Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Kultura Handia, txikia, pareak eta jokoa

Publizitatea

Kultura

Donostiako Nazioarteko 65. Zinemaldia. BASQUEWOOD

Handia, txikia, pareak eta jokoa

 

2017-09-26 / Urtzi Urkizu

Irudika dezagun mus partida bat Sail Ofizialeko euskarazko filma komentatzeko. Apustuan, diru asko. Jendetza karta jokalariei begira. Hara, ba, karta onak atera zaizkie Moriartiko lagunei.

Handira enbido, eta eduki. Altzoko erraldoia nola pantaila handira eraman, efektu berezi zainduak, XIX. mendeko girotzea. Ez zen erronka makala. Kartetan, ordea, erregeak atera dira. Handira puntu guztiak poltsikoratu dituzte.

Txikira tantoren bat bai, behintzat. Detaile txiki zaindu askorekin osatzen da pelikula. Osagai artistiko guztiak dira txikira irabazi direnak, filma borobilago egiteko. Txikia eman dezake bi protagonisten aitaren rolak, baina goraipatzeko modukoa da Ramon Agirreren interpretazioa. Lau hankako animalien parte hartzea ere txikitzat jo daiteke, osotasunean, oharkabeko lana dirudi. Halako txikitasunak ondo lotu gabe, ordea, ez zen ekoizpena aurrera aterako.

Pareak, bai. Enbido, bost gehiago, eta eduki. Bi anaiak, Joakin eta Martin. Sekulakoa Eneko Sagardoi eta Joseba Usabiagaren lana. Sakona bi anaien arteko harremanaren kontakizuna. Dupleak atera dira pareetan. Egokitu dira filmak behar zuen horretara.

Jokoa, bai. 31 eskutik, eta hordago. Jokoa zen errealitateko pertsonaia bat fikziora eramatea. Mundu zaharraren eta berriaren arteko talkan mamia ateratzea. Bizitzan pertsonak nola egokitzen diren kontatzea, eta horretaz hausnartzea. Partidak bukaerako zer emaitza izango duen ikusmina ez zen txikia. Hiru errege, batekoa, 31, eta partida irabazia.

Urriaren 20a iritsiko da, eta partida herriz herri eta hiriz hiri zabalduko da. Migel Joakin Eleizegik XIX. mendean ezagutu zituen hiri haietan ere ikusiko dituzte kartak. Toki haietatik harago ere bai. Eta sentituko dute Moriartikoek irabazi dutela handira, txikira, pareetara eta jokoan.

Publizitatea

Sortu kontua
Urtzi Urkizu Urtzi Urkizu

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak