Noiz sortua: 2017-01-31 00:30:00

Norberaren baitan daude mugak

Entzumen arazoak izanda ere, eguneroko lanari esker Espainiako Lehen Mailan eta Txapeldunen Ligan jokatzea lortu du Eunate Arraiza Athleticeko jokalari nafarrak. Zortzi urte zituela egin zioten ebakuntza ezkerreko belarrian, eta kokleako inplantea jarri zioten.
MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS Tamaina handiagoan ikusi

Unai Zubeldia -

2017ko urtarrilak 31
Bizitza honetan ez dago ezinezkorik». Errezeta bakarra behar da: «Lana, indarra eta sakrifizioa». Eunate Arraiza (Biurrun, Nafarroa, 1991) ume-umetatik da horren jakitun. Entzumen arazoak dauzka nafarrak. «Gurasoek ez dakite jaio nintzenetik daukadan arazo hori, edo txertoren baten eraginez sortu zitzaidan». Baina atzera begira egoteko denborarik ez dauka biurrundarrak. «Berdin zait oinarria. Arazo hori daukat, eta aurrera egin beharra dago. Ez dago besterik».

Neskato hura nekez ateratzen zen etxetik baloirik gabe, eta, Lagunak Barañaingo taldean lehen ostikoak eman ondoren —14 urterekin egin zuen debuta Espainiako Lehen Mailan—, Txapeldunen Ligan ere jokatu du Athleticekin. «Lana, indarra eta sakrifizioa». Gogoan hartu errezeta. Bost denboralditan 131 partida jokatu ditu zuri-gorriekin, eta hamazazpi gol sartu ditu; herenegun azkena, ligako 17. jardunaldian, Huelvako Sportingen aurka; 4-0ekoa izan zen.

Eunate alabak 2 urte pasatxo zeuzkanean ohartu ziren gurasoak ez zuela entzuten; neskatoak arazoren bat bazuela. Bihurgunez jositako bidean zuzen, medikuak eguneroko ikur bihurtuta, 8 urterekin egin zioten ebakuntza. Kokleako inplantea jarri zioten, nerbio koklearraren bukaerak zuzenean estimulatzen dituen gailu elektronikoa. «Gogoan daukat ebakuntza egin zidaten garaia; burua benda batekin estalita eduki nuen, eta ilea motz-motz moztu zidaten puntuak neuzkan gunean». Ikusten zenak, ordea, ez; sentitu zuenak astindu zion barrua. «Lehen audifonoa jarri zidatenean harrituta gelditu omen nintzen nire pausoen hotsarekin. Hala esaten didate beti gurasoek. Pausoa eman eta, sortzen nuen soinuarekin, begira-begira gelditzen omen nintzen beti». Beste pauso bat izan zen inplantea.

Gurasoen lehen hitzak

Gurasoei egindakoa izan zen, ordea, begirada guztietan bereziena. «Audifonoekin hasi nintzen lehen aldiz euren ahotsa entzuten, eta izugarria izan zen». Gerora logopedarekin egindako lana eta Nafarroako Klinika Unibertsitarioan egindako bidea goratu du nafarrak. Etxeko hiru alabetan erdikoa da Eunate. «Eta guztien babes handia sentitu izan dut beti».

200 biztanle eskaseko herri txiki batetik 355.000 biztanleko hiri handi batera igaro zen 2012an —Derion (Bizkaia) bizi da egun—. Baina oso etxekoa da Arraiza. «Eta ahal dudan guztietan joaten naiz Biurrunera, buruari atseden ematera». Familiaren baserrian pizten da nafarra, eta argi dauka han eraiki nahiko lukeela etorkizuna. «Ehiza, mendian ibiltzea, baserria, zelaia, traktorea... Inguru hori gustatzen zait; landa giroa eta abeltzaintza». Paisajismoa eta landa inguruneko goi ziklokoko ikasketak amaitzen ari da. «Eta futbola amaitzen denean, baserrira joango naiz zuzenean».

«Etengabe hobetzeko nahiari esker» bihurtu da Eunate Arraiza «pertsona normala». Athleticeko atzelariarentzat esanahi handia dauka normal hitzak. «Pertsona bat gehiago naiz ni. Batzuentzat eredu naizela? Tira... Agian, bai. Baina bizitza honetan badaude ezin handiagoak. Entzumen arazoak besterik ez daukat nik». Benetako arazoei neurria hartzeko balio du esan horrek.

«Txiki-txikitatik borrokan aritu izan naiz egunero, oraindik ere borrokan jarraitzen dut, eta hala jarraituko dut. Nire esku dagoen guztia egiten dut beti, bai kirol arloan eta bai egunerokoan, eta horri esker lortu dut gustatzen zaidana egitea. Barruan daukadan guztia ematen saiatzen naiz». Espainiako Ligan jokalari gor bakarra da Arraiza. Haren hitzek une oro itzalean uzten dituzte balizko garaipenak, tituluak, golak, porrotak, lesioak, hutsak eta ezinak.

Aurrez aurreko elkarrizketan sinesgaitza da Arraiza erabat gorra dela barneratzea. «Baina, bai, bai; gailua kenduz gero, ez dut ezertxo ere entzuten». Ezinari aurre eginez, azkar ikasi zuen ezpainak irakurtzen. «Eta ahoskatzeko moduagatik pertsona batzuen kasuan gehixeago kostatzen bazait ere, oso ondo moldatzen naiz».

Epaileekin ere lan berezia egin behar izaten dute partidak hasi aurretik. «Taldeko ordezkari bat joaten da beti harekin hitz egitera, zein arazo daukadan azaltzeko, eta jokaldiren batean txistu hotsa edo aginduren bat entzungo ez banu, zergatia jakiteko». Hori bai, belarriko gailuarekin, normalean, ondo moldatzen da partidan gertatzen den guztia barneratzeko. «Baina bizkarrez nagoenean sortzen dira arazoak; bizkarrez nekezagoa izaten da guztia ondo entzutea».

Tarteka, gailurik gabe

Hezetasunarekin, bero handiarekin, euriarekin... Eguraldi kontuekin izaten du, izatekotan, gorabeheraren bat edo beste belarri atzeko aparatuarekin. «Gertatu izan zait bustitzea eta apurtzea». Baina konplexurik gabe hartzen ditu erabakiak horrelakoetan. «Gailua kendu, taldekideren bati eman, eta batere gabe jarraitzen dut jokatzen horrelakoetan». Oso adi ibili behar izaten du halakoetan, marrazaina, epailea, taldekideak eta denak ondo kontrolatuz. «Lan gehiago egin behar izaten dut, eta presio handiagoa nabaritzen dut».

Barre artean azaldu du epaileekin izandako arazoetako bat: «Tarteka saiatzen gara txartel horiren bat behartzen, zigorra partida jakin batean bete ahal izateko. Partida batean, epaileak txistua jo eta aurrera jarraitu nuen, txartela behartu nahian, baina ez zidan atera, ez nuela entzun pentsatuta. Tarteka, arazo bihurtzen da epaileei dena kontatzea». Nafarrak gogoan dauka Txapeldunen Ligako partida batean tirabira txiki bat izan zuela epaileetako batekin. «Gailu jakin batekin jokatu beharra neukala esan zidan». Baina, egoera argituta, arazorik gabe jarraitu zuen lehian.

Une jakin batzuetako zailtasunak salbu, ordea, Arraizak ez du izaten arazo handirik egunerokoan. «Gidatzeko-eta gainerakoak bezala moldatzen naiz, adibidez. Gidabaimena atera nuenean galdetu zidaten ea ahots aparatu bat nahi ote nuen, baina ezetz esan nien. Oso ondo moldatzen naiz». Onartu du jatetxe, diskoteka eta zarata handiko lekuetan «zailagoa» izaten dela ahotsak ondo bereiztea. «Eta kasu horietan, gailua piztuta edukita ere, gehiago begiratzen diet ezpainei».

Eskolako garaiak ere ez dauzka ahaztuta. «Gainerakoek baino ahalegin handiagoa egin behar izaten nuen egunero, eta laguntzeko eskolak ere jasotzen nituen gero». Hiru urte zituenetik 18 urte bete arte logopedarengana joaten zen astero. «Baina ikasgelan lehen edo bigarren lerroan eserita konpontzen nituen entzumen arazo gehienak». FM izeneko gailu bat edukitzen zuen irakasleak, «mikrofono baten gisako gailu bat», eta Arraizaren aparatu txiki batekin lotura egiten zuen hark. «Irakaslea bizkarrez-edo jartzen zenean, esaten ari zena entzun ahal izaten nuen aparatu hari esker. Laguntza bat gehiago zen niretzat».

Nafarra hainbat eskolatara joan izan da haurrei bere arazoaren berri ematera, eta gizarteari hitz egiteko lizentzia hartu du une batez. «Gizarteak kasu handiagoa egin beharko lieke arazoak dituzten pertsonei; gurpil aulkian dabiltzanei, esaterako. Bide horretan pausoak eman ditzagun lanean jarraituko dut etsi gabe». Entzumen arazoak dituzten haurrei eta euren gurasoei, berriz, indar mezu bat bidali nahiko lieke: «Lan gehiago eginda, lan bikoitza eginda akaso, baina gorra izanda ere lor daitezke helburuak. Ez dago mugarik».

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Apirilaren 5ean eguneratua, 14:00etan. ©

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 11.701 gaixok eman dute positibo koronabirusaren proba eginda. 693 hil dira. COVID-19 gaitza izandako 3.709 pertsonari eman diete alta. Grafikoak, albiste barruan.

Iñigo Urkullu lehendakaria, bideokonferentzia batean. ©Irekia

Iñigo Urkulluk «normaltasunera bueltatzeko plan bat» eskatu du

Berria

Eusko Jaurlaritzako lehendakariak babesa adierazi dio Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak alarma egoera apirilaren 26ra arte luzatzeko egindako eskaerari. Ekonomiaren jarduera etetean «malgutasunez» jokatu izana eskertu dio.

Nafarroako erietxeko langileak, txalo jotzen, iragan asteazkenean. ©Idoia Zabaleta / Foku

Sanchez aztertzen ari da sintomarik gabeko gaixoak kiroldegietan bakartzea

Berria

Pedro Sanchezek bilera bat egin du autonomia erkidegoetako presidenteekin, eta azpiegituren zerrenda bat eskatu die hilaren 10erako, atzemandako kasu positibo asintomatikoak kokatzeko. Adierazi die milioi bat test banatuko dituela «detekzio goiztiarrerako».

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusia, artxiboko argazki batean. ©Andoni Canellada / Foku

Otegirentzat, Moncloako Itun berriek «eskubide sozialak eta ekonomikoak urratzea» eragingo lukete

Berria

EH Bilduk astelehenean erabakiko du alarma egoera luzatzeari buruzko jarrera. Dena dela, orain artekoarekin «koherentea» izango dela esan du Arnaldo Otegik. Aurreko aldietan abstentziora jo dute.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna