Albistea entzun

Txirrindularitza. Euskal Herriko Itzulia: pasioaren izenean

Lekutan dauka herrena

Egunkari zatiak, aldizkariak, argazkiak, oroigarriak... Zer ez dauka gordeta Joxe Mari Jauregialtzo, 'Paiko'-k etxean! Oñatiarrak burua dauka argiena, ordea. 86 urterekin, segidan zerrendatu ditu Frantziako Tourreko garaileen izenak, huts bakar bat ere egin gabe. Pasioz bizi du txirrindularitza.
Joxe Mari Jauregialtzo, <em>Paiko</em>, bere etxeko logelan, gordeta dauzkan liburu, argazki, dokumentu eta gainerakoak erakusten.
Joxe Mari Jauregialtzo, Paiko, bere etxeko logelan, gordeta dauzkan liburu, argazki, dokumentu eta gainerakoak erakusten. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS

Unai Zubeldia -

2015eko apirilak 9 - Oñati

Autobusean Oñatitik Zumarragara, eta trenean handik Donostiaraino». 1949ko uztailaren 9an. «Egun hartan Donostiara iritsi zen Frantziako Tourra, eta bederatzi lagun joan ginen koadrilan etapa ikustera». Joxe Mari Jauregialtzo, Paiko-k (Oñati, Gipuzkoa, 1928) gehiegi pentsatu beharrik gabe bota du Paue-Donostia etapa hartako irabazlearen izena: «Louis Caput frantziarra». Jacques Marinelli herrikidea zegoen lider. «Baina Fausto Coppi, Gino Bartali, Jean Robic... horiei begira egon ginen gu hurrengo egunean, Donostiako irteeran, Barandiaran parean». Txora-txora eginda geratu zen oñatiarra bi egun haietan ikusi zuenarekin. «Harrapatu egin ninduen muntaia hark guztiak».

«1978ko Frantziako Tourra nork irabazi zuen? Bernard Hinaultek. Eta 1975ekoa, Bernard Thevenetek; eta 1976koa, Lucien Van Impek; eta 1977koa, Bernard Thevenetek; eta 1978koa eta 1979koa, Hinaultek berak; eta 1980koa, Joop Zoetemelkek; eta 1981ekoa eta 1982koa Hinaultek berriz ere...». Bakar bat ere ez du huts egiten. «Burua pixka bat joaten ari zait, baina...». Hori esatearekin batera, erronka ederra bota dio kazetariari: «Nahi baduzu, 1903tik aurrerako Tourreko garaile guztien izenak emango dizkizut!». Lekutan dauka herrena Paikoren buruak.

Eddy Merckxen bizitzari buruzko liburua, Jacques Anquetili buruzkoa, ONCE eta KAS taldeei buruzkoak... Liburu kutun asko dauzka Paikok, baina aldizkariak dauzka txoko berezienean gordeta: logelan, armairuan. «Ciclismo a Fondo aldizkariaren zenbaki guztiak dauzkat, 1 zenbakitik 364ra artekoak. Joan den astean erosi nuen azkena, kioskoraino joanda, eta bakar bat ere galdu gabe daukat 1985etik». Irakurri ahala, irakurrita idazten du artikuluaren gainean. «Ikusmena pixka bat galduta daukat orain, eta dena ez dut irakurtzen jada. Baina ia dena bai. Garai batean 00:00etan ere aldizkariak-eta irakurtzen aritzen nintzen». Hatzarekin keinuka hasi da berriz, aldizkari guztiak non dauden erakutsiz.

Liburu eta aldizkarietatik txirrindularietara jauzia eginda, bat jarri du besteen gainetik: «Jesus Loroño». Baina asko dauzka kutunak: «Felice Gimondi, Raymond Poulidor...». Geldialdi txiki bat egin du «bigarren postuaren nagusiarekin». Eta erabat serio jarri da. «Bigarren postuaren nagusia ez zen izan Poulidor, Joop Zoetemelk baizik. Sei aldiz izan zen bigarren Tourrean! Txirrindulari handia zen, hamasei aldiz parte hartu zuelako Tourrean eta hamaseiak amaitu zituelako. Hamaseitik hamalau amaitu zituen Poulidorrek». Inoizko onena, berriz, «Eddy Merckx» dela defendatu du, zalantza txikienik ere egin gabe. «Garaipenak kontuan hartuta, munduan aurki daitekeen txirrindularirik onena da Merckx. Bere atzetik jarriko nituzke Coppi eta Indurain».

Arrebarekin eta iloba batekin bizi da Paiko, Oñatin. «80 urte dauzka berak, eta 86 nik». Baina, lurrera begiratu egin gabe ere, erritmo bizi-bizian igo ditu igogailutik ganbarara arteko hogei bat eskailerak. Bizimodua ere halakoxea izan du Paikok, bizi-bizia. «14 urte betetzerako, morroi joan nintzen hiru urte eta erdi, eta 1964ko maiatzaren 4an Ulman sartu nintzen». 25 urte egin zituen bertan. «Eta 58 urterekin aurrejubilatu nintzen, 1987ko krisi garaian. Egun hartaz geroztik, 26 urte daramatzat erretiroa hartuta, eta ez naiz batere gaizki bizi».

Girora joateko ilusioa

Datuak jarri ditu mahai gainean hori hala dela argitzeko: «27 aldiz joan naiz jada Tourrera; Galibier, Izoard, Tourmalet...». Eta ez dago geldirik egoteko. «Aurten ere joango naiz». Vueltan ere egonda dago «hiru bat aldiz». Baina arantza bat dauka sartuta: «Girora ez naizela sekula iritsi. Stelvio ikusteko ilusioa daukat». Ikustekoa da nola laguntzen dion keinuen pasioarekin kontakizunei.

Liburu, argazki, aldizkari eta gainerakoak erosiz «diru asko» gastatu duela aitortu du oñatiarrak. «Gogoan daukat Ulma enpresan hasi nintzenean, 1964an, 6.000 pezeta ordaindu nituela liburu batzuk erosteko. Garai hartan diru asko zen hori». Afizioa dauka ikaragarria Paikok, eta ondorengoei ere txertatu die ilusio hori. «Lau iloba dauzkat, eta txirrindularitza zale amorratuak dira bi mutilak». Esanda dauka eurentzat izango dela berak bildutakoaren zati bat. «Beste zati bat Aloña Mendi elkarteari emango diot». Oso maiteak ditu bi herrikide, «Markel Irizar eta Jon Odriozola». Baina berak haiek adina maite dute herritarrek Paiko, txirrindularitzaren entziklopedia bizia.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Iñaki Williams eta Iker Muniain Athleticeko jokalariak. ©Julio Muñoz / EFE

Athleticek Kopan sendatu nahi du Superkopako zauria

Ainara Arratibel Gascon

Zuri-gorriek final-zortzirenetako kanporaketa jokatuko dute gaur, Bartzelonaren kontra. Marcelinok aldaketak iragarri ditu hamaikakoan

Adnan Januzaj eta Alexander Sorloth, elkar besarkatzen, Realeko atzoko bi golegileak, Anoetan. ©JON URBE / FOKU

Nagusitasunez irabazita egin du aurrera

Jon Ander De la Hoz

Realak Atletico Madrili irabazi dio, eta Espainiako Kopako final-laurdenetan ariko da. Txuri-urdinek neurketa osoa jokatu dute, eta arazorik gabe lortu dute gailentzea

Budimir eta Moncayola Osasunako jokalariak, burumakur, atzo, Celtaren aurkako partidan, Balaidosen. ©SALVADOR SAS / EFE

Zalantzati segitzen du oraindik

Eñaut Agirrebengoa

Osasuna bigunegi aritu da Celtaren zelaian, eta esku hutsik gelditu. Ongi ekin dio lehiari, baina ez da gai izan Mallo eta Minaren golei erantzuteko

Fausto Mota kopilotua, eskuinean, haren taldekide Rui Oliveirarekin, Dakar rallyan. ©FAUSTO MOTA

«Orientazio sena izan behar du kopilotuak»

Mikel O. Iribar

Mota kopilotu gisa aritu da lehendabizikoz Dakar rallyan, aurretik motoetan sei alditan parte hartu eta gero. Hamaseigarren amaitu du, haren taldekidearekin batera, T4 kategorian. «Asko gozatu dut», aitortu du.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.