Albistea entzun

Altuna III.a 8. Artola 22

Etorkizun oparoko txapela

Artola jaun eta jabe izan da Altuna III.aren aurka jokatutako bigarren mailako lau t'erdiko finalean.

Sakea baliatuz, alegiarra nagusi izan da piloteoan, eta aurreneko txapela jantzi du, profesionaletan hasi eta ia bost hilabetera
Altuna III.a, irudiaren ezkerrean, eta Artola, eskuinean, garaikurrak jaso berritan.
Altuna III.a, irudiaren ezkerrean, eta Artola, eskuinean, garaikurrak jaso berritan. GORKA RUBIO/ ARGAZKI PRESS

Ander Gartzia -

2014ko azaroak 23

Iraupena. 32 minutu.

Pilotakadak. 163.

Saketik. Altuna III.ak 2 —eta 2 falta—; eta Artolak 3 —eta faltarik ez—.

Bestelakoak. Lepo bete zen Donostiako Atano III.a pilotalekua. Partida hasi aurretik dirua Artolaren alde.

Bost hilabete ere ez dira igaro Iñaki Artola profesionaletan jokatzen hasi zenetik, eta jada bere aurreneko txapela jantzi du buruan. Alegiarra, 20 urterekin, bigarren mailako lau t'erdiko txapeldun berria da, finalean Jokin Altuna III.ari 22-8 gailenduta. Artolak erakustaldia eman zuen, 11-1eko partzialarekin iritsi zen 22. tantora, eta Alegitik Atano III.a pilotalekura joandako zaleen gozamena eragin zuen. Alegia eta Amezketatik Donostiara joandako bost autobusek kolorez bete zituzten harmailak. Garaipenari esker, Asegarceko pilotariak lehen mailako txapelketa jokatuko du datorren urtean.

Ate hori ez zaio guztiz itxiko Altuna III.ari: 18 urte ditu, eta etorkizun oparoa izan dezakeela erakutsi baitu. Hala ere, kantxan ez zen espero zen orekarik izan. Amezketarrari finalak eragindako presioa nabaritu zitzaion, eta ez zen gauza izan txapelketan egindako jokoa egiteko.

Finalaurreko egunetan asko hitz egin zen bi pilotarien adiskidetasunari buruz, baina kantxan opari gutxi egin zituen Artolak. Alegiarra zen faborito, eta buru-belarri ekin zion norgehiagokari. Sakeaz baliatuta, hasieratik nagusitu zen piloteoan, eta laster lortu zuen markagailuan aurreneko tarteak irekitzea (0-4 eta 4-9). Espero zen abiaduraz jokatu zuten bi aurrelariek, eta pilotakada gutxitan lortu zuten tantoak pilatzea. Aldageletatik kantxara eramandako urduritasunak bazter batean uztea lortzearekin batera, Altuna III.ak aldeak murriztea lortu zuen, zabalean egindako bi dejada neurtu eta airez lortutako beste bi tantori esker (7-11). Erantzuna, ordea, ezerezean gelditu zen Artolak sakea berreskuratu zuen momentuan.

Txapeldun berriak korrika asko egin behar izan zuen aurreneko minutuetan, baina aurkaria baino freskoago iritsi zen partidaren erdialdera. Konfiantzaz gainez egin zuen Artolak sei tantoko abantaila lortu zuenean, eta erraz hasi zen tantoak bukatzen. Nonahi ikusten zituen zuloak pilota hara botatzeko. Altuna III.a saiatu zen atsedenaldiekin erritmoa hautsten eta atzera finalean sartzen, baina aurkariaren indarrari amore eman zion. Hamar minutu eskasean, Atano III.eko markagailuak 7-11tik 8-22ra egin zuen. Hala, iaz Lemunok lortutako txapela Artolak jantzi zuen.

Txapeldun berriaren ustez, aurreneko tantoetan lortutako abantailek eragin handia izan zuten azken emaitzan: «Etorri den jendearentzat pena izan da partida azkar bukatzea, giro ezin hobea zegoelako. Banekien oso garrantzitsua izango zela hasiera. Ondo berotu dut, eta oso zentratuta hasi dut partida. Final batean atzetik hasiz gero, buelta asko ematen dizkiozu buruari eta zalantzak sortzen hasten dira». Alegiarraren esanetan, Altuna III.ak ez zuen bere jokoa egin, eta hor egon zen finalaren gakoa. «Partida gogorra espero nuen, baina uste dut Jokinek ez duela bere jokoa egin. Nik bai, eta hor egon da aldea. Ez naiz bereziki sakatzailea, baina gaur aurreko partidetan baino hobeto sakatu dudala uste dut. Botearekin ondo maneiatu naiz, eta ondo sartu zait pilota eskuan. Hortik aurrera min handia egin diot Jokini». Txapela esku artean zuela, Artolak orain arte «beren borondatez» laguntzaile izan dituenak izan zituen gogoan.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©IÑIGO URIZ / FOKU

«Azken urteak zailak izan dira, eta Euskal Herrira itzultzeko abagunea zen»

Beñat Mujika Telleria

Osasunaren atezain berriak etxera itzultzeko beharra sentitu du. 2020an, aita hil zitzaion, eta, aurreko sasoian, bigarren mailara jaitsi zen, Levanterekin. Indarberrituta iritsi da Iruñera.
Luis Garcia Plaza, aginduak ematen, Athleticen aurkako lagunartekoan. ©J. Z. / EFE

Igotzea da aurreko sasoian jasotako kolpea ahazteko modurik onena

Julen Etxeberria

Alavesek eta Eibarrek helburu bera dutela ekingo diote bihar lehiari: Espainiako Lehen Mailara itzultzea. Aldaketa asko egin dituzte
 ©ENDIKA PORTILLO / @FOKU

Bere burua du aurkari

Iñigo Lasa

Europako Atletismo Txapelketa astelehenetik hilaren 22ra jokatuko da, Munichen. Zortzi euskal herritar ariko dira. Elena Loyo maratoian lehiatuko da lehen egunean. «Ez dut postu jakinik buruan; lasterketa ona egin nahi dut».
Emerald Warriors errugbi taldeko zaleak eta kideak, 2019an ©Emerald Warriors instagram kontua

Irlandako errugbi federazioak debekatu egin die emakume transei emakumezkoen taldeetan jokatzea

Lide Egizala Urteaga

Federazioaren esanetan, emakume transek «abantailak» dituzte «indarrari, energiari eta gaitasun fisikoari dagokienez». Dublingo The Emerald Warriors LGTBI errugbi taldeak salatu du hartutako neurria «atzerakoia» dela, eta federazioari eskatu dio erabakia atzera botatzeko.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...