Udalbiltzak bere jarduna «egokitu» nahi du «errealitate politiko berrira»

Gogoeta prozesu bat hasiko du, hautetsien, herritarren eta eragileen ekarpenak jasotzeko
Loren Arkotxa, Naiara Sampedro, Luis Intxauspe eta Mertxe Aizpurua, Donostian atzo eginiko agerraldian.
Loren Arkotxa, Naiara Sampedro, Luis Intxauspe eta Mertxe Aizpurua, Donostian atzo eginiko agerraldian. JON URBE / ARP Tamaina handiagoan ikusi

Jokin Sagarzazu -

2017ko urtarrilak 25

Ez da «birfundazio» prozesu bat. Ezta bere geroa ezbaian jartzeko eztabaida ere:«Beharrezkoa da oraindik ere». Helburua da azkenaldiko «aldaketa politiko eta instituzionaletara egokitzea» bere antolamendua eta lan ildoak. «Oso gertakari politiko garrantzitsuak jazo dira 1999az geroztik, Udalbiltza sortu zenez geroztik, eta egoerak eskatzen du egungo errealitatera egokitu beharra», azaldu du Luis Intxauspe Hernaniko alkate (Gipuzkoa) eta Udalbiltzako lehendakariak.

Udalbiltza Bagabiltza gogoeta prozesua jarri du martxan erakundeak: apirilean, udal hautetsien iritziak bilduko ditu; maiatzean, herritarrenak; eta ekainean, eragileenak. Bilera irekiak egingo ditu hainbat eskualdetan; edonork parte har dezake saio horietan, eta aukera egongo da Internet bidez ere ekarpenak egiteko. Uztailean, ondorioen txostena osatuko du, eta udazkenean aurkeztuko du.

Azken urteetako gertakariei buruz, Udalbiltzako lehendakariak hauek nabarmendu ditu: Euskal Elkargoaren sorrera, Nafarroako «aldaketa politikoa», legez kanporatzeen aroaren amaiera eta horrek eragin duen «errealitate instituzional berria», eta ETAk bere jardun armatua utzi izana. Uste du egoera horretan «normalizatu» egin daitezkeela Udalbiltzaren eta beste instituzioen arteko harremanak eta, funtsean, erakundearen beraren lana. Bide horretan, azaroan izan ziren Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiarekin, eta «laster» bilduko dira Bizkaikoarekin eta Arabakoarekin, eta baita Eudel eta Nafarroako Udalerri eta Kontzejuen Federazioko kideekin ere. Hiriburuetako alkateekin biltzeko eskaerak ere egin ditu Udalbiltzak.

«Beste inork ez du egingo»

Intxauspek gogoratu duenez, 2013an ekin zion berriz Udalbiltzak, legez kanporatzeen prozesu luze bati aurre egin ondoren. Azkenengo urteetan ere jo dute erakunde horren aurka, baina legezkotzat jo dute bai Udalbiltza partzuergoaren jarduna, bai udalek erakunde horri emandako diru laguntzak, Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan zuen ordezkari Carlos Urkijok jarritako salaketen auzietan epaitegiek ebatzi dutenez.

Gaur egun, 62 udalek osatzen dute partzuergoa —horren bitartez kudeatzen du udaletatik jasotzen duen dirua—, eta milatik gora hautetsik babesten dute erakundea; EH Bildukoak eta EH Baikoak bereziki, eta independente batzuk. Intxauspe da lehendakari iazko otsailetik.

Donostiako udaletxean egindako agerraldian, Udalbiltzak aurretik izandako bi lehendakarirekin izan da Intxauspe, Loren Arkotxarekin eta Mertxe Aizpuruarekin —Naiara Sampedro EH Bilduko zinegotziak ere parte hartu du—. Hirurek gogoratu dute «erakunde publiko nazional bakarra»dela Udalbiltza, eta azpimarratu dute haren lana «beharrezkoa» dela «gaur egun ere».

«Udalbiltzak betetzen duen funtzioa ez du beste inork betetzen», adierazi du Intxauspek, eta horren adibideak jarri ditu Aizpuruak: «Udalbiltzak gauza txikiak egiten ditu, baina uzten duen arrastoa sakona da; historikoki bizkar emanda bizi diren herri asko elkarlanean jartzen ditu, eta egituratu egiten du desegituratuta dagoen herri bat». Azken urteetan garatutako proiektuetatik bat azpimarratu du: Pirinioetan Lan eta Bizi programa. Arkotxak, berriz, udal hautetsiek euskal politikan jokatzen dute rola nabarmendu du. «Euskal Herriak bere garai historikoetan beti jo du udal hautetsiengana. Haiek dute herritarren konfiantza zuzena. Herri honen arazoen irtenbide gehienak hautetsien bitartez konpon daitezke; tokian tokitik hel daitezke toki guztietara».

1999an sortu zen Udalbiltza, EAJ, EA eta EHk babestuta. Orduan adostu zituzten bost printzipioak indarrean jarraitzen dutela gogoratu du Arkotxak. Lizarra-Garaziko prozesuaren hausturarekin batera, bitan banatu zen, eta 2003an legez kanporatu zuten ezker abertzaleko hautetsiek osatzen zutena. 2011n absolbitu zituzten auzipetu denak.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Txagorritxuko erietxean, COVIDaren test serologikoak aztertzen. ©G. RUBIO / FOKU

Eritasunari buruzko lezio berrikusia

Arantxa Iraola

Asko falta da oraino, baina COVID-19aren inguruko ezagutzak egunero ari dira argitzen, osatzen; ondorioz, izurriaren hasieran gaitzaz esan ziren hainbat gauza zahartuta eta atzeratuta geratu dira guztiz. Etengabeko berrikusketa eskatzen du gai honek.

Langile bat, Garesen, piperra biltzen iaz. ©Jesus Diges / efe

Nafarroan, PCR probak egingo dizkiete sasoikako langileei

Joxerra Senar

Abuztutik urrira bitartean, ardorako mahats bilketan edo bestelako barazki eta fruituen uzta bilketarako Nafarroaz kanpotik etorriko diren langileei probak egingo dizkiete, etan positibo emanez gero, konfinamenduan lagunduko die gobernuak.

Basurtun, PCR probak egiten ©Javier Zorrila / efe

300 positibotik gora Hego Euskal Herrian

Berria

Bizkaian eta Araban gorakada nabarmenak izan dira.

Pentsionisten elkarretaratzea Bilboko Justizia Jauregian. ©Aritz Loiola

Pentsiodunek pandemiako testigantzen txosten bat aurkeztuko diote EAEko Fiskaltzari

Maialen Arteaga

Irailaren 7an bilduko dira fiskalarekin pandemiako testigantzak eta datuak biltzen dituen txostena helarazteko

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna