Albistea entzun

Latinoamerika. Ekonomia

Norabide aldaketa gidoian

Hazkunde ekonomikoaren bandera zen Latinoamerika, baina atzeraldiaren lokatzetan trabatuta dago orain. Ekonomia nagusiak uzkurtu egingo dira aurten ere, NDFren arabera
Tamaina handiagoan ikusi

Jon Fernandez -

2016ko maiatzak 8

Kontakizuna ia kolpean aldatu da, denbora gutxian. Thriller batean gidoiaren bat-bateko norabide aldaketak heroi salbatzailea zirudiena pelikulako maltzur bihurtzen duenean bezala. 2008ko krisiak Europako eta AEBetako ekonomiak lokatzetan trabatuta laga zituenean, Brasil eta Latinoamerikako hazkunde ekonomiko indartsuak tenk egin zion gorantz munduko BPG barne produktu gordinari, BRICSeko gainontzeko kideekin batera —Brasilek, Errusiak, Indiak, Txinak eta Hegoafrikak osatzen dute taldea—. Brasil eta Latinoamerika arrakasta ekonomikoaren eredu gisa txalotu izan dituzte, iaz atzeraldian erori ziren arte. Azken 25 urteetako gainbehera ekonomiko handienean dago Brasil —BPGa %3,8 txikitu zen iaz, eta aurten beste horrenbeste txikituko da—, eta eskualdeko motorra geldotzeak Latinoamerika osoan eragin du.

Urrezko hamarkada izan zuen eskualdeak XXI. mende hasieran. Garabideko herrialdeak %6,2ko erritmoan hazi ziren 2000tik 2010era; ekonomia garatuak, aldiz, %1,9ko erritmoan hazten ari ziren. Besteak beste, Txinak azken hamarkadetan izan duen hedapen ekonomiko handiari esker egin dute gora Latinoamerikako ekonomiek, Asiako erraldoiak lehengai ugari erosten zizkielako eta haien prezioa garestitu zelako. Baina iaz joera aldatzen hasi zen, eta agerian geratu dira urrezko aroaren gabezia eta menpekotasunak.

Txinak, %10etik gorako erritmoan hazi den urteetan, irentsi egin ditu Latinoamerikak saldutako lehengaiak. Baina Asiako herrialdearen hazkunde erritmoa %7tik behera jaistearekin batera, moteldu egin du lehengaien kontsumoa ere, eta haien prezioa nabarmen merkatzea ekarri du. 2011tik 2015era, esaterako, %70 merkatu zen burdina, %68 zilarra, %47 platinoa eta artoa, eta %46 garia, besteak beste. Horri petrolioaren merkatzea gehitu behar zaio, 2014ko udatik erdira jaitsi baita Brent upelaren prezioa. Kolpe gogorra petrolioarekiko menpekotasun handia duten herrialdeentzat; Venezuelarentzat, esate baterako. Iaz ia %6 txikitu zen Venezuelako ekonomia, eta aurten %8 uzkurtuko dela aurreikusten du NDF Nazioarteko Diru Funtsak.

Lehengaiek eta Txinak ez eze, AEBetako Erreserba Federalaren politikek ere eragina izan dute Latinoamerikako potentzien atzeraldian. Krisiaren harira interes tipoak zerora jaitsi izanak dolarrez bete zituen eskualdeko ekonomia asko, baina joan den abenduan Fedek dolarraren interes tipoak igotzen hasteko bidea hartu zuenetik, inbertitzaileen joera aldatu egin da: nahiago dute dirua merkatu seguruagoetara eraman.

Faktore horien guztien konbinazioak eragin du, ustelkeria politikoak piztutako haserre eta deskonfiantzarekin batera, Brasilen atzeraldia. Egoera ez da orokortua eskualdean, iaz soilik Brasilgo eta Venezuelako ekonomiak txikitu ziren, -%3,8 eta -%5,7 hurrenez hurren. Baina handienak erortzeak atzeraldira bultzatu zuen iaz kontinente osoa ere (-%0,1) sei urtean lehen aldiz. 2016rako txarragoak dira NDFren aurreikuspenak: eskualdea beste %0,5 txikituko da, Brasil beste %3,8 eta Venezuela beste %8. Gainera, bi herrialde batuko zaizkio zenbaki negatiboen taldeari: Argentina (-%1) eta Ekuador (-%4,5). Mexikok, Txilek, Boliviak eta Kolonbiak hazten jarraituko dute, baina mantsoago. Datorren urterako egoera onbideratzea espero du NDFk, eta Latinoamerikako ekonomia %1,5 haziko dela.

Ekonomia eta politika elkarri estu lotutako arloak dira, eta Latinoamerikaren kasuan ere ikusi da elkarreragina. Mende hasieratik hona, hainbat herrialdetako legebiltzar eta gobernutan ezkerreko indarrak gailendu dira. Hazkunde ekonomikoaren olatuarekin batera indartu ziren, eta, uhina jaisten ari den honetan, haien indarra ere ahultzen ari da. Egoera ekonomikoa ez da ezkerreko mugimendu horien higaduraren arrazoi bakarra, baina badu bere pisua.

Argentinaren ziaboga

Argentinak eman du lehen pauso garrantzitsua eskumarantz, Mauricio Macri presidente aukeratuta. Aginteko lehen hilabeteetan kirchnerismoaren eredu ekonomikoa —estatuaren parte hartze handia eta protekzionismoa— berehala hasi da eraisten, ekonomiaren liberalizazioari ateak parez pare irekiz. Txaloz hartu dute Macri efektua NDFk, enpresari handiek eta nazioarteko inbertitzaileek, baina kexuak ugaritu dira kaleetan funtzionarioen kaleratzeengatik, argindarraren garestitzeagatik, diruaren debaluazioagatik eta inflazio handiagatik.

UCA Argentinako Unibertsitate Katolikoaren azterketa batek arazo garrantzitsu bat seinalatu du: pobrezia. Macriren gobernuaren lehen hiru hiletan 1,4 milioi pertsona gehiago sartu direla pobrezian salatu du UCAk. Argentinan bezala, Venezuelan edo Brasilen ere milioika lagun atera dituzte pobreziatik politika sozialek. Politika sozial horiek, hain zuzen ere, arriskuan daude orain; alde batetik, eskuma alderdien indartzeagatik, eta bestetik, atzeraldi ekonomiko betean, estatuek geroz eta zailago dutelako babes sozialerako dirua eskura izatea.

Pobrezia tasa %48tik %28ra jaitsi da azken 25 urteetan Latinoamerikan. Herrialde gehienetan egin du behera, baina bereziki ezkerrak gobernatu duenetan. Baina laguntza publikorik ezean, berriro ere txirotasunera bueltatzeko arriskuan daude milioika herritar. Atzeraldi ekonomikoak dagoeneko jomugan jarri du gastu soziala, adibidez, Brasilen, eta murrizketen aroa hasi dute.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Pentsiodunen mobilizazio bat, Bilbon, iaz. / ©Aritz Loiola, Foku

Pentsioak %8,5 handituko dira urtarrilean Hego Euskal Herrian

Iker Aranburu

Iaz ez bezala, aurten batez besteko pentsioa urte amaierakoa baino handiagoa izango da. Batez besteko pentsioa 115 euro handituko da urtarrilaren 1ean.

Bizkaiko metalgintzako lehen greba eguna, atzo, Trapagaranen. ©Marisol Ramirez / FOKU

Langile gehienek babestu dute metalgintzako bigarren greba eguna

Iñaut Matauko Rada

ELAk adierazi du grebaren atzoko eta gaurko erantzuna oso antzekoak izaten direla Bizkaiko metalgintzan. CCOO, LAB eta UGTren arabera, %85eko erantzuna izan du gaurko greba deialdiak.

Iñaki Zabaleta, Saioa Urriz eta Imanol Pascual, atzo. ©ELA SINDIKATUA

ELAk salatu du Nafarroako aurrekontuak «legealdiko okerrenak» izango direla

Joxerra Senar

Europako funtsak kenduta, 2023ko aurrekontuak %1,6 baizik ez dira igoko, BPGaren eta KPIaren «oso azpitik». EH Bilduk aurrekontuak «apaindu» izana kritikatu du

<b>Trapagarango Amazoneko langileak greban, atzo, biltegiaren sarreran.</b> ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.