Albistea entzun

Nola bihurtu minerala metal

Orain arteko uste asko hankaz gora jarri ditu Xabier Orue-Etxebarria geologo eta ikerlariak: ondorioztatu du gaur egun karobitzat jotzen diren askok burdinaren minerala erreduzitzeko labe gisa funtzionatu zutela Erdi Aroan. Aurkikuntza horrek «iraultza» ekar dezakeela uste du.
Legazpiko Mirandaola burdinolan, burdinarekin lan egiteko modua erakusten dute.
Legazpiko Mirandaola burdinolan, burdinarekin lan egiteko modua erakusten dute. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS

Lander Muñagorri Garmendia -

2016ko abuztuak 11

Burdina Bizkaira eramatea alferrikako gauza dela dioen esaera zahar bat bada gaztelaniaz. Mineral horretan aberatsa izan da lurraldea aspalditik, eta esaera horrek ikuspegi hori biltzen du. Zertarako eraman burdina lehenagotik badagoen lekura? Itsasoan egiten duen euriaren funtzio berdintsua izan dezakeela esan nahi du. Aspaldikoa baita euskaldunak burdinarekin lotzen dituen harremana. Gizaldiz gizaldi landu da eremu geografiko horretan mineral hori, eta belaunaldi bakoitzak bere teknologia erabili izan du hura metal bihurtzeko prozesuan. Horietako askoren arrasto arkeologikoak topatu dituzte zientzialariek, baina beste askoren arrastoak galdu egin dira. Isurialde atlantikoak burdinarekin izan duen harremana, ordea, ez da zalantzan jartzen.

Are gehiago, uste den baino garrantzitsuagoa dela dio Xabier Orue-Etxebarriak. Hainbat ikerlarik egindako ikerketekin, Burdinaren historia Bizkaia eta inguruan liburua zuzendu du EHUko geologia ikerlari eta irakasle horrek, eta berak bere ekarpena egin du. Ekarpena, eta orain arteko usteak apurtzen dituen baieztapena. Gauza jakina da Erdi Aroan eta Behe Erdi Aroan mendietan zeuden labeekin egiten zela burdinaren erredukzioa, hura izan baitzen burdinola hidraulikoak sortu aurreko teknologia. Historialariek, ordea, galdutzat zuten mendietako labe horien arrastoa. «Burdin zepak topatu izan dira mendietan, baina laberik ez; beti esan izan da pena handia zela labe horiek galdu izana», azaldu du. Baina berak topatu ditu. Edo, hobeto esanda, lehendik ere agerian zeuden, baina burdin labe gisa izendatu gabe. «Bertan egon dira beti, baina ez dira gai izan zer ziren argitzeko». Euskal mendietan topatu daitezkeen karobi gehienak burdin erredukzioa egiteko labeak izan zirela azaldu du Orue-Etxebarriak Burdin minerala erreduzitzeko 'euskal labea', teknologia hidraulikoaren aurreko teknologia liburuko artikuluan.

Duela hamabi urte jabetu zen karobi gisa erabilitako labe asko burdin minerala erreduzitzeko zirela aurrez. «Galdakaoko [Bizkaia] karobi batera joan nintzen, eta, geologian dudan eskarmentuagatik, haren egitura eta labea nola eginda zegoen aztertzen hasi nintzen». Eta berehala jabetu zen hori ez zela karobi soila izan. Behar adina datu bildu, eta Bizkaiko Foru Aldundiko ondare zerbitzura deitu zuen bere aurkintzaren berri emateko, Orue-Etxebarriak ez baitzeukan asmorik gai hori ikertzen hasteko. Baina handik egun batzuetara iritsi zitzaion erantzuna, esanez ez zutela aintzat hartu bere ikerketa. «Haientzat, itxita zegoen gaia, eta, halako pena eman zidanez, gaia ikertzeari ekin nion». Eta hala topatu zituen karobi hartan burdin zepak. Eta aztarnek laborategietan hitz egin zuten: labe horiek gutxienez 1.150 gradura iritsi ziren, hau da, minerala erreduzitzen hasteko tenperaturara. Baina denetan arrasto garrantzitsuenak aurkitutako magnetita eta burdin metalikoa izan dira: «Minerala burdina bihurtzeko azken fasean soilik agertzen dira horiek biak». Horregatik, Orue-Etxebarriak ez zuen zalantzarik egin: labe hori burdin minerala metal bihurtzeko erabilia zen.

Lehen frogak topatu ondoren, labe gehiagoren bila abiatu zen, eta, mendietara joanda, 350 karobi ikertu ditu. Horietatik %95 aurrez burdina lantzeko erabili zirela frogatu du, eta, horrela, Erdi Aroan burdina lantzeko erabilitako labeen lagin bat topatu du. «Orain arteko usteetan iraultza bat eragingo du horrek», dio. Baina, gaur-gaurkoz, oraindik ez dakite labe horietan nola egiten zuten lan, eta, horregatik, puzzlearen azken pieza falta zaie. «Lau metro zabal eta sei metro garai ere izan daitezke. Tamaina horietako labe bat halako tenperaturetara iristeko zein teknika erabiltzen zuten ikertzen ari dira gure taldeko ingeniariak», azaldu du Orue-Etxebarriak.

Mertxe Urteaga arkeologoak ere artikulu bat argitaratu du burdinari buruzko liburuan, erromatar garaiko ekoizpenaren inguruan. Labe horien tamainak zalantza sortzen dio: «Tamaina horietako labe batek burdina nola egiten duen jakin nahiko nuke, Europan garai hartan askoz labe txikiagoetan egiten baitzen burdina». Garai hartan kontinentean burdina lantzeko erabiltzen ziren labeek 60 zentimetroko diametroa baitzuten, Urteagak azaldu duenez. «Gauza bat da zuk buruan zerbait izatea, baina ondoren hori inguruan dagoenarekin alderatu behar duzu, eta ikusten da karobien antzeko labeak ez daudela bide horretan».

Ez da lehen aldia Orue-Etxebarriak kritika horiek entzuten dituena, eta bera datu zientifikoetan oinarritzen dela berretsi du. «Arkeologo asko teoria honen aurka zeuden hasieran, baina, datuak ikusiz joan diren heinean, iritziz aldatuz joan dira». Orain arte landu gabeko esparru bat dela gogorarazi du, gainera, eta berak hamabi urte daramatzala horretan.

Meategi ondoko labeak

Mendian topatu ditu labe horietako gehienak Orue-Etxebarriak. «Burdina non egon den baldin badakigu, labe bila nora jo ere jakin dezakegu era horretan», dio. Horrela, burdin meategiak zeuden lekuetara jo du geologoak, eta aldapa duten lekuetan bilatu ditu labe horiek, eta inguruan errekaren bat baldin bazegoen, hobeto. «Era horretan topatu ditut labe asko, inguru batera iritsi eta lehen begiradan, askotan».

Euskal Herrian burdina leku menditsuetan azaltzen zela zehaztu du Urteagak. «Burdin zainak bistan geratzen dira, eta askoz errazagoa zen mineral hori ateratzea». Horregatik egiten ziren labe horiek mendian eta baliabide naturalak gertu zeuden lekuetan: minerala lurretik atera bezain pronto has zitezkeelako hura erreduzitzen.

Behin minerala aterata, erromatarrek labe txiki batzuetan sartzen zuten burdina, lau bider ikatz gehiagorekin. Horrek modua ematen zuen labe horretan burdina erreduzitzen hasteko tenperaturak lortzea. «Mendian egoten ziren, ikatz begetala ere mendian egiten zelako, basoa zegoen lekuetan».

Behin lehen fase hori eginda, burdina hori portuetara eramaten zen, eta han bertan lantzen ziren kanpora garraiatzeko moduko lingoteak. Irungo (Gipuzkoa) Oiasso erromatar hirian halako lingote ugari topatu izan dituzte, eta, horregatik, pentsatzekoa da garai hartan burdina esportatzen zela inguru hartatik.

Erdi Aroan ere, berdin. Orue-Etxebarriaren arabera, gainera, hainbeste lekutan hainbeste labe topatu izanak erakusten du zein garrantzia izan zuen euskal burdinak garai hartako Europan. Bizkaitik hasi eta Nafarroa iparraldera arteko eremuan topatu ditu labe horiek guztiak, eta handik burdina asko esportatu zela ere esan du. «Pentsa noiztik ari garen burdina kanpora ateratzen. Lurralde aberatsa izan da hau, ezbairik gabe».

Burdina lantzeaz gain, ibaietan Europako ontzirik onenak egiten zirela ere azaldu du; «minerala esportatzeko baldintza ezin hobeak». Baina ez hori bakarrik: burdina bera lantzen zuten eskulangilerik onenak ere bertatik atera izan ziren. «Toledon edo Sevillan, burdinagile maisuak euskaldunak izaten ziren», zehaztu du. Eta eskulangile haiek egindako piezak Europako hainbat txokotara ere iritsi ziren. «Burdina atera, metal bihurtu, eta, ondoren, landu egiten genuen. Uste den baina garrantzi handiagoa eduki genuen garai hartan».

Tradizio horri jarraikiz, Euskal Herriko ibaiertz gehienen ondoan burdinolak egin ziren, uraren indarra aprobetxatuz. Mendiko labeetatik jaitsi, eta ekoizpen modua modernizatu zen; hala, prozesua azkartu eta erraztu zen. Teknologia horrek, ordea, XIX. mendera arte iraun zuen, Bilboko itsasadarrean labe garaiak ezartzen hasi ziren arte. «Orduan hasi zen gehienek ezagutzen duten burdinaren historia, baina, ordurako, ehunka urteko tradizioa zuen burdingintzak Euskal Herrian», azaldu du Orue-Etxeberriak. Garai haiek ez baitziren kasualitatez iritsi.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Kaskezurra agerian, esperimentuetako batean. ©BERRIA

Zentzumenek nola engainatzen duten erakutsi dute Urteko Irudipen Onenaren lehiaketan

Edu Lartzanguren

Neural Correlate Society neurologo eta artista taldeak aurtengo lilurapen onenak zeintzuk diren ebatzi du, eta Harry Potterren

 ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

«Hilarri bakoitza mundu bat da orain»

Iker Tubia

Etxeko lanari segida ematea erabaki zuenetik, hargin eta ehorzketa lanetan aritzen da Soule. Droneak bestelako ikuspegia ematen dio, baita lanak ere: «Heriotzaz gehiago solastatu behar dela uste dut».
Txokolatezko txalupa bat itsasoratu du gaur Albaolak

Txokolatezko txalupa bat itsasoratu du gaur Albaolak

Berria

Gozo Artisauen Elkarteak egindako eraikuntzak flotatzea lortu dute.

Ogirik gabe jateak gosea ez asetzea eragiten die batzuei, antropologia sozialak dioenez. ©BERRIA

Gosearen memoria kolektiboa

Naroa Torralba Rodriguez

Espainiako gerraren ondorengo gose garaiak ditu ikergai Gloria Romanek. Elkarrizketa saio batzuk egin zituen gerraostean haur izan zirenekin, eta artikulu bat idatzi du ogiak eta gozoek haien memoria indibidualean duten garrantziari buruz. Laburpena egin du Twitterren, eta erantzun ugari jaso du.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.