Albistea entzun

Donostia 2016. Enbaxadak

Europan zehar abiatu dira D2016 ordezkatuko duten enbaxadak

Europako 22 herrialdetako ehun hiritara autobusez, bizikletaz eta itsasontziz bidaiatuko dute hiru enbaxadek.

Senidetutako udalerrietan eta beste kultur hiriburuetan izango dira

Ane Urrutikoetxea -

2016ko urtarrilak 23 - Donostia

Donostia 2016 kultur hiriburua Europatik bidaiatzen hasi da, hiriko mugak gaindituta. Kontinentean zehar ibiliko diren hiru enbaxadak aurkeztu zituzten atzo Donostiako udaletxean, eta dagoeneko martxan jarri dira. D2016ren espiritua zabaldu, eta beste kulturen testigantza jasoko dute enbaxadek; autobusez, itsasontziz eta bizikletaz, 22 herrialdetako ehun hiritan izango dira. D2016ren zuzendari Pablo Berastegik eta D2016ren kultur zuzendari Xabi Payak aurkeztu dute proiektua, Donostiako alkate Eneko Goiarekin batera.

Europa Transit enbaxada autobusez mugituko da, eta Bakearen Itsasargiaren ordezkari lanak egingo ditu. Gatazka egoerak izan dituzten herrialdeak bisitatuko ditu, eta bakoitzean dokumental bat grabatu. Horrekin batera, Tosta izeneko enbaxadak hizkuntza gutxituak dituzten zazpi herrialde bisitatuko ditu itsasontziz, Ahotsen Itsasargiaren ordezkari; eta, azkenik, Biziz enbaxadak bizikletaz bidaiatuta jasotakoak bilduko ditu, Bizitzaren Itsasargia ordezkatuz.

Bisitatuko dituzten herrialdeen artean, Donostiarekin senidetutako udalerriak egongo dira, esate baterako, Plymouth (Montserrat), Trento (Italia) eta Wiesbaden (Alemania), eta baita kultur hiriburu izan diren edota hautagai izan direnak ere, Anberes (Belgika), Atenas, Burgos eta Zaragoza, kasurako. Elkarkidetza sustatzeko xedea dute enbaxadek, Berastegiren esanetan: «Europako geografia zeharkatuko dute hiru enbaxadek, kulturekin osatutako mosaikoa irudikatuz eta elkarbizitza sustatuz».

EUROPA TRANSIT

Bakearen itsasargiaren enbaxadak hilaren hasieran hasi zuen autobus bidaia, Ceutan (Espainia). Atzo, Donostiara iritsi zen autobusa, eta herrialdean bildutako bideo eta irudiak ikusgai jarri zituzten herritarrentzat. Dagoeneko, Belfast hirirantz (Irlanda) abiatu da autobusa.

Hamar hiritan izango dira Bakearen itsasargiaren ordezkariak; hala, Ceuta eta Belfastekin batera, Dresden (Alemania), Wroclaw (Polonia), Kaliningrad (Errusia), Pristina (Kosovo), Sarajevo (Bosnia eta Herzegovina), Plovdiv (Bulgaria), Istanbul (Turkia) eta Pafos (Zipre) bisitatuko dituzte. Herrialde bakoitzean, gatazken inguruan jasotako bizipenekin dokumental bat egingo dute, eta, ondoren, hilez hil EITBn emango dituzte martxotik aurrera.

Bestalde, mash up bat egingo dute bisitatutako herrialdeetako esperientzia guztiak mosaiko batean bilduta. Bertan, leku bakoitzean ezagututako jendearen testigantzak jaso, eta D2016ren webgunean eskegiko dituzte.

TOSTA

Itsasontziaren eserlekuek hartzen dute tosta izena, eta erreferentzia hori erabili dute Ahotsen Itsasargia ordezkatuko duen itsasontzi enbaxada izendatzeko. Atlantikoko kostaldeko hizkuntza eta kultura gutxituko zazpi herrialdetan izango da enbaxada: Irlanda, Kornualles (Erresuma Batua), Gales, Eskozia, Frisia eta Galizia.

Bidaiari ekin aurretik, proiektuan parte hartuko duten komunitateek egonaldi artistiko bana antolatuko dute beste lurraldeetako sortzaile batentzat. Hala, hizkuntza eta kultura gutxituak ardatz hartuta, artelan lana sortu beharko du herrialde parte hartzaile bakoitzak. Apiriletik aurrera, itsas edukiontzi multzo bat ibiliko da portuz portu, egonaldietan sortutako sormen lan horiek bilduz. Antolatutako jaialdietan agertoki moduan erabiliko dituzte lanak. Azkenik, itsas bidaia Errenterian egiten den Atlantikoko herrien musika eta kultura jaialdiarekin amaituko da.

BIZIZ

Bizikleta D2016ren ibilgailu ofizial izendatu dute, eta hori da, hain zuzen, Bizitzaren Itsasargiaren mezua Europan zabaltzeko erabiliko duten garraioa. Pedalei eraginez, enbaxadaren taldeak kontinenteko bost tokitara abiatuko dira: Las Palmas Kanaria Handikoa (Espainia), Atenas (Grezia), Kopenhage (Danimarka), Konstantza (Alemania) eta Kaliningrad (Errusia).

Bost espedizio horien zeregin nagusia kontinentearen geografia fisikoaren eta giza geografiaren berri ematea izango da, jasangarritasuna eta ongizatea aldarrikatuz. Ekainean jarriko dira martxan, denak aldi berean. Talde bakoitzak gai bana jorratuko du bere bidaian: arkitektura eta hirigintza, gastronomia eta nekazaritza, biodibertsitatea, komunitateak eta sexualitatea, gorputza eta osasuna. Hala, ibilbide bakoitzeko kideek bitakora koaderno multimedia bat osatuko dute, bizitako esperientziak bilduz. Misioa irailean amaituko dute, Mugikortasunaren Europako Astearekin bat eginez, eta ongietorri festa antolatuko diete hirian.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Herritar bat, asteon, Donostiako areto bateko karteldegiari begira. ©GORKA RUBIO / FOKU

LEKUA EGIN NAHIAN

Ainhoa Sarasola - Ainize Madariaga

Zinema areto, jaialdi eta ziklo gehienetan, euskarazko filmen eta azpidatzien presentzia txikiagoa da beste hizkuntzetakoekin alderatuta. Hainbat eragilek azaldu dute pixkanaka kopuru hori handituz doala, baina ehunekoei erreparatuta, salbuespenak salbuespen, oreka lortzetik urrun dago oraindik.

Cordal, erakusketako lanetako batekin. ©Aritz Loiola / Foku

Egunero, atsedenik hartu gabe

Amaia Igartua Aristondo - Bizkaiko Hitza

Isaac Cordal artistak etengabe produktiboak izatearen beharra jorratu du ’24/7′ erakusketan. Bilboko SC Gallery aretoan dago ikusgai, hilaren 28ra arte.

Cat Power, azken diskoaren promozio argazki batean. ©MARIO SORRENTI

Bizitza bat bertsioetan

Alex Uriarte Atxikallende

Cat Powerrek 'Covers' albuma plazaratu du. Bere ibilbide musikalean funtsezkoak izandako 11 egileren kantuen bertsioak egin ditu, eta 'Hate' izeneko bere abestia berrinterpretatu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.