dut uste faboritoen artean alde handirik izango denik. Hain gogorrak dira aldapa hauek, oinez igota ere ezinezkoa da denbora asko galtzea». Behin aldapa igo eta gorputza bere onera ekarrita, Astarlozak gehiegi pentsatu gabe egin du gaurko etapa irabazteko balizko hautagaien deskribapen zehatza: «Txirrindulari txikiak, arinak, igotzaileak eta esplosiboak dira Aiako etapa gogor hau irabazteko hautagai argiak».

Erlojupeko berezia

Gaurko kontuak izango dira horiek, baina tamaina bereko ikuskizuna edo are handiagoa espero da bihar, 18,3 kilometroko erlojupekoan. Bakarkako lana aipatu eta Tony Martinen (Etixx) izena botatzea, biak bat izaten dira normalean. «Eta apustu egin beharko banu, alemaniarraren alde egingo nuke nik ere». Euskaltel-Euskadiko txirrindulari ohiak argitu du «erlojupeko arraroa» dela. «Aldapa behera hasiko direlako, eta bi aldapa gogor izango dituztelako gero». Ezinbestekoa izango da indarrak ondo neurtzea. «Pedalei eragin beharrekoa delako jaitsiera, eta gogorra amaiera».

Ikusi egin beharko da faboritoek zein estrategia erabiltzen duten, baina gerta liteke erlojupekoaren erdian batzu-batzuek bizikleta aldatu nahi izatea. «Nik horixe egingo nuke, behintzat», onartu du, irmo. «Tony Martinen gisako txirrindulari indartsu batek jarritako guztia mugituko du lehen zatian, beherakoan. Zati horretan ez da beharrezkoa bizikleta arina edukitzea, eta alde politak lor daitezke». Igoeretarako, berriz, «ahalik eta bizikletarik arinena» beharko dute txirrindulariek. Non aldatu, ordea, bizikleta? «Zatirik gogorrenean eta hortik gertu, zenbat eta erritmo apalagoan joan, orduan eta denbora gutxiago galtzen delako bizikleta aldatzeko lanean». Segundo kalkuluan hasita, «hamar-hamabost segundora» mugatu du Astarlozak.

«Eguraldi ona» eskatu zuen pasaitarrak ibilbidea aztertu zuenean, baina, iragarpenek asmatzen badute, busti amai daitezke gaurko eta biharko egunak. «Baina eguraldi onarekin edo txarrarekin, jendetza handia bilduko da hemen, eta ikuskizun ederrarekin gozatuko dugu».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Adnan Januzaj eta Alexander Sorloth, elkar besarkatzen, Realeko atzoko bi golegileak, Anoetan. ©JON URBE / FOKU

Nagusitasunez irabazita egin du aurrera

Jon Ander De la Hoz

Realak Atletico Madrili irabazi dio, eta Espainiako Kopako final-laurdenetan ariko da. Txuri-urdinek neurketa osoa jokatu dute, eta arazorik gabe lortu dute gailentzea

Iñaki Williams eta Iker Muniain Athleticeko jokalariak. ©Julio Muñoz / EFE

Athleticek Kopan sendatu nahi du Superkopako zauria

Ainara Arratibel Gascon

Zuri-gorriek final-zortzirenetako kanporaketa jokatuko dute gaur, Bartzelonaren kontra. Marcelinok aldaketak iragarri ditu hamaikakoan

Budimir eta Moncayola Osasunako jokalariak, burumakur, atzo, Celtaren aurkako partidan, Balaidosen. ©SALVADOR SAS / EFE

Zalantzati segitzen du oraindik

Eñaut Agirrebengoa

Osasuna bigunegi aritu da Celtaren zelaian, eta esku hutsik gelditu. Ongi ekin dio lehiari, baina ez da gai izan Mallo eta Minaren golei erantzuteko

Fausto Mota kopilotua, eskuinean, haren taldekide Rui Oliveirarekin, Dakar rallyan. ©FAUSTO MOTA

«Orientazio sena izan behar du kopilotuak»

Mikel O. Iribar

Mota kopilotu gisa aritu da lehendabizikoz Dakar rallyan, aurretik motoetan sei alditan parte hartu eta gero. Hamaseigarren amaitu du, haren taldekidearekin batera, T4 kategorian. «Asko gozatu dut», aitortu du.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.