Txirrindularitza. Euskal Herriko Itzulia: pasioaren izenean

Sentimenduak klik bakoitzean

1963an ia oharkabean sortu zitzaion pasioari segika, bilduma harrigarria osatu du Inazio Imazek, txirrindulari askoren 63.000 argazki baitauzka bilduta. Eskutitza idatzi eta argazkiak jaso; horrela ibili da urte askoan. Idiazabaldarraren bizimodua nekez uler daiteke klik soinurik gabe.
Inazio Imaz, etxeko sukaldean, urteotan pilatutako hainbat argazki erakusten.
Inazio Imaz, etxeko sukaldean, urteotan pilatutako hainbat argazki erakusten. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS

Unai Zubeldia -

2015eko apirilak 8
Poster hau etxera iritsi zenean...». Bi begiak itxi, gora begira jarri, eta, hitzik esan gabe, oso argi hitz egin du Inazio Imazek (Idiazabal, Gipuzkoa, 1943). «Eskutitz bidez bidali nien eskaera, garai hartan posta elektronikorik ez zegoelako, eta posterra iritsi zitzaidan bueltan Gino Bartalik berak sinatuta». Fausto Coppi eta biak ageri dira argazkian, 1947ko Frantziako Tourrean. «Elkarri ura emanez... edo kenduz. Ez dago argi oraindik». Poster horixe du kutuna Imazek. «Garai hartan munduko onenak haiek zirela esaten zutelako». Eta orain ere horretan dago, inoizko onenak «Coppi bera edo Eddy Merckx» direla aitortu baitu. Poster kutun haren ondoan, beste 63.000 argazki inguru dauzka pilatuta etxean. Sentimendu jakin bat dago gordeta klik bakoitzean.

1963an argazkiak pilatzen hasi zenetik gaur egunera arte «hiru bat argazki kamera txiki» eduki dituela azaldu du. «Inoiz ez naiz izan argazkilari ona, txirrindularia ere ez...». Zaletasuna dauka ikaragarria idiazabaldarrak. «Mutiko garaian, autobusetatik eta autoetatik-eta botatzen zituzten argazkiak, eta, gehiegi pentsatu gabe, orduantxe hasi nintzen biltzen». Gogoan dauka herriko epeletik Beasain eta Ordizia aldera egin zituztela lehen irteerak. «Eta Jose Luis Talamilloren argazki batekin itzuli nintzen etxera». Luis Otañorena iritsi zen gero... «Eta, gutxika-gutxika, pila polita osatzen hasi nintzen».

Bloga sortu, eta han hasi zen argazkiak sailkatzen. «Baina zentzu handirik ez zeukala ikusi, eta karpetak erostea askoz hobe nuela pentsatu nuen». Leku gutxi geratzen zaio jada armairuan. «Eta aurten, jada, indar handirik gabe ari naiz. Azken urtea izango dela uste dut». Nekea pilatuta, ez du pentsatu argazki bilduma guztia digitalizatzerik. «Besteren batek egin beharko du, baina ez dut uste inork helduko dionik».

«Taldeek bidalitako argazkiak» dira gehienak, «eskutitz bidez eskatutakoak; publizitatekoak». Baina nola iritsi eurenganaino? «Euskaraz eta gaztelaniaz, gehiago ez dakigu, baina moldatzen gara. Ulertzeko adina egiten dugu». Onartu du lehen «talde eta txirrindulari handiengana iristea» izaten zela zailena. «Carpano Milano taldearekin harremana egitea, esaterako. Baina eskatzea libre zen, eta...».

Argentinatik bueltan

Behar baino jira gehiago emandako argazkiren bat ere badago tartean. «Argentinan ere bada Idiazabal izeneko herri bat, eta RMO Frantziako taldeak hara bidali zuen hona bidali beharrekoa zen argazkia. Idiazabal, Argentina jartzen zuen». Baina egin zuen Euskal Herrira arteko bidea. «Behar baino geroxeago, baina iritsi zen argazki hura ere, eta, pentsa, Donostiatik Beasainera eskutitzak galdu egiten direla esaten dute gero!». Gertuagokoak ere estimuan ditu Imazek. «Joxe Nazabalekin eta Valentin Dorronsororekin laguntasun handia daukat, eta argazki asko emandakoak dira biak».

Eskutitz lanetik Internetera jauzia eginda, bildumazaleen lana asko samurtu dela aitortu du. Batekin eta bestearekin harremana izateko ere dezente laburragoa da orain bidea. «Madrildar batek eta biok harreman polita sortu genuen. Sasi argazkilaria zen hura, eta ikaragarrizko bilduma zeukan. Sekretu guztiak zekizkien». Onetik bezala izan du, ordea, txarretik Internetek. «Argazki eske taldeei eskutitza bidali, eta berehala etortzen da erantzuna webgunean sartu eta bertan erosteko esateko. Talde batekin egin daiteke hori, baina denekin ez». Dirua xahutzeko tresna ederra delako bildumazale izatea. «Oso garestia da afizio hau». Saldu ere egin du argazki mordoa. «Eta, bi zatitan, eskuratu nituen 800.000-900.000 pezeta inguru, bikoiztuta neuzkan argazkiekin». Gastuei aurre egiteko adina lortu zuen salmenta haiekin.

Garai batekoa edo oraingoa? Zein txirrindularitza da erakargarriagoa? «Ikusi besterik ez dago garai batean zein bidetatik sartzen zituzten. Beste xarma bat zeukan, baina ez dakit ba, desberdinak dira biak. Negozio handia dago orain». Gertuenekoari helduta, Zumarraga aldera inguratzekoa da gaur, eta, ziur egon, hamarnaka argazki gehituko dizkio 63.000ko bilduma ederrari.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna