Txirrindularitza. Euskal Herriko Itzulia: pasioaren izenean

Perretxiko biltzailerik finenak

Andres Gandariasek jaurtitako ur bidoi bat jaso, ilusioa piztu, eta ia 1.300eko bilduma dotorea osatu du dagoeneko Ramon Iturralde andoaindarrak. Txirrindularitza du pasio, eta bidoiak biltzea afizio.
Ramon Iturralde andoaindarra, urteetan bildu dituen 1.300 ur bidoietako batzuekin.
Ramon Iturralde andoaindarra, urteetan bildu dituen 1.300 ur bidoietako batzuekin. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS

Unai Zubeldia -

2015eko apirilak 10
Zenbat galdetuz gero, azkar erantzuten du; baina, badaezpada ere, ez galdetu non bilduak diren. «Bazterretan», izango da erantzunik seguruena. Debekatuta dago galdera hori. Ez, Ramon Iturralde (Andoain, Gipuzkoa, 1962) ez da perretxiko biltzailea. Txirrindularien ur bidoiak eskuratzeko, direnak eta bi egindakoa da Villabonan bizi den andoaindarra. «Euskal Herriko Itzulia eta Vuelta etxe ondotik pasatzen zirenean, Luis Ocaña, Agustin Tamames, Txomin Perurena, Miguel Mari Lasa... horiei begira egoten ginen koadrilan, eta afizio handia sortu zitzaigun». 20-22 urterekin, «autoarekin», Ibardin aldera eta Aritxulegira-eta joaten hasi zen koadrila hura. «Baina garai hartan ez nien begiratu ere egiten zein material zeukaten edo zer jaten zuten».

Andres Gandariasek, Vueltan, ur bidoi bat bota zion arte. «Parean tokatu eta etxera eraman nuen». Amorrazio ederra eman dio istorioaren jarraipenak. «Ez dakidalako ur bidoi hura non daukadan! Badakit berdea zela eta Novostil-Helios jartzen zuela, baina bazterren batean utzi, eta amak bota egingo zuen akaso, edo nik neuk bestela. Kontua da hura litzatekeela zaharrena». Ia nahigabean hasi, eta 1.300 pilatu ditu dagoeneko. «Bi hartuta hiru nahi izaten dira; lau gero; hamar ohartzerako...».

Tesi lan sakona egiteko modukoa da ur bidoi biltzaileen lana. «Jan-edanak non hartzen dituzten begira hasi, eman ahala besteak bota egiten dituztela ikusi...». Lasterketetako liburuxka bihurtzen da bildumazaleen tresnarik kutunena. «Zehatz aztertzen baitugu igoera, jaitsiera eta bihurgune bakoitza». Kalkulu lana ez da batere erraza. «Jan-edanak hartzeko lekua baino lehenxeago kokatuz gero, ezin izaten direlako hartu gero jaurtitzen dituzten poltsak; baina atzerago jarriz gero, aurretik botatakoak ezin izaten direlako lortu, eta...». Aitaren babesean, Iker semea ere harrapatu du ur bidoiak aurkitu nahiaren harrak.

Gogoan dauka bost bat urte behar izan zituela lehen 100 ur bidoiak eskuratzeko. «Lehen urte horietan oso zaila izaten delako non aurkitu jakitea. Baina iaz, esaterako, 187 desberdin etxeratu nituen». Afizionatuen lasterketak, gizonezko zein emakumezkoenak... «Inguruko proba guztietara joaten gara, jende asko ezagutzeko aukera izaten dugu, eta, tira, oraingoz ur bidoiak pilatzeko afizio honi eusten diot». Euskal Herriko Itzulia, Donostiako Klasikoa, Vuelta, Tourra, Bira... «Dolomitetara joatea falta zait, eta, ondo banaiz, hurrengo urtean joan nahiko nuke haraino».

Errepideak beti izaten du arriskua gertu. «Eta jakitun naiz horretaz. Txirrindularien eta autoen inguruan ibiltzen gara beti, eta bidoiekin itsutzeko arriskua egoten da askotan». Baina semeari argi utzi nahi izaten dio euren osasuna dela lehentasuna. «Egun jakin batean lortzen ez dugun ur bidoia bihar etxeratuko dugula esaten diot, edo akaso etzi, etzidamu edo inoiz ez. Baina afizio hau ezin da izan min hartzeko tresna».

Bestela ezin, eta bidean geratu izan dira bildu gabeko bidoi batzuk. «Asics taldearena, esaterako, Claudio Chiappucci 1997an ibili zenekoa. Bildumetan ikusi, eta amorrua ematen du, baina...». Ezin iritsi txoko guztietara. «Saiatzen naiz, hala ere, errepikatuta dauzkadan ur bidoiak ez dauzkadanen trukean eskaintzen». Iturralderen gisako asko daudelako bai Euskal Herrian —«Villabonan bertan hiru gaude»— eta bai mundu osoan ere. «Internetek asko laguntzen du horretan. Ikaragarrizko mugimendua dago sarean». Italiarrak, belgikarrak, frantziarrak... «Izugarria da».

Bidoi trukean

Itzuli handiak baliatzen dituzte askotan trukean aritzeko. «Change, change, change... Besterik ez da entzuten. Norberak bereak erakutsi, besteenak ikusi, eta horrela ibiltzen dira gehienak». Andoaindarrak argitu duenez, txirrindulariak ingurutik pasatzen ari direla «jabetu ere egin gabe» ibiltzen dira asko. Urteetako esperientzia oinarri duela, ur bidoietan garapen handia izan dela argitu du Iturraldek. «Ur bidoi biodegradableak dira oraingo asko. Pentsatu izan dugu egunen batean ganbarara joan, eta deseginda egongo ote diren!».

Bidoi giroan trukean aritzeko, informazioa trukatzeko edo, besterik gabe, harremanetan jartzeko, Facebookeko Montzio Itu helbidean islatzen du bere irrika andoaindarrak. Pasioari tragoxkak emanez, erreleboka jarraitzeko asmo itsua daukatelako Iturralde aita-semeek.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
S: