Albistea entzun

Jalgi hadi ororen begietara

Baionako herri liburutegia eramaile, bidean da 'Bilketa', Ipar Euskal Herriko euskal artxiboen digitalizazio lana. Laster Interneteko atari batean bilduko dira, han eta hemen barreiaturik baitira lanak.
<b>1. Joanes Leizarraga.</b> Testamendu berria, euskaratua. 1571koa.
1. Joanes Leizarraga. Testamendu berria, euskaratua. 1571koa. Iñaki Etxeleku

Iñaki Etxeleku -

2014ko irailak 18 - Baiona

Argitaratuetan zaharrena famatua da, Bernat Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae, 1545ekoa. Horren orduko alea Parisko BnF Frantziako liburutegi nagusian dute, eta ikusgai da haren webgune Gallica-n.

Euskal funtsak deitzen direnetan sartzen da euskaraz argitaratu lehenbiziko liburua, baina euskal funts horrek badu beste altxorrik. Baionako liburutegiak berak funts franko aberatsa du, besteak beste, historian gaindi eginak izan zaizkion emaitzei esker. Aitzineko lurralde kontratuan hala hasirik, Ipar Euskal Herrian berean eta hortik kanpo diren euskal artxiboen katalogatze eta digitalizatze lan bat abiatua du, eta hemendik urte hondarrera ez bada, 2015eko lehen hilabeteetan Bilketa izeneko Internet atari berrian ikusgai izanen dira.

Ez da lan ttipia, eta kargudun bat jarria dute denbora osoz lan horretan: Marie Andree Ouret. Mementoan, kontatu dituen dokumentuetan, 40.000 liburu badira, 1.000 aldizkariz goiti, ehunka eskuizkribu, 15.000 argazki, beste honenbeste irudi, estanpa, afixa eta marrazki. Ahantzi gabe soinu grabaketak eta bideoak.

Abiatzean, definizio bat eman behar izan diete euskal funtsei: «Deliberatu dugu zirela, alde batetik, Euskal Herriaz ari ziren dokumentuak; bigarrenik, euskarazkoak; eta, hirugarrenik, idazle edo pertsona ezagun batzuen funtsa», adierazi du Ouretek.

Baionan berean 35.000 dokumentu badira. Baionako Euskal Erakustokian bada parrasta bat, departamenduko artxiboetako liburutegian beste batzuk. Pauen, Bordelen, Tolosan (Okzitania) badituzte euskal dokumentuak. Erlijio sailean, Baionako apezpikutegiak eta Belloceko monasterioak aspaldiko idazkiak begiratuak dituzte beren aldetik. Beste funtsak ere badituzte Baionako Unibertsitatean, IKER zentroan eta Uztaritzeko IKAS zentroan.

Parisko BnFak, Etxeparerenaz gain, balio handiko euskal funtsa du. XVI, XVII eta XIX. mendeetakoak, euskarazko euskuizkribuak eta osoki katalogatua den Anton Abadiaren liburutegia. Abadiak berak bere garaian Zientzia Akademiari eskaini ziona eta horrek geroztik Frantziako liburutegi nagusiaren eskuetan jarri duena. Funts horren digitalizatzen ari dira, eta laster Gallica atarian ikusteko gisan behar luke.

Irakurketa publikoa deitu alorrean, Ipar Euskal Herriko beste liburutegietan kausi daitezke dokumentuak. Funtsak baditu ere Su Hazia elkarteak Maulen; bada ere Donapaleun Zabalik elkarteak landu Manex Erdozaintzi Etxarten liburutegia. Euskal funtsetan sartzen dira ere Aldudarrak Bideok aspaldiko urteetan atxiki dituen bideo lanak.

Badira ere funts pribatuak: «Historialari batzuk, Eugene Goienetxe eta Manex Goihenetxe bezalakoak, Euskal Herriari buruzko liburutegi bat zutenak. Normal den bezala, etxeetan dira horiek, baina gertatzen da familia batzuek aipatzen digutela», zehaztu du Ouretek.

Iturria ez da horretan gelditzen, eta ondoko urteetako lana izanen da Hego Euskal Herrian diren funtsen sailkatzea. Harremanetan sartua da Baionako Herriko Etxea Iruñekoarekin eta Donostiakoarekin. Ahantzi gabe Euskaltzaindiaren Azkue liburutegiarekin jada abiatu elkarlana. Atlantikoaz haraindira ere so dira arduradunak, AEBetan, Idahon eta Renon baita ere euskal funtsik.

Hainbeste dokumenturen aitzinean lehentasunak finkatu behar ziren digitalizaziorako, eta lan ardatzak finkatu. Horretarako, batzorde zientifiko bat bada plantan emana, barne direlarik unibertsitateko ikerlariak, artxibogintzako ofiziokoak, Euskaltzaindia, Euskal Erakustokia, Euskararen Erakunde Publikoa eta kultur erakundea. Lehentasun gisa finkatu ditu euskarazko dokumentuak, zaharrenak, sekula argitaratu ez direnak eta idazle klasiko ohargarrienak. Bi gai lehenetsi ditu, bestalde, batzordeak: pastoralak eta hizkuntzari lotu lanak —euskal gramatika, hiztegi eta beste—. Hori eginik, 2013 eta 2014. urteetan bi numerizatze kanpaina bete dituzte artxibozainek.

Georges Herellek uzta berezia utzi zuen pastoral kaierekin; Oureten arabera, «30 urte pasatu zituen pastoralen ikertzen. Baionatik joaten zen ikustera; ez zuen fitsik konprenitzen, euskaraz ez baitzekien, baina denak segitzen eta markatzen zituen. Eta hemen utzi zituen [Baionako liburutegian] bere kaier eta nota guztiak».

'Bilketa', erakusleiho berria

Alimaleko euskal funts hori sailkaturik agertuko da Bilketa izeneko Internet atarian. Asmoa da tresna erabilgarria egitea, konparazione, gai bati buruz ikerketa bat egin nahi duenak horretaz bilduak izan diren dokumentu mota desberdin eta oroen berri ukaitea.

Bilketa horretan digitalizatu dokumentuez gain, beste egitura batzuek dituzten atarietan direnetara joateko loturak ere izanen ditu atariak. Azkenik, erakusketa birtualak antolatuko ditu Baionako liburutegiak publikoari buruz.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

A Currilingua, korsikeraren erabilera aldeko Korrikaren 65. kilometroan, iaz, lehen aldian. ©PARLEMU CORSU

Uhartea korrika korsikeraz

Ainize Madariaga

A Currilingua eginen dute bihar, korsikeraren aldeko egun bakarreko Korrika, Aleriatik Bonifaziurat. Bigarren aldiak parte hartzaile haboro dauzka, eta kilometro haboro hego muturreraino.
Xabier Urizar maila goreneko txokolatearen dastatzailea, txokolatea aztertzeko mapa eskutan duela. ©IDOIA ZABALETA / FOKU

Txokolatearen sekretuak

Olaia L. Garaialde

Xabier Urizar maila goreneko txokolatearen dastatzaileak hezkuntza eta txokolatea uztartzen ditu. Dastaketa baten nondik norakoak azaldu, xehetasunak aztertu eta mitoak apurtzen ditu.
 ©HBO MAX

Jolas parkeak, androideak eta gizatasuna

Mikel Yarza Artola

HBOren 'Westworld' telesailak laugarren denboraldia estreinatu du. Gizakien eta androideen arteko talka da nagusi thriller ilun honetan

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...