Albistea entzun

Txirrindularitza. Euskal Herriko Itzulia: eguneko erreportajea

Bi hankadun ospitaleak

Itzuliko mediku ofizialak dira Jose Ignacio Azurmendi eta Iñaki Novo. Itzuliko gorabehera guztiei erantzutea dute beren lana. Ezinbesteko jarduna da haiena.
Alfredo Galarraga, Iñaki Novo, Sara Lizeaga, Jose Ignacio Azurmendi eta Jose Mari Laskurain, Zumarraga eta Arrate arteko etapa hasi aurretik.
Alfredo Galarraga, Iñaki Novo, Sara Lizeaga, Jose Ignacio Azurmendi eta Jose Mari Laskurain, Zumarraga eta Arrate arteko etapa hasi aurretik. G. ARANBURU / ARP

Unai Zubeldia -

2015eko apirilak 11 - Zumarraga

Erorikoa, erorikoa!». Eta dortsalen zerrenda luzea atzetik. Maria Pintueles itzuliko irratitik entzuten den ahotsaren jarraipena dira Jose Ignacio Azurmendi (Durango, Bizkaia, 1963) eta Iñaki Novo (Laukiz, Bizkaia, 1971). «Lasterketako medikuak gara gu». Ezinbesteko langileak. «Lasterketan gertatzen diren gorabehera guztiei erantzutea da gure lana». Traumatologoa da Azurmendi, eta larrialdietako medikua Novo, baina orotariko mediku bihurtzen dira errepidean. Tropelarekin batera joaten dira, «autoetan», eta, «funtsezko garrantzia» eman diete auto gidariei. «Jose Mari Laskuraini eta Alfredo Galarragari». 27. urtea du jada lehenengoak, eta 38.a bigarrenak. «Esperientzia handia daukate biek, eta horrek asko errazten du lana». Itzuliko mediku lanetan, berriz, hemezortzi urtean dabil Azurmendi, eta bigarrena du Novok. «Egun konpromisoa desagertzear dagoen arren, egitura profesional honetan lan altruista da gurea».

Azurmendik onartu du urteen poderioz «dezente» aldatu dela medikuen lana. «Garai batean taldeek ez zeukatelako medikurik beren egituran». Etapa amaituta, hotelez hotel ibili behar izaten zuten orduan «zauriak sendatuz». Egun, bestelakoa da errealitatea. «Talde guztiek dauzkate medikuak, eta, gutxi-asko, lasterketakoa bakarrik da gure jarduna, nahiz eta txirrindulariren bat ospitalera bideratzen dugunean jarraipena egiten dugun. Haien esanetara egoten gara laguntzera joateko».

Durangarrak azaldu duenez, «hiru komunikazio bide» dauzka medikuen autoak. «Itzuliko irratia daukagu, batetik; DYArena, bestetik, behar den guztietan haiekin hitz egiteko; eta, horrez gain, beste bat ere badaukagu, antolatzaileekin harremana izateko». Alde horretatik, DYAren lana «funtsezkoa» dela azpimarratu du Novok. «Haien lanik gabe ezinezkoa litzateke hau guztia gauzatzea». Argigarria da Azurmendiren xehetasuna. «Denok batera ekiten diogu lasterketari, baina ihesaldia gauzatzen denean edo lasterketa apurtzen denean, ezinezkoa da gu leku guztietan egotea». Itzuliko medikuen eta DYAko anbulantzien artean berehalako komunikazioa egoten da horrelakoetan. «Edozer gertatzen dela ere, ahalik eta azkarren erantzuteko».

Guztien lana errazte aldera, etapa bakoitzean zehatz aztertuta edukitzen dute gertueneko ospitaleak non dauden. «Tarteka izaten dira arazoak, mendateren bat igotzen hasi, ezustekoren bat izan, eta anbulantzia beste haranean egoten delako, agian». Azurmendik onartu du irratiko komunikazioa zaila izaten dela horrelakoetan. «Baina sakelakoek asko erraztu dute gure lana». Alde horretatik, urte batzuk atzera eginda, medikuen lana «beste mundu bat» zela onartu du. «Teknologia berriek izugarri lagundu digute berehalako erantzuna ematen».

«Tentsio handiko lana» da medikuena. «Beti pentsatu behar duzulako zerbait gerta daitekeela». Gertatzen denean, gainera, azkar dago erreakzionatu beharra. «Lasterketa ez delako gelditzen. Erori eta min hartu duen txirrindulariari kasu egin bai, baina berehala joan behar izaten dugu aurrera, tropelak ez duelako itxoiten». Beste kirol batzuekin alderatuta, txirrindularitzak zailtasun hori daukala azpimarratu dute biek. «Futbolean, adibidez, gelditu egiten da jokoa, eta medikuak zelaitik joan arte ez du epaileak berriz jokoa hasteko agintzen. Txirrindularitzan ezinezkoa da hori».

Txirrindularien eta medikuen arteko lotura ez da erorikoetakoa bakarrik izaten. «Mila kasu egon daitezkeelako; erleen ziztadak, esaterako». Kasu bereziak izaten dira horiek. «Kasu horietan, adibidez, beste edozein pertsonari ez bezala, ezin diegu eman kortikoiderik, positibo emango luketelako». Tripako minak, alergiak... Denetariko arazoei aurre egin behar izaten diete medikuek, baina Azurmendik onartu du erorikoena izaten dela ohikoena. «Eta bitxia izaten da une hori, kolperen bat hartu eta shock egoeran daudenean, txirrindulariek, askotan, ez diotelako erantzuten medikuari. Zuzendariaren edo ezagunen baten ahotsa entzun nahi izaten dute aurretik».

Eguraldiari begira beti

Esnatzerako xehetasun bati begiratzen diote biek. «Eguraldiari». Dezenteko zortea izaten ari dira aurten Itzulian, medikuen lana erabat desberdina izaten delako euripean edo eguzkipean. «Errepidea bustita dagoenean, ez da izaten arazo handirik; baina euria hasten duen momentu horrek beldurra ematen du». Hori bai, Azurmendik gehitu du ustez arrisku handiena dagoen uneetan izaten dela, askotan, eroriko edo arazo gutxien, txirrindulariak «oso-oso adi» joaten direlako.

Harreman estuegirik ez da sortzen txirrindularien eta medikuen artean. «Badaezpada ere, medikuarengana ez gerturatzeko nahia egoten delako tropelean». Itzulian hemezortzi urte beteta, jakina, «laguntasun berezia» sortzen da batekin ez bada bestearekin. «Baina lan profesionala da gurea». Frantsesa da medikuen hizkuntza ofiziala. «Baina, gaur egun, egunerokoan, ingelesera jo beharra izaten da askotan». Behin lasterketa amaituta, berriz, «mediku txosten bat» prestatzen dutela argitu du Novok, «sekretu profesionala gordez, noski, zehaztasun askorik eman gabe». Hizkuntzari dagokionez, «frantsesa eta gaztelania» erabiltzen dira txosten horietan.

«Tentsioan» bizi dira. «Hemezortzi urte beteta ere, oraindik ez naiz ohitu. Baina, batetik, tentsio hori ona dela uste dut». Osakidetzako larrialdietan lan eginda, Novorentzat, «zoritxarrez», ohiko jarduna da berehalako erantzuna ematea. «Baina egia da urduritasun berezia nabaritzen dela lasterketan». Medikuek ez dute irabazten etaparik, baina ezinbesteko helduleku bihurtzen dira Itzuliaren egunerokoan. Isilean. Baina zintzo erantzunez beti.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Novack Djokovic 2021eko Roland Garroseko neurketa batean. ©YOAN VALAT, EFE

Txertatu ezean, Djokovicek ezinen du jokatu Roland Garrosen

Uxue Rey Gorraiz

Frantziako Gobernuak atzera egin du. Kirol ministroak iragarri du soilik txertoaren pauta osatua dutenek hartzen ahalko dutela parte kirol jardueretan.

Modric, Real Madrilen lehen gola ospatzen. ©STR / EFE

Ez du hozka egin

Iñaki Berastegi

Athleticek 0-2 galdu du Real Madrilen aurka Superkopako finala, Modricen eta Benzemaren golekin. Madrildarrak nagusi izan badira ere, Athleticek azken txanpan estutu du. Courtois atezainak penalti bat gelditu dio Raul Garciari.

Peña II. pilotari ematear, atzo, Gasteizko Ogeta pilotalekuan, Jaca begira duela. ©Jaizki Fontaneda, FOKU

Peña II.a eta Albisu gailendu dira Binakako Txapelketako bederatzigarren jardunaldian

Berria

Txapelketako laugarren garaipena erdietsi dute Peña II.ak eta Albisuk; hirugarrena dute segidan. Jaka eta Mariezkurrena ez dira fin aritu, huts franko egin dute, eta apenas izan duten lehiari eusteko aukerarik.

Joseba Ezkurdia, atzoko norgehiagokan egindako tantoetako bat ospatzen. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Ez dute esan azken hitza

Ainara Arratibel Gascon

Ezkurdia-Tolosak 22-18 irabazi diete Altuna III.a-Martijari. Partida gogorra eta parekatua izan da

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.