Albistea entzun

Estigmak ostikadaka apurtuz

Zazpi egunez mundu guztiko taldeak elkarren aurka ibili ostean, gaur amaituko da Donosti Cup futbol lehiaketa. Urtero, integrazioa bultzatzen duten bi talde gonbidatzen dituzte: aurten, Dragones de Lavapies eta Vukovar 1991 klubak. Biak ala biak, xarma handiko taldeak.
1
1 JON URBE / ARGAZKI PRESS Tamaina handiagoan ikusi

Kerman Garralda Zubimendi -

2017ko uztailak 8 - Andoain-Donostia

Donosti Cup haurrentzako Europako futbol lehiaketarik garrantzitsuenetarikoa da. Astebetez, Donostian eta inguruko herrietan, 4.000 haurrek indarrak neurtu ahal izan dituzte mundu osoko lehiakideen kontra.

Baliteke bere handitasunagatik izatea, baina txapelketak badu zerbait berezia: nahiz eta bakoitza munduaren parte batekoa izan, giro atsegina bizi da harmailetan eta zelaietan. Hamaika hizkuntza entzuten dira, baina guztiek egiten dute bat gola abesterakoan.

Horrelakoxea da futbola, edonoren elkargunea baita. «Futbola neska-mutil guztiak ulertzen diren hizkuntza da», dio Ana Sanchez Madrilgo Dragones de Lavapies taldeko arduradunak. Kroaziako Vukovar 1991 taldearekin batera, Donosti Cup Fundazioak gonbidatutako bi taldeak dira.

Madrildarrak eta kroaziarrak dira izatez, baina beren izaerek mugak gainditzen dituzte. Berez, futbol taldeak dira, baina beren ekarpena ez da atean amaitzen. Bi proiektu sozial dira, baloiaren bitartez, aurreiritziak, estigmak eta beldurrak apurtzeko eta etorkizun hobe bat eraikitzeko.

Vukovar (Kroazia) hirian badakite zer den apurtutako dena berreraiki behar izatea. Vukovar, Kroaziako ekialdean dago, Serbiarekin mugan. Balkanetako gerran (1991), hilabeteetako setioaren ostean, hiria txikituta gelditu zen. 25 urteren buruan, oraindik ere nabarmenak dira gudak utzitako aztarnak. «Hiria ez dago erabat eraberritua. Eta, gainera, bi zatitan eginda dago: auzo bat serbiarrena da, eta beste bat kroaziarrena; tabernetan ezin zara sartu jatorri bat duzulako edo bestea; kroaziarrentzako eta serbiarrentzako eskolak ditugu...», dio Marina Prcek, Vukovar 1991 taldeko laguntzaileak. Hala, Euskal Herrira etorritako gaztetxoek, nahiz eta guda ez duten bizi izan, haren eragina jasaten dutela ukaezina dela dio Prcek: «Txikitatik gaude banatuta, baina kirolak denak batzen gaitu».

Aipatutako batasuna indartu eta bultzatzeko sortu zen Vukovar 1991 kluba. Hor, kroaziarrek eta serbiarrek elkarrekin jokatzen dute, gizarteari erakusteko ez direla horren desberdinak. Futbol taldeaz gain, saskibaloi, eskubaloi, boleibol... sekzioak ere badituzte, ahalik eta gazte gehienengana iristeko. Gerrak apurtutako igerilekua berritzean, waterpolo taldea ere izango dutela dio Prcek pozik.

Kirol guztietan, gazteenetatik helduenetara, kroaziarrek eta serbiarrek elkarrekin jokatzen dute. «Filosofia horrekin Kroaziako futboleko lehen mailaraino iritsi ginen», dio harro Prcek. Orain, ordea, hirugarren mailan daude. Halere, balioak transmititzeari uko egin gabe, ziur dira klubean, gorenera itzuliko direla.

Madrilgo Lavapies auzoan ere amets egiten dute noizbait horren goraino iristearekin, baina beste batzuk dira lehentasunak eurentzat, Jorge Bolaños Dragones de Lavapies taldeko presidenteak dion eran: «Saiatzen gara mutikoei futbolean ahalik eta ongiena irakasten, baina, guretzat, futbola tresna bat da, besteak beste, laguntasun eta berdintasun balioak transmititzeko tresna da».

Lavapies auzoak etorkin asko jaso zituen laurogeita hamargarren hamarkadaren amaieran eta mende berriaren hasieran. Horrek, ekosistema berezi bat sortu zuen auzoan, errealitate askok bat egiten dutelako han. Auzoko errealitate guztiak harremanetan jartzeko sortu zuten Dragones de Lavapies futbol taldea auzoko familia batzuek. Esfortzu askoren ostean, «harro gaude Dragoiak izateaz», diote Omar Ferrai, Bruno de Mateo Leal, Yassir Elhajjami... jokalari gaztetxoek. Guztien artean 32 nazionalitate osatzen dituzte, «baina denak lagunak gara. Ez dugu arazorik elkarrekin» diote baloiarekin jolasean dabiltzanean.

Nabari da aldageletan duten giro ona zelaian. Galdu ala irabazi, keinu txarrik ez, baloia pasatzeko arazorik ez, eta gola sartzean eromena. Vukovar taldeko Vinko Budimir, Simun Skarica eta Ivan Oreskovic jokalariek ere familia handi bat direla argi diote.

Talde barruan arazorik ez dutela azpimarratu dute guztiek. Kanpoan, ordea, ezin gauza bera esan. «Gertatu izan zaigu jokalariren bati gurekin jokatzeko eskaintza egin, eta berak nahi izan arren, etxekoek ez uztea», dio atsekabetuta Prcek. Hark dioenez, helduen artean mesfidantza handiagoa dagoelako gertatzen dira halakoak, baina argi utzi nahi du Prcek arazo handiagorik ez dutela izan. Dragoiek, ostera, xenofobia jasan izan dutela salatu dute: «Askotan jokatzen dugu gureak bezain talde heterogeneoak ez diren aurkarien aurka, eta asko ez dira ohitzen. Bizi izan ditugu aurreiritziak, baita xenofobia puntu bat ere», azaldu du Sanchezek; eta zera gehitu du Bolañosek: «Erakundeen aldetik ere bai: uste dute jokalari zaharragoekin lehiatzen garela, falta guztiak asmo txarrez eginak direla, beti gara susmagarriak, desberdin tratatzen gaituzte...» Haurrek hori guztia nabaritzen dutela deitoratu dute Dragoien ordezkariek, baina defendatzen eta horrelakoak gainditzen irakasten diete haurrei.

«Guri berdin digu. Gure auzoko taldea da, eta berriz aukeratu beharko bagenu non jokatu, Lavapieseko Dragoiekin egingo genuke», diote jokalari gazteek. Vukovar taldeko jokalariek ere harro diote: «Esperientzia bikaina da guztiok batera hemen lehiatu ahal izatea».

Vukovarrekoak eta Dragoiak gustura daude beren futbola erakutsi ahal izanaz, baina gusturago beren egitasmoengatik gonbidatuak izateagatik. Bientzat, kirol bat baino gehiago da futbola. «Kirol tresna bat da futbola, baina baita tresna sozial, hezigarri eta elkarbizitzakoa ere», dio Sanchezek. Ildo beretik doa Prce: «Aukera bat da horientzat, aurrerantzean ere balioak jasotzeko. Garrantzitsuena ez da emaitza, balioak jaso eta gorrotoa atzean uztea baizik». Kroaziar eta espainiarrentzat, garaipenik handiena ez da zelaian lortzen. Gizarte integratzaile bat da saririk handiena.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Giro atsegina sortu zen Ziburuko plazako karparen azpian. ©GUILLAUME FAUVEAU

Euskarari plaza, elkarlanean

Ekhi Erremundegi Beloki

Jende andana elkartu da Ziburuko IV. Euskal Disko eta Liburu Azokan. Euskarak Lapurdi kostaldean plaza hartzeak duen garrantzia azpimarratu dute antolatzaileek.

 ©ANDONI CANELLADA / FOKU

«Egunero galdetu behar da jendea zer moduz dagoen, ez COVID garaian soilik»

Ane Insausti Barandiaran

Adinekoen aldarriak ezkutuan geratzen direla salatu du Berriotxoak. Besteak beste, eskatu du zaintzan bizitza osoa eman duten emakumeen pentsioak igotzeko, baliabide gehiago jartzeko, eta zaintza sistema publikoa eta integrala izateko.
Euskal Herriko gazteek gehiago erabiltzen dute Instagram Whatsapp baino. ©ANDREJ CUKIC / EFE

Instagram da euskal gazteek gehien erabiltzen duten sare soziala

Urtzi Urkizu

Ikusiker lanaren arabera, Euskal Herriko gazteen hamarretik bederatzik erabiltzen dute Instagram

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Kerman Garralda Zubimendi

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.