Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Gizartea «Gizarte patriarkal eta kapitalistan, emakumezkoak merkantzia dira»

Publizitatea

Gizartea

«Gizarte patriarkal eta kapitalistan, emakumezkoak merkantzia dira»

Andreen salerosketa sareez aritu dira adituak, Arartekoaren eta Emakunderen jardunaldi batean
Carmen Meneses, Lucia Martinez Odriozola EHUko Kazetaritza irakaslea eta Montserrat Sanchez.
Carmen Meneses, Lucia Martinez Odriozola EHUko Kazetaritza irakaslea eta Montserrat Sanchez. J. R. / ARP

2016-11-11 / Jon Rejado

Emakumeen eta nesken trafikoari genero ikuspuntutik heltzea «funtsezkoa» da. Hala nabarmendu du Carmen Meneses Comillasko Unibertsitateko (Espainia) Antropologia irakasleak: «Mendebaldeko gizartean, gizonezkoen sexualitatea ardatza da, eta merkatu oso bat behar da hori asetzeko; horretarako baliatzen den produktua emakumea da, edonondik ekarria dela ere». Antzera mintzatu da Montserrat Sanchez, Caminando Fronteras bilguneko kidea: «Gizarte patriarkal eta kapitalistetan, emakumeen eta nesken gorputzak merkantzia dira».

Emakumeak eta adingabeak sexurako salerostea izeneko jardunaldietan mintzatu ziren Sanchez eta Meneses, atzo. EAEko Arartekoak eta Emakundek antolatuta, hamaika aditu bildu ziren Gasteizko Europa jauregian, gaia ildo askotatik lantzeko: araudia, delituaren jazarpena, giza eskubideen urraketa, biktimak...

Genero ikuspuntuan jarri zuten fokua aipatutako bi hizlariek. Hala, nabarmendu dute agerikoa dela gizon eta emakumeen arteko harremanaren desoreka, eta gogora ekarri dute andrazkoak direla, nagusiki, delitu horren biktimak; aldiz, gizonezkoak dira trafikatzaileak, prostituzio lokalen jabeak, eta sexuagatik ordaintzen dutenak, oro har.

Edonola ere, Meneses ez dator bat sexu zerbitzuen erabiltzaileak zigortzearekin; horren ordez, haiekin pedagogia egitearen alde agertu da. Izan ere, sexu harremanen truke ordaintzen dutenak zigortzen dituzten herrialdeetan arazoak bere horretan dirauela azaldu du. Horrez gain, gizonezko horietako batzuk emakumeen salerosketa detektatzeko balio dezaketela hausnartu du, «haiekin sentsibilizazio lana eginda». Sexuagatik ordaintzen dutenen erdiek baino gehiagok horretan lagun dezaketela iradoki du.

Udal ordenantzak, zigor

Zigorrei dagokienez, salerosketaren biktimei jartzen zaizkienak kritikatu ditu Menesesek. Udal ordenantzen «eragin zitala» nabarmendu du. Batetik, andreei kalean prostituitzeagatik jarritako zigorrak trafikatzaileekin duten zorra handitzen duelako. Eta, bestetik, ordenantzen eta prostituzio moldeen arteko lotura antzeman duelako: arauak zenbat eta gogorragoak izan, orduan eta prostituzio klub gehiago dago. Alegia, udal ordenantzek egoera «betikotu» dezaketela ohartarazi du.

Genero ikuspuntuaren garrantzia ez ezik, haurtzaroa zaintzearena ere nabarmendu du Sanchezek. Besteak beste, Espainiako hegoaldeko kostaldean lan egin du, eta bertan ikusi du trafiko sareek mugitzen dituzten pertsona horietako asko adingabeak direla. Ordea, horri heltzeko zailtasun handiak daudela zehaztu du: «Ez dago behar beste prestaketa adingabe horiek antzemateko».

Horren zenbait adibide jarri ditu Sanchezek. Adingabe horiek adindun gisara aurkezten dute beren burua, salerosketa sareek adierazitako bideari jarraitzeko. Ondorioz, kasu batzuetan, Espainian sartu eta berehala hesiaren beste aldera itzularazten dituzte. Beste batzuetan, papergabeentzako atxikitze zentroetan sartzen dituzte, baina, handik beren herrira itzularazten ez badituzte, ateratzean sareak zehaztutako bideari jarraitzen diote. «Adingabe bat dela adierazten duten zantzuak irakurtzen jakin behar da».

Hiru oztopo nagusi

Emakumeen salerosketaren aurka jarduteko hiru zailtasun nagusi zehaztu ditu Menesesek. Lehena, mundu osoko pobrezia eta desberdintasuna. Dominikar Errepublikako familia baten adibidea baliatu du adibide gisa. «Alaba alokatzen zioten AEBetako itsasgizonei, 100 dolarren truke, eta horrekin aste osoa bizitzeko adina zuten». Bigarrena, prostituzioak mugitzen duen «dirutza»; eta, hirugarrena, biktimak atzerritarrak direla.

Azken puntu hori garatu du: «Ez da gauza bera gure alaba, arreba, amona edota lehengusinari zerbait gertatzea, edota urrutikotzat jotzen dugun norbaiti; gure gizartean dugun pertzepzioa ez da berdina». Horri aurre egiteko sentsibilizazioa indartzeko eskatu du. «Askok prostituta ikusten dute, ez biktima».

Menesesek zein Sanchezek nabarmendu dute Saharaz hegoaldeko emakumeak daudela babesgabetasun egoera larrienean. Ohartarazi dute jatorriko herrialdetik Europara heltzeko bide «arriskutsuari» salerosketa sarearekin pilatutako zorra gehitzen zaiela, eta hainbatetan seme-alaba jaioberriak izatearen zailtasunak ere kudeatu behar dituztela. Horiez gain, salerosketa sareek Asiatik bidalitako emakumeen eta nesken egoeragatik ere kezka agertu du Menesesek: «Horiei buruzko informazio gutxi dago».

Publizitatea

Sortu kontua
Jon Rejado Jon Rejado

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak