Sanferminak. Gabriel Ezpeleta. Konpartsako buruhandi japoniarra daramana
«Konpartsako giroak hunkitu egiten nau»

Buruhandi bat lehendabiziko aldiz 1980an eraman bazuen ere, Gabriel Ezpeletak (Iruñea, 1966) txikitatik egiten zuen amets aukera horrekin. Konpartsako kide izan aurretik, buruhandiak, kilikiak eta erraldoiak dantzarazten zituztenei ura ematen ibiltzen zen. «Konpartsakoek urketari deitzen ninduten». 14 urte besterik ez zuela lortu zuen bere txikitako ametsa gauzatzea. Buruhandi baten barruan lehen aldiz sartu zenetik 35 urte pasatu badira ere, Ezpeletaren ilusioa berbera da oraindik ere.
Nola lortu zenuen konpartsako kide egonkor izatea?
Antolakuntzan ibiltzen zen Apestegia jaunari eskatu nion kiliki bat eramateko aukera 1980. urtean. Tuterako Udalak utzitako El Navarrico izan zen eraman nuen lehena. Gainontzekoetatik oso desberdina izateaz aparte, eramateko oso zaila zelako erretiratu zuten El Navarrico konpartsatik. Lehenengo aukera hura baliatu ostean, konpartsako kide egonkor bihurtu nintzen.
Nola gogoratzen duzu kilikia lehendabiziko aldiz eraman zenuen egun hura?
Lehenengo egun hura ikaragarri polita izan zen. Kilikia soinean denbora asko eraman ondoren, nekatuta nengoen. Hala ere, berriro eraman nahi nuen. Ez nuen askatu nahi izan. Lehen sanfermin haietan oso gaztea nintzen. Ez nintzen egunero ateratzen; txandaka egiten nuen. Ilusio handiarekin hasi nintzen. Egun, ilusio berberarekin jarraitzen dut. Uztailaren 6a iristeko irrikan egoten naiz beti.
Azken urteak buruhandi japoniarrarekin pasatu dituzu.
Hala da. Erraldoiak eta Caravinagre kenduta, gainontzeko pertsonaia guztiekin aritu izan naiz konpartsan pasatu ditudan 35 urte hauetan. Alde handia dago buruhandi bat eraman edo kiliki bat eraman. Kiliki batek esfortzu fisiko handiagoa eskatzen du. Osasuntsu ikusten dudan arren neure burua, lasaiago nabil buruhandi japoniarrarekin.
Caravinagre Iruñeko kaleetan dantzarazteko ideia, orduan, alboratu duzu?
Bai. Uztailaren 6an izan ezik, beste egunetan 09:30ean ateratzen da konpartsa. Ordu asko pasatzen ditugu dantzatzen soinean zama handia daramagula. Kilikien artean, Caravinagre da gehien mugitzen direnetakoa. Beraz, nahiago dut gazteagoek eramaten badute zama hori. Konpartsako kideen artean zaharrenetakoa naiz, azken finean. Buruhandiekin lasai-lasai joaten gara, haurrei eskua emanez eta argazkiak ateratzeko geldituz.
Japoniarraren burua kide batekin txandakatzen duzu.
David Sanz kidearekin batera eramaten dut burua. Esan bezala, ordu askoko ibilbide ugari egiten ditugu sanferminetan. Buruhandiarekin ez noanean, beti joaten naiz konpartsarekin batera, nire kidea laguntzen saiatuz. Buruhandia txandakatzen dudan kideaz gain, konpartsako jende asko joaten da gure aldamenean. Asko errazten dizkigute gauzak.
Euria izaten da konpartsaren etsai nagusia.
Eguraldiaren iragarpena etengabe begiratzen dut. Euria egiten badu, konpartsa ezin da atera, buruhandiak, kilikiak eta erraldoiak hondatu egingo liratekeelako. Ateratzen ez garenean, triste jartzen naiz. Bereziki atsekabetu ninduen Erruki Etxera joan gabe gelditu ginen aldi batekoak. Han dauden agureak bisitatzera joaten gara konpartsarekin. Egiten dugun bisita politena da agian, eta euriagatik ezin izan ginen joan.
Ibilbide ugari egiten dituzue sanferminetan.
Kale Nagusiko Ezpeleta jauregitik irteten gara batzuetan, eta autobus geltoki zaharretik beste batzuetan. Atera ez ezik, bi leku horietan ere amaitzen da noizbait ibilbidea. Ia egunero, Iruñeko hainbat eremutan aritzen gara dantzatzen. Uztailaren 7 eta 14ko ibilbideak bereziak izaten dira. San Fermin sainduaren irudiari harrera egin genion San Lorenzo parrokian. Uztailaren 14an, agurra egiten zaio. San Lorenzo parrokian, berriz ere.
Nola prestatzen zara konpartsarekin atera aurretik?
Ez dut aurreprestaketa berezirik egiten. Goiz jaikitzen nahiz. Entzierroa ikusi ondoren, lasai gosaldu, eta irten behar dugun tokirantz abiatzen naiz egunero. 35 urte konpartsan pasatu ondoren, ez naiz urduri jartzen. Konpartsako giroak hunkitu egiten nau. Sanferminetako ekitaldi politena da. Haurrak eta haiekin doazenak pozez gainezka ikusten dituzu, eta hori ikaragarria da konpartsako kideentzat. Konpartsan urte asko jarraitzea gustatuko litzaidakeela argi daukat.
Gaiak
Kinka buletina
Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.