Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Politika Eibarren, errepublika

Publizitatea

Politika

Estatus politikoari buruzko herri galdeketak. Eibar

Eibarren, errepublika

Elkartu ziren galdera adosteko, eta bik lortu zuten babes handiena. Bozkatu, eta berriz berdinketa. Bietan hitz bat errepikatzen zen, eta zalantzarik ez zuten egin.
Josefa Gervasia Agirrebengoa, Josefa Suinaga eta Maria Josefa Atxa, 1933. urtean, Euskal Estatutuari buruzko galdeketan botoa ematen, Eibarko Aginaga auzoan.
Josefa Gervasia Agirrebengoa, Josefa Suinaga eta Maria Josefa Atxa, 1933. urtean, Euskal Estatutuari buruzko galdeketan botoa ematen, Eibarko Aginaga auzoan. JATORRIZKO ARGAZKIA: INDALECIO OJANGUREN / ARGAZKIAREN LANKETA: IUNE TRECET (BERRIA)

2017-05-06 / Jokin Sagarzazu

Historiari eginiko keinua. Memoria kolektiboan indar handia duen gertakaria. Belaunaldiz belaunaldi transmititu dena. Talde nortasunaren ezaugarri ere badena. Fetitxe bat. Herri baten historia markatu duen mugarria. Hori eta beste hainbat esanahi ditu errepublika hitzak eibartarrentzat. «Euskal errepublika bateko herritarra izan nahi duzu?», galdetuko dute bihar han.

Leire Narbaizarenak dira aurreko hitzak. Galdera adosteko lantaldean parte hartu du berak; baita Leire Alberdik eta Eneko Astigarragak ere. Hirurek gogoan dute eztabaidetan zalantzarik ez zutela egin: «Modu batera edo bestera errepublikak agertu behar zuen», adierazi du Alberdik. «Galdera motza eta argia nahi genuen, baina baita Eibarrekin lotura zuena ere», azaldu du Astigarragak. «Zer egin du Eibarrek? Ba, errepublika aldarrikatu eta ezer gutxi gehiago; bueno, orain futbol talde bat du Lehen Mailan», erantsi du, irriz, Narbaizak.

Hirurek nabarmendu dute «hitz horrek» kokatu duela Eibar «historiaren mapan», eta horrek utzi duela arrastoa «eibartarren nortasunean». 1931. urteko apirilaren 14ko goizean, Eibarko Udala izan zen Espainiako II. Errepublika aldarrikatu zuen lehen instituzioa. Eta 1936ko gerran, Eibarren egon zen, zazpi hilabetez, erregimen hori eta Eusko Jaurlaritza sortu berria amaitu nahi zuten tropa faxisten aurkako gerra fronte nagusietako bat Euskal Herrian. Denbora tarte horretan ere, besteak beste, sufragio unibertsala onartu zen, eta emakume guztiek, lehen aldiz Euskal Herri osoan, izan zuten hauteskundeetan botoa emateko eskubidea. Eta estatus politikoaz erabakitzeko lehen erreferenduma egin zen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 1933. urtean.

«Batzuentzat, gertakari bat; beste batzuentzat, beste bat; baina, bereziki, bost urteko horretan bizi izan zen ilusioak eta askatasun giroak arrasto sakona utzi du Eibarren», laburbildu du Narbaizak. «Badakit apirilaren 14a iristen denean eztabaida egoten dela Euskal Herrian, errepublika espainola zelako-eta. Baina herri moduan batzen gaituen zerbaiten gisa ikusten dugu garai hori hemen; eta eztabaidak eztabaida, alde positiboarekin geratzen gara».

Horrekin loturik, Astigarragak gogoratu du lantaldean izandako beste eztabaida bat, bereziki adinekoen artean. «Kezka zuten hitz horrek gerra eta gatazka garaiak ekar zitzakeelako gogora; baina, era berean, onartu zuten itxaropena eta askatasun nahia irudikatzen duela ere». Bigarren ideia horri heldu dio Alberdik: «Iraganaren indarra baliagarria izan zaigu etorkizunera begiratzeko, eta gure geroaz erabaki nahi dugulako egingo dugu galdeketa».

Herri baten argazkia

27.948 biztanle ditu Eibarrek. Eta 16 urtetik gorako 24.923 herritarrek izango dute aukera iritzia emateko. Parte hartzea; hori dute eta izan dute lehen unetik kezka eta erronka nagusia lanketan parte hartu dutenek. Horri ere «erantzun» nahi dio galderak. «Ahalik eta herritar gehienek parte har dezaten, adosgune bat izan nahi du: horregatik errepublikari eginiko aipamena», azaldu du Astigarragak. Eta Alberdik: «Uste dugu Eibarren balio dezakeela ahalik eta jende gehiagorengana iristeko, politikoki leku ezberdinetan kokatzen direnengana iristeko».

Errenterian ere galdetu zuten euskal errepublikaz, martxoaren 19an. Han, baina, burujabe hitza gaineratu zuten. «Independentzia, burujabetza eta gisakoek joera jakin bat marka zezaketela uste genuen, eta horrek, gure kasuan, parte hartzean eragin zezakeela», azaldu du Alberdik. Dena den, azpimarratu du biharkoa ez dela Espainiako estatus politikoari buruzko galdeketa bat: «Euskal herritarrok euskal herritarrontzat eginikoa delako». Nolanahi den, Astigarragak uste du «euren burua errepublikanotzat duten guztiek» identifikatu daitezkeela. «Espainiako III. Errepublikaren aldekoek ere aukera dute iritzia emateko, errepublika batez galdetzen delako».

Errenteriaren ondoren, Eibar izango da herritar gehien duen bigarren udalerria galdeketa egiten. %15,5ekoa izan zen parte hartzea Errenterian. Azkenengo lau hauteskundeak alderdi ezberdin batek irabazi ditu Eibarren: EAJk Eusko Legebiltzarrerako bozetan (2016), Ahal Dugu-k Espainiakoetan (2016), PSEk udalekoetan (2015) eta EH Bildu Europakoetan (2014). Galdeketa antolatu duen taldeak aurkeztuta, mozio bat eztabaidatu zuten udalean apirilaren 24an. Oposizioko talde guztiek bat eginda onartu zen; PSEk aurka bozkatu zuen, udala halako ekinaldi batean inplikatzea egokia ez dela argudiatuta. Sozialistek %42,75eko babesarekin irabazi zituzten bozak. Galdeketaren aldekoek 6.943 boto lortu zituzten.

«Herri kementsua izan da Eibar, baina nahiko motelduta ikusten dut gaur egun», dio Narbaizak. Grina berpizteko «beharra» ikusten du Alberdik: «Herritarrok ez badugu egiten, beste inork ez du egingo».

Publizitatea

Sortu kontua
Jokin Sagarzazu Jokin Sagarzazu

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak