Uxue Fraile. Mendiko korrikalaria

«Nire mugetara iritsi nintzela sentitu nuen»

Hirugarren izan da Mont Blanceko Ultratrailean. Lehenengo bosten artean sailkatu da azken hiru urteetan. Pozik dago, baina aurten podiuma lortzeko moduak gogoetak eragin dizkio, gorputza mugara eraman duela sentitu baitu.
JON URBE / ARGAZKI PRESS

Unai Ugartemendia -

2016ko irailak 13
Ez dira egun asko igaro Uxue Frailek Chamonixen (Frantzia) mendi lasterketen lasterketa ezagunenean podiuma zapaldu zuenetik. Ez da edozein proba: UTMB Mont Blanceko Ultratraila (170 kilometro eta 10.000 metroko desnibel positiboa). Fraile hirugarren izan zen, Caroline Chaverot frantziarraren eta Andrea Huser suitzarraren atzetik. Hala ere, gozotik adina utzi dio gazitik lasterketak. BERRIArekin hausnartzeko denbora hartu du donostiarrak.

Hasteko, zorionak. Nola zaude UTMB bukatu eta gero?

Jende askok egin dit galdera bera, eta, egia esan, oraindik ez dakit ondo nola nagoen. Ez dut gehiegi sakondu. Entrenatzailearekin eta ingurukoekin hitz egin dut, baina pentsamolde kontrajarriak ditut. Alde batetik, penatua eta triste nago; agian hori da, ez nuela gehiago emateko. Lasterketan egon behar da horretarako, eta ez dut pentsatzeko denborarik hartu nahi izan, Courmayertik aurrera [79. kilometroa] zer gertatu zitzaidan jakiteko.

Eta nola zaude fisikoki?

Fisikoki oso ondo nago. Aurretik ere oin batean arazoak nituen, eta, geroztik, egun pare batean korrika ibili naiz, eta arazoak hor jarraitzen du. Organikoki oso ukituta bukatzen dut beti, daukadan guztia ematen dudan sentsazioa izaten dudalako. Atsedena bezalakorik ez dago ongi indarberritzeko.

Lasterketa amaitu ostean, oso gustura zeundela esan zenuen; biharamunean, ordea, ez. Zertaz konturatu zinen?

Hain gaizki pasatu nuen gaua! Nire mugetara iritsi nintzela sentitu nuen, eta, lasterketan, nire gorputza arriskuan ere ikusi nuen.

Baina arriskua zer, fisikoa?

Bai, bai. Arriskuak nirekin neramatzan aurreko egunetan. Fernanda Maciel korrikalariarekin hizketan egon nintzen berak giltzurrunarekin izan zituen arazoez, desidratatzeko beldurraz... eta horrek ere beldurtu ninduen. Lasterketan horren beldur nintzen, eta ez nintzen gai izan beldur horiek baztertzeko. Gurpil batean sartu nintzen, eta askotan pentsatzen jarri nintzen zein kaltegarria izan zitekeen nire gorputzarentzat.

Hain gaizki pasatu al zenuen gaua?

Courmayeur arte ondo; gero, aldiz, oso gaizki. Hala ere, zalantza asko ditut orain. Egia da une batean edaten nuen guztia eta jaten nuen guztia bota egiten nuela, baina, hala ere, ez nion edateari utzi, eta ikusi besterik ez dago, proba amaitu ostean, ez nuela denbora askorik behar izan dopin kontrolean txiza egiteko. Gauaren erdia gaiari bueltak ematen jardun eta gero, agian ez nintzen hain larri.

Hausnarketarako ere izan zenuen denbora.

Bai. Penatua nintzen. Pentsatzen nuen zenbat gauza utzi behar izaten ditudan albo batera honengatik. Udan entrenatu beharra, sarritan bakarrik... asko kostatu zait, eta udan jada esan nuen agian nire azken UTMBa izango zela, uda niretzat nahi nukeela, eta gauza kontrajarriak pentsatzen nituen. Orain, berriz, badakit berriro ere joan nahi dudala, eta uste dut horri buruz hausnartu behar dudala.

Baina berriro ere lehiatzera? Lasterketa bukatu eta gero esan zenuen agian berriro parte hartuko zenuela, baina lasaiago, presiorik gabe, lasterketa bukatzeko helburuarekin.

Bai, lehiatzera joan nahi dut berriro ere. Badakit oso ondo moldatzen naizen lasterketa dela, niretzat egokia, nahiz eta urtetik urtera aurkariak hobeak diren. Baina gogoarekin gelditu naiz, hiru urte eta gero lasterketa hau beste modu batera egin nahi dudalako. Datorren urtean lasterketen egutegia egitean gauza hauek guztiak hartu beharko ditut aintzat.

Inoiz egindako lasterketarik gogorrena izan al da?

Baietz pentsatzen dut. Hala ere, gogoan dut raidetan ibiltzen nintzenean ere oso proba gogorrak izaten zirela, eta iaz Reunion irlan egindakoa ere oso gogorra izan zela. Baina, bai, agian lasterketa honetarako nuen gogoarengatik, esan dezaket lasterketa gogorrena izan dela.

Uneren batean lasterketa bertan behera uztea pentsatu zenuen?

Pentsatu, pentsatu nuen. Une batean, gelditzeko beharra sentitu nuen. Tarte batean, lau aldiz ere lurrera bota nintzen. Neure buruari esaten nion: «Baina nola da hau posible?». Hamasei kilometroren faltan, entrenatzaileari esan nion utzi egingo nuela. Pentsaera kontrajarriak nituen, eta entrenatzaileak argi esan zidan han utziz gero damutu egingo nintzela. Hura entzun nuenean, aulkitik jaiki, eta berriro ere korrika hasi nintzen.

Erretiratzea porrot gisa sentituko al zenuen?

Lasterketa erdian izan balitz, ez. Baina hainbeste miseria pasatu ondoren eta hain gutxi geratzen denean erretiratzeak, ez dakit, zentzurik zuen. Inoiz ez naiz erretiratu, eta agian hori ere ikasi beharko nuke. Hausnarketa hori zen. Indarrak neurtzen ikasi behar da, eta, lasterketa mota hauetan, hori oso zaila da.

Beraz, oinak baino garrantzia handiagoa du buruak horrelako lasterketetan.

Dudarik gabe! Nire ustez, burua fisikoa baino askoz gehiago da.

Urteko erronka nagusia zenuen aurtengo egutegian Chamonixko lasterketa?

Bai. Lasterketen egutegia Kanaria uharteetan hasi nuen martxoan. Gerora, Reventon Trail [55 kilometro], Transvulcania [74 kilometro] eta Zegama [42 kilometro] egin nituen ekaina baino lehenago, eta, gero, Lavaredo [119 kilometro]. Banekien Uztaila oso gogorra izango zela, oposizio batzuk nituelako. Ekainean eta uztailean kosta egin zitzaidan ondo ibiltzea, baina bagenekien horrela izango zela UTMBra iritsi arte.

Nahikoa lasterketa egin duzun sentsazioa al duzu?

Bai, bai. Alde horretatik, ez dut kexarik behintzat. Iazko egutegiaren antzekoa izan da aurtengoa ere.

Asebeteta utzi al zaitu UTMB lasterketak?

Ez. Bueno, lortutako postuagatik bai, baina oro har begiratuta, ez. Beste era batera bukatu nahi nuen lasterketa.

Lortutako postua aldatuko al zenuen beste era batera amaitzeagatik?

Zaila da podiumari ezetz esatea. Ez dakit aldatuko nukeen, horrela gertatu da, eta ez dut besterik pentsatu nahi. Alferrikako hausnarketa izango zen horretan pentsatzen jartzea. Eta honekin ez dut esan nahi pozik ez nagoenik.

Azken urteetan, lasterketa luzeetan, asko murriztu da gizonezkoek emakumeekin zuten aldea. Zergatik uste duzu dela?

Bai, asko murriztu da. Geroz eta jende gehiago dabil, eta, gainera, oso prestatuta daude. Emakumeak, berez, gogorrak gara. Agian, ausardia pixka bat falta zaigu gizonekin alderatuta.

Orain bi urte, entrenatzailea aldatu zenuen. Zertan aldatu da zure entrenamendua?

Ez da asko aldatu. Aurreko entrenatzailea ere atletismoaren mundutik zetorren, eta, entrenamenduak zerbait aldatu diren arren, horien funtsak antzekoa da orain ere. Horrez gain, biekin oso harreman ona izan dut.

Azken urteetan distantzia luzeetan bakarrik zabiltza, baina, orain ez urte asko, hamar kilometro egitea ere kosta egiten omen zitzaizun.

Lan ederrak izaten nituen! Bizitza osoan atletismoan ibili arren, nire distantziarik luzeena 1.500 metro izaten zen, eta orain dela zortzi urte arte ez nituen inoiz bost edo hamar kilometro baino gehiago egin korrika.

Gerora, berriz, lehenik raidetan eta gero ultra distantzian. Nola izan zen jauzi hura?

Orientazio lasterketengatik. 2007an, 1.500 metroko nire azken Espainiako Txapelketa jokatu ondoren, orientazio lasterketetan sartu nintzen, eta, pixkana-pixkana, basoan korrika egiten. Buru askorik gabe, baina korrika! Lagun batzuek raidetarako talde bat osatua zuten, eta bertan egon nahi nuen. Lasterketa baten aurretik, taldean zuten neska lesionatu egin zen, eta ni gonbidatu ninduten. Lasterketa hartarako, bizikleta bat utzi zidaten; aurretik inoiz ibili gabea nintzen. Bi eguneko proba zen, Portugalen, eta esperientzia polita izan zen. Bizikletan oso txarra nintzen, baina fisikoki oso indartsu amaitu nuen. Orduan konturatu nintzen proba luzeetan ondo ibil nintekeela.

Zer ikasi zenuen raidetan?

Ufa, gauza asko. Taldean ibiltzeak gauza on eta txar asko ditu. Raidak oso gogorrak dira, eta guk, esaterako, zazpi eguneko probak egiten amaitu genuen. Pentsa, lau pertsona, bakoitza mundu batekoa, gorabeherak, une txarrak eta onak... Askotan, horrek guztiak eragina du harremanetan. Askotan, zu ondo zoazenean, ondokoa izorratuta dago, eta alderantziz. Hori da ultra lasterketekin alde nagusia, ultretan ez duzula laguntza hori izaten. Baina, bai, gauza asko ikasteko aukera izan nuen.

Zergatik utzi zenituen raidak?

Bost urtez oso gustura ibili nintzen, baina uste dut gauza asko nahastu egin zirela. Ez dakit zer izan zen, gogoa, edo ilusioa, edo harremanak...Taldea banatzea erabaki genuen, eta orduan hasi nintzen ultretan. Urte hartan, jada Cavalls del Vent egin nuen [Katalunia, 100 kilometro]. Gero, Transvulcanian bosgarren amaitu ondoren [Kanaria uharteak, 75 kilometro], konturatu nintzen ate bat itxi nuela beste bat irekitzeko.

Zer oroitzapen duzu zure lehen lasterketa luzeaz?

Onak. Niretzat gauza berria zen, eta, garai haietan, Anna Frosten neurriko korrikalari batek ordubete besterik ez zidan atera hainbesteko distantzian. Garai gozoak izan nituen. Alde handiena jateko garaian nabaritu nuen. Raidetan ez nuen arazorik izaten edozer gauza jateko; ezerk ez zidan kalterik egiten. Mendiko lasterketetan, ordea, jatekoa ez nuen ondo asimilatzen. Lehen urte haietan, gelak bakarrik hartu behar izaten nituen.

Janariak ematen al dizu buruhauste gehien lasterketetan?

Aurten, esaterako, argi neukan jan egin behar nuela, eta uste dut 90. kilometrora arte oso ondo egin nuela. Iaz asko ikasi nuen gai horri buruz, eta uste nuen kontrolatua nuela. Saiatzen nintzen ahal nuena jaten, baina, jarraian, dena botatzen nuen, gorputzak ez zuen janaria asimilatzen.

Hainbeste urteren ondoren, zerk bultzatzen zaitu oraindik korrika egiteko oinetakoak janztera?

[Barreak] Galdera ona! Batzuetan, ohitura dela esaten dut; besteetan, nahia, gogoa, ilusioa... Ez dakit, agian gauza horien guztien arteko nahasketa bat izan daiteke. Askotan, presioa sentitzen dudanean, uzteko garaia dela pentsatzen dut. Baina nire bizitzaren zati bat da, eta, ari ez naizenean, segituan falta nabaritzen dut.

Gogoak berean darrai, orduan.

Bai, aurten, gainera, berriro ere Donostia aldean izango naiz, eta badut gogoa berriro ere Mugalariekin entrenatzekoa, tarteka anaiarekin entrenatzera joatea...

Geroz eta gazte gehiago hasi dira distantzia luzeetan lehian. Zer pentsa ematen dizu?

Bai. Hala ere, nik ez nuke urteetara mugatuko. Pasatu beharreko aro batzuk saihestea da. Beste alde batetik, nik ere Zegaman 04:40ko denbora egiteko ahalmena banu, agian ez nintzen lasterketa hauetan arituko. Horregatik iruditzen zait ez dela oso gomendagarria gazte batentzat, bestelako aukerak izanda, ez bada behintzat izugarrizko motibazioa duen bat.

Noiz ikusiko zaitugu Euskal Herriko ultra batean lasterka?

Jende askok esan izan dit. Egutegia aintzat hartu behar dut, eta taldea ere hor dago. Ez dut ezer baztertzen, eta, agian, egunen batean hor ikusiko nauzue Leitzako Euskal Herria Mendi Erronkan edo Beasaingo Ehunmilietan.

Nola irudikatzen du Uxue Frailek mendi lasterketen egoera hemendik hamar urtera?

Egia esan, ez dakit zein bilakaera izango duen. Gaur egungo eztabaida da afrikarrak hasten direnean zer gertatuko den. Zaila da hori jakiten.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna