Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Kirola Larkinek esan du azken hitza

Publizitatea

Kirola

Baskonia 90 Tenerife 81

Larkinek esan du azken hitza

Antzolatzailearen partida bikainari eta hiruko jaurtiketei esker sailkatu da Baskonia Kopako finalerdietarako. Partida orekatua izan da
Shane Larkin Baskoniakoa baloiarekin, Tenerifeko bi jokalari atzean uzten saiatzen.
Shane Larkin Baskoniakoa baloiarekin, Tenerifeko bi jokalari atzean uzten saiatzen. MARISOL RAMIREZ / ARP

2017-02-17 / Imanol Magro Eizmendi

Baskonia. Larkin (26), Beaubois (10), Hanga (16), Tillie (10), Voigtmann (3) -hasierako bostekoa-, Bargnani (6), Budinger (10), Laprovittola, Luz (1) eta Diop (8).

Iberostar Tenerife. San Miguel (5), Grigonis

(23), Doornekamp (7), Hanley, Bogris (18) -hasierako bostekoa- Richotti, Davin White (10), Abromaitis (11), Vazquez (2),Kirksay (5) eta Bassas.

Markagailua. 22-15, 45-34; 61-55 eta 90-81

Epaileak. Perez, Jimenez eta Calatrava. tenerifeko San Miguel (38. min.) eta White kanporatu zituzten faltengatik (40. min.).

Bestelakoak. 14.000 ikusle Buesa Arenan.

Baskoniak ugazaba du sasoi honetan. Lemazain petoa du, ausarta, eta taldea gaizki egon denean galoiak hartu ditu. Shane Larkin da hori, eta atzokoan ere taldeak behar zuenean agertu zen. Orkatilako arazo txikiak izan arren, antolatzaileak partida galanta egin zuen, azken laurdenean bereziki. Tenerife gerturatzen ari zen, eta hirugarren laurdenean Baskonia estutu zuen. Larkinek, baina, orduan eskatu zuen baloia. Hogeita lau puntu sartu zituen guztira, eta horietatik hamazazpi azken asaltoan —zortzi asistentzia ere eman zituen—. Tenerife saiatu zen gerturatzen, baina antolatzaileak saiakera guztiak zapuztu zituen. Buesako ikusleen «MVP! MVP!» oihuen artean irten zen pistatik. Hari esker Gasteizko taldea finalerdietarako sailkatu da, eta bihar izango du finalerako pausoa emateko aukera.

Larkin izan zen partidako gakoetako bat, eta bestea hiruko marra izan zen. Baskoniak egun ona izan zuen hirukoetan: 24 jaurtiki zituen eta 11 sartu (%45); Tenerifek, aldiz, oso txarra: 33 jaurti eta zazpi sartu (%21). Hori zama handia izan zen Teneriferentzat, hiruko marratik hobekien jaurtitzen duen taldeetako bat baita ACBn. Eta hala ere partida estua izan zen? Bada bai, atsedenalditik aurrera Baskoniak ez zuelako ondo jokatu. Tenerife gehiago izan zen, jarreraz zein arlo taktikoan, baina urruneko jaurtiketetan asmatzea falta izan zitzaion.

Hasi, dena den, Baskonia hobeto hasi zen. Teneriferi erritmo motela komeni zitzaion, Baskoniari, aldiz, bizia, eta errebotea kontrolatuz Gasteizko taldeak korrika egitea lortu zuen (22-15, 10. min.). Bigarren laurdena ere oso fisikoa izan zen, etxekoentzat mesede, eta gainera hirukoak sartu egiten ziren (45-34, min.). Hangak (16 puntu) eta Tilliek (10 puntu) hartu zuten ardura erasoan. Puntu asko eta erritmo bizia, Sito Alonso pozik zen atsedenaldian.

Txus Bidorretak Baskoniaren aurka jokaturiko azken lau partidak irabaziak zituen, eta atzo berriz ere erakutsi zuen zein ondo ezagutzen duen Gasteizko taldea. Hirugarren laurdenean defentsa estutu zuen eta erritmoa jaitsi. Apurka tartea murriztu zuen, eta Diopek mesedea egin zion. Senegaldarraren falta tekniko bati esker Tenerifek 6-0eko partziala lortu zuen (47-42). Baskonia, bere aldetik, presioa nabaritzen hasi zen, eta bulkadaka jokatzen. Jaurtiketan egun ona zuen zorionez, eta horri esker eutsi zion aldeari (61-55, 30. min.).

Tenerife, oso borrokalari

Tenerife hazita zegoen, Bogris (16 puntu) eta Grigonisen eskutik (23). Baskoniak haren hatsa nabaritzen zuen zuen kokotean, baina Larkinek ez zion gehiago gerturatzen utzi. Antolatzaileak erakustaldia eman zuen, baina Tenerifek ez zuen amore eman. Lanean jarraitu zuen, errebote bakoitzagatik borrokan eta Baskoniaren hutsak eraginez. Lanak, baina, ez zuen fruiturik jaso, hiruko jaurtiketa andana huts egin zuelako. Baskoniak, bere aldetik, lehen partidako presioa kendu du honezkero, eta bihar lasaiago jokatu beharko luke. Europako talde handi askok eman dute amore Buesan, eta Baskonia finalean sartzeko gai da. Zaleei zor die, baita bere bere buruari ere.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea