Sanferminak
Gaztetxoenek ere badutelako zer ospatu

Garai bateko sanferminetan, erraldoien eta buruhandien desfileez gainera, haurrentzako ekitaldirik apenas antolatzen zen. Urteek aurrera egin ahala, Gorgorito-ren gisako txotxongilo ikuskizunak gehitu zitzaizkion zezenketek, entzierroek eta elizkizunek monopolizatutako egitarau ofizialari; azken urteetan, ugaritu egin dira gaztetxoenentzako ekitaldiak, baina, oraindik, aukerak urriak dira sanferminez gozatu nahi duten neska-mutikoentzat. Hori ere aldatu nahi du Gora Iruñea plataformak.
Jai eredu parte hartzaile, parekide eta euskaldun baten aldeko apustua egina du herri mugimenduak, eta horren barruan kokatzen da haurrentzako programazio aberasgarri bat ere eskaintzea. «Guretzat, agertoki nagusiko rock kontzertuak baino are garrantzitsuagoa da eskaintza zabala izatea. Azken finean, familia osoa erakartzeko moduko ekitaldiak antolatu nahi ditugu; hortaz, haurrentzako ikuskizun eta tailer interesgarriz osatu dugu aurtengo egitaraua», dio Gora Iruñea-ko bozeramaile Gorka Izkok.
Goizeko eta arratsaldeko lehen orduetako programazioa da gehien indartu dutena, ordu horietan baitu egitarau ofizialak hutsune handiena. Puzgarriak, igerilekua, eskulanak, tailerrak, ginkana... Askotariko ekitaldiak antolatu ditu Gora Iruñeak egun hauetarako. «Denbora-pasa edo zaintza hutsaz gainera, aisialdi hezigarria eskaini nahi dugu», gaineratu du Izkok.
Atzokoa, gainera, Txikien Eguna izan zen Runa parkeko jaigunean, eta neska-mutikoena izan zen protagonismo osoa.
Eguerdian, adibidez, Nafarroako hainbat herritatik joandako erraldoi eta buruhandien konpartsek elkarrekin egin zuten dantza jaigunean. Horren ostean, eskulan, zirku eta puxika-toles tailerrak eman zituzten Zirkoloretsua eta Yoar elkarteek.
Dantzari txikien topaketa, umeentzako ginkana eta aniztasun tailerra izan ziren eguneko beste ekitaldi nagusiak.
Down sindromea duten haurrekiko harremanak sendotzeko eta integrazioa sustatzen laguntzeko egitasmoa izan zen, ordea, ikusmin handiena piztu zutenetako bat. «Hainbat diapositiba paratu ditugu, ipuin baten gisara, ezintasun psikikoak zer diren ulertarazteko, eta integrazioaren balioak erakusteko», azaldu du Yoar elkarteko kide Maria Berrok.
Nafarroako Down Sindromedunen Elkarteak eta Motxila 21 taldeak ere bat egin zuten atzoko egitasmoarekin: «Downen sindromeari buruzko zenbait komiki eta liburu utzi dizkigute, hemen irakurgai paratu ditzagun», gaineratu du. «Azken finean, neska-mutikoei irakatsi nahi dieguna da Downen sindromea duten pertsonak gu bezalakoxeak direla, eta ezintasun psikiko edo sentsorialak dituztenekin ez dsugula jarrera aldatu behar».
Haurrentzako programazioak ez du etenik izanen, eta, datozen egunetan ere, zabalik izanen da Gora Iruñea-k propio antolatutako Txiki Gunea.
Gaiak
Kinka buletina
Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.