Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Bizigiro Hiru hilean behin

Publizitatea

Bizigiro

Hiru hilean behin

Hilekoak urtean lau alditara pasatzeko aukera eskaintzen duen Seasonique antisorgailua saltzen hasi dira Euskal Herrian; hilekoak traba direlakoan, horiek saihestea du lelotzat laborategiak, emazteek hilekoekin daukaten harremana galdekatuz.
Argazkia: NORA ARBELBIDE LETE / EZEZAGUNA

2017-01-11 / Nora Arbelbide Lete

Seasonique antisorgailua berritasun gisa aurkeztua bada, hilekoak saihesteko bide baten gisa, berez, kontua ez da hain berria ere. Seasonique ahoz hartzeko antisorgailuak, hasteko, ez dakar berrikuntzarik konposizio aldetik. Progesterona eta estrogeno hormonen eratorriak elkartzen ditu, ahoz hartzekoak diren beste zenbait pilulak egiten duten bezala.

Hilekoa saihesteko posibilitatea ere, jada existitzen da. Preseski, bi hormona horien eratorriak dituzten pilulak hartuz, pilula aktiboak hartuz jarraian, pausarik egin gabe. Seasoniquek proposatzen duena da, tabletak hilabeteka antolatuak izan beharrean, hiru hilabeteka antolatuak izatea: 91 pilulako zikloak. Ondorioz, umetokiko endometria hiru hilabeteren buruan baizik ez da desegiten, eta hilekoa eragin.

Antolaketa berri hori lagungarri izan daitekeela uste du Aude Tallandierrek, Baionako ospitaleko ginekologoak: «Orain arte ahoz hartzeko antisorgailuekin ere hilekoak saihesten ahal ziren, baina ahal bezala». Azterketa garrantzitsu bat dagoela, bakantzak, hitzordu berezi bat edo hileko mingarriak... kasu horietan pilula aktiboak jarraian har daitezkeela baieztatu izan die Tallandierrek beregana heldu zaizkion emakumeei, ez dagoela kontraindikaziorik.

Hortaz, antisorgailu horren berritasun nagusia, marketinari lotua izan daiteke. Lehen ahal bezala eta horretarako gomendio ofizialik egin gabe egiten zena, hilekoa desagertzearena, orain, aldarrikatu egiten da. Seasonique antisorgailuarekin, hilekoa hilero izan beharrean, urtean lau aldiz izaten da. Hori du lema nagusitzat antisorgailua saltzen duen Teva laborategiak.

Hori emazteen behar bat badela argudiatu du laborategiak, Antisorgailuekin, berez, ez da zertan hilekorik izan. Ez dagoenez obulaziorik, hilekoak ez du funtziorik betetzen, ez bada ziklo natural baten itxura zaintzea. Baina gero eta emazte gehiago prest dira itxura hori gainditzeko, eta hilekorik batere gabe bizitzeko betirako. Hori irakur daiteke pilularen aldeko sustapen testuetan. Laborategiak eskatu inkesten arabera, emazteen %60k hilekoen kopurua apaltzea edo desagertzea nahiko lukete, dio bere produktu berria sustatzeko.

Laborategiaren komunikaziotik haratago, nahiz eta zenbaki edo batezbestekorik ez izan, Tallandier ginekologoak berak baieztatu du badirela hilekorik nahi ez duten emazteak, eta ez bakarrik behin-behinean. Liane Aubert Baionako emaginak ere baditu kasu horretan daudenak: «Ez dute odolik nahi. Hilekoek bizia konplikatzen dietela diote, eta hori astebetez, eta hilero. Ez dute ikusten non dagoen hilekoaren interesa. Erosoago dira hura gabe».

Halere, mementoko ez Tallandierrek, ezta Aubertek ere, ez dute nehoiz preskribitua Seasonique antisorgailurik. Bada urtea pasa salgai dela ofizialki Ipar Euskal Herrian, eta jadanik etorriak zaizkio laborategikoak pertsonalki produktua goraipatzera Tallandierri; ez, ordea, Auberti. Hego Euskal Herrian hasi berriak dira saltzen.

Minari gaina hartzeko

Deserosotasun sentimenduari gaina hartu nahi dioten emazteentzat baino, hileko mingarriak dituztenentzat izan daitekeela partikularki aitzinamendu bat deritzote bai ginekologoak eta bai emaginak. Hilekoa aitzin nahaste disforikoak dituzten emazteak %3 eta 8 artean dira. Kopuru horiek psikologiako doktore Leire Aperribaik ditu zehaztu. Hilekoaren aurreko nahaste disforikoa detektatzeko tresna bat garatu du, eta bere tesian jaso.

Batzuek hilekoaren aitzineko egun edo astean asaldurak pairatzen dituzte. Zenbaitetan, molde larriagoan eragiten die. Horiek antzemateko, bahe tresna osatu du Aperribaik. Profesionalek erabiltzeko galdera sorta bat da: «Gehienak sintoma psikologikoekin daude lotuta: urduritasun handia izaten dute, erraz haserretzen dira, oldarkortasun edo depresio maila bat izaten dute...».

Tallandierren kasuan, ospitalean ari denez lanean, harengana heldu direnetan %10 eta %20 artean dira hilekoak eragindako minagatik kontsultatzen dutenak. Hor ez daude sartuta endometriosi gaixotasuna dutenak: «Agian, ez dute denek tratamendu horren beharrik, baina egia da badela eskaera bat», zehaztu du Tallandierrek.

Aubertek baieztatzen du minaren arazoa: «Hilekoaren garaian gorputza bitan plegaturik atxikitzen dutenak heldu zaizkit batzuetan. Bereziki neska gazteak dira, hormonek zer nahi ondorio eragiten dietela. Zinez trabagarria izan daiteke». Aubertek deritzo kasu horietan balio duela antisorgailu aukera anitzekin jokatzeak. «Ez dira deabrutu behar hormonak», gogoratu du Aubertek. Beti dosi gutxiko antisorgailuekin hasten dela dio emaginak. Gomendio ofizialak hori dio, funtsean.

Ahoz hartzeko antisorgailuak erremedioak baitira. Ez dira hutsalak. Bazterreko kalteak ongi zaindu behar direla berresten dute elkarrizketatuek. Seasonique antisorgailuarekin berarekin ere, fabrikatzaileek abisatu dute odol isuriak izatea gerta daitekeela, molde irregularrean.

Tronbo enboliak izateko arriskua areagotu ahal du Seasonique antisorgailuak, estroprogestatiboa baita. Gisa bereko pilulek arazo bera eragin dezakete, hain zuzen. Hori jakina da azken 30 urte hauetan. Baina, azken urte hauetan, agian gehiago. 2012an, Marion Laratek salaketa jarri zuen Bayer laborategiaren aurka Bordeleko Auzitegian (Frantzia), eta are ezagunago egin zuen arazoa. Hirugarren belaunaldiko Meliane antisorgailuaren eraginez, buruko odol kolpe bat izan zuen. Haren salaketatik landa, beste ehundik gora salaketa jarri izan dituzte arazo berengatik auzitegietan. Oro har, bai hirugarren bai laugarren belaunaldiko pilulekin, aitzineko pilulekin baino bi aldiz arrisku gehiago dago tronbo enbolia bat jasateko.

Salaketaz geroztik emakume andana batek antisorgailuak aldatu nahi izan dituela baieztatu dute, bai ginekologoak, bai eta emaginak ere. Halere, pilula da gehien hartzen den antisorgailua. «Kontraindikazioak hurbiletik begiratu behar dira», dio Tallandierek. «Arriskuak hor daude, bereziki lehen hiru hilabeteetan. Beharrezkoa da hurbileko zainketa bat, eta gomendioak segitu behar dira. Emazteak 35 urte baino gehiago dituela eta erretzen duela? Ez diozu pilula mota hori emanen», laburbildu du Aubertek. Beste ohar bat ere egin du: «Anemia daukan emazte bati ez diozu kobrezko umetoki barneko dispositiborik ezarriko».

Zinezko arriskua, haurdun gelditzea ere badela azpimarratu du Aubertek, eta antisorgailuak zertarako hartzen diren gogoratu du: «Hormonei esker abortuak saihesten dira. Jakin beharra da, haurdunaldi batean pilula hartzean baino hamar aldiz arrisku gehiago dagoela tronbo enboliako bat izateko, eta abortatzea ere arriskutsua da alde horretatik».

Hilekorik gabe bizitzeko nahia, ez da, haatik, hainbat emaztek desiratzen dutena. Hori baieztatu du Aubertek ere. Badira, preseski, antisorgailuak ongi funtzionatu duela baieztatzeko hilekoen presentzia nahi dutenak, ez direla haurdun segurtatzeko. Badira ere gorputzaren ziklo naturala errespetatzeko beharra sentitzen dutenak, «baita hileko mingarriak dituztenen kasuan ere». Horientzat, beste aukerak badaudela dio emaginak: «Homeopatia, fitoterapia, hipnosia edo beste».

Entzuteko premia

Gakoa, zinezko diagnostiko lan bat egitea da, antisorgailu mota hautatzeko mementoan. Horrekin bat datoz hiru elkarrizketatuak. Aubertek honela esplikatu du: «Aurrekariak ikusi behar dira, eta gero ongi esplikatu behar da dena. Gehiago esplikatu, eta hobeki pasatzen da. Bestela, ez dakizularik zehazki zer den hartzen duzun hori, zer eragin dezakeen, arazoak agertzen badira, beldurtu zaitezke, eta oraindik okerrago bizi dezakezu».

Diagnostiko egokiak eskasak direla, hori du damutzen, hain zuzen, Aperribaik. Medikuarekin zazpi minutu irauten du batez beste kontsultak, eta are zailagoa da lana. Nahaste disforikoaz sufritzen duen baten diagnostikoa denbora gutxian eta erraz egiten laguntzea du xede, preseski, Aperribairen bahe tresnak.

Aperribaik garbi du: «Medikuntza arloko erantzuna ez da egokia. Eurek ere ez dakite». Nahaste disforiko arazoak dituen emazte bat medikuarengana joan eta, hark hori «normala» dela entzunen duela anitzetan salatu du Aperribaik. «Aguantatu behar duela, eta nahi badu har dezala pilula. Eta listo. Lehen erantzuna nahiko sinplista da, eta informazio gutxirekin ematen da».

Ikerketa gutxi egiten dela ere nabarmendu du Aperribaik. Egiten direnak industria farmazeutikok finantzatutakoak direla salatu du, eta interes ekonomikoei lotua duela. Gaiaz publikatzea zaila dela esperimentatu ahal izan du Aperribaik berak. Ezin izan du publikatu hilekoei buruz egindako lana. Nazioarteko arazoa dela gaineratu du. Ez zela mementoa, edo ez zuela nehor interesatuko. Horrelakoak entzun behar izan ditu.

Maskulinitatetik begiratua

Antisorgailu bila doazen emazteei egindako diagnostikoetatik, emandako informazioetatik eta hilekoak bai ala ez eztabaidatik haratago, norberaren gorputza ezagutzea eta zikloetan gertatzen dena hobeki jakitea denentzako onuragarri dela uste du Aperribaik. Gogoratu du, bide batez, gizonek ere badituztela zikloak, nahiz eta gai hori ere ez den bereziki ikertua. Badago hor zer landu: «Hileroko zikloak ere badituzte gizonek, eta gorabeherak. Baina horiek ere ez dira kontuan hartzen».

Ikuspegi maskulino bat egotea orokortua, hori deitoratu du Aperribaik. «Maskulinitateak indarra, sendotasuna, adierazten du, eta horri lotutako medikuntza bat daukagu. Beti indartsu, gogotsu, ondo egoteko, konstante horietan mantendu beharra dago».

Bizkitartean, zikloekin joka daitekeela segur da Aperribai, beste aldi batzuetan egiten jakiten den bezala: «Oporretan gogotsu gaude, eta, opor ostean lanean hasten garenean, nolabait gure aldartea aldatu egiten da pixka bat. Hori aurreikusten dugu, eta prestatzen gara horretarako. Bada, zergatik ez honekin ere horrela jokatu, eta prestatu edo ohitu nolabait horretara?» galdetu du Aperribaik.

«Esaten da hilekoaren aurretik, gaizki sentitu baino lehen, euren burua askoz indartsuago ikusten dutela emakumeek, gogotsuago eta lan egiteko motibazio handiagoarekin», baina hori ez dela beti horrela berretsi du Aperribaik: «Gaur egun, hori hartzen du gizarteak konstante gisa, eta bestea hartzen da txar gisa. Baina gure konstantea zikloak dira».
 

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea