Araurik gabe, patinetan

Pertsonen mugikortasuna bultzatzeko gailuen eta patinete elektrikoen presentzia areagotzen ari da Euskal Herrian. Oraindik arazo ez diren arren, Iruñean, Gasteizen eta Bilbon horien erabilera arautzeko ordenantzak idazten ari dira. Datorren urtean martxan izango dira.
Hiriak bisitatzeko modu azkar eta erosoa eskaintzen dute <em>segway</em>-en moduko gailuek. Irudian, Bilbon egindako bisitetako bat.
Hiriak bisitatzeko modu azkar eta erosoa eskaintzen dute segway-en moduko gailuek. Irudian, Bilbon egindako bisitetako bat. NINEBOT SEGWAY BILBAO Tamaina handiagoan ikusi

Lander Muñagorri Garmendia -

2017ko urriak 4

Maiz esaten da errealitatea legearen aurretik joan ohi dela, eta arauek errealitate horri erantzun behar diotela. Bada, antzeko zerbait gertatzen ari da patinete elektriko edo pertsonen mugikortasunerako gailuekin. Euskal Herriko hiri eta herrietako kaleetan gero eta maizago ikusten dira herritarrak segway edo antzeko gailuekin aurrera eta atzera mugitzen. Lanerako bidea egiten, paseoan, edo, besterik gabe, turismo egiteko gailu moduan erabilita, hiriak ezagutzen. Areagotzen ari da horien erabilera, baina legea atzetik dator. Askotan ez baitago garbi zein bide erabili behar den: espaloia, bidegorria ala errepidea. Oraindik zehaztu gabe dagoen zerbait da, eta udalek ez dute araurik indarrean horien erabilera bideratzeko. Horregatik, gaur-gaurkoz, askotan zentzuaren araberako erabilera ematen zaie patinete elektriko eta pertsonen mugikortasunerako gailu horiei, baina luze gabe hori aldatu egingo da.

Besteak beste, Iruñea, Bilbo eta Gasteiz patinete elektrikoen erabilera arautzeko udal ordenantza bana prestatzen ari dira, eta datorren urtean martxan edukitzea aurreikusten dute. Donostian ez dute aurreikusten halakorik martxan jartzea, ez oraingoz behintzat. DGT Espainiako Trafikoko Zuzendaritza Nagusia legedi bat prestatzen ari da ibilgailu horien erabilera arautzeko, eta hori indarrean jarri arte itxarongo dute Donostian «oraindik arazo berezirik ez delako sortu», Pilar Arana Garraio zinegotziaren arabera. Irailean hasi zen DGT lege horren zirriborroa idazteko lehen bilerak egiten hainbat hiritako arduradunekin, eta horien artean daude Bilbo eta Gasteiz. «Oraindik apurka doa bide hori, eta azarora arte ez daukagu beste bilerarik; beraz, epeak luzerako joko dutela ikusita, gure ordenantza propioa garatzea erabaki genuen», azaldu du Pedro Jimenez Gasteizko Hiritar Segurtasunerako komunikazio arduradunak. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan ez dago halako araudirik, eta Frantziako Gobernua ere, gaur-gaurkoz, ez da patinete elektrikoen inguruko legerik idazten hasi ere egin. Oraingoz, gainera, ez dago horretarako aurreikuspenik ere. Beraz, egungo arauen interpretazioen arabera ari dira lanean Euskal Herri osoan, eta, askotan, zentzua erabiliz.

Baina horrekin ez da aski. Eta horregatik agian, legea idazten hasi aurretik DGTk hainbat jarraibide eman zituen uda aurretik. Gomendio orokor batzuk, hain zuzen. Horren arabera, segway, patinete elektriko edo antzeko gailuak ezin dira oinezkoekin alderatu, baina ezta ibilgailu motordun batekin ere. Horregatik, horientzako bideetatik ibili beharko lukete, halakorik dagoen kasuetan. Bidegorriak, esaterako. Baina hori ez da beti gertatzen, eta, horregatik, gomendio orokorren artean, espaloi zabaletan, parkeetan eta oinezkoentzako kaleetan ibiltzeko baimena ematen du. Baina hori egiteko baldintzak udal bakoitzak eman behar dituela gogorarazita. Hala ere, oinezko baten abiaduran den bitartean gune horietan erabili ahal dira gailu horiek. Hori da egindako gomendioa, eta antzera gertatzen da Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan ere. Legerik egon ezean, udalek arautzeko aukera daukate, baina gomendio orokor batzuk ere badaude halakorik ez dagoenerako. DGTk emandakoen parekoak dira horiek ere.

Bartzelona, aitzindaria

Legea etorri bitartean, DGTk egindakoa gomendio bat besterik ez da, eta, bitartean, udalek arautu dezakete gailu horien erabilera ordenantza bidez. Eta hala egin du, esaterako, Bartzelonako Udalak. Uztailaz geroztik, gailu elektriko horien erabilera arautzen duen ordenantza bat daukate martxan. Oinezko eta txirrindulariekin arazo ugari sortzen hasiak zeuden patinete elektriko, segway eta antzekoak, eta horrek arrazoi jakin bat zuen: turismoa. Hain zuzen, hiriak bisitatu eta ibilaldi gidatuak egiteko garaian, gero eta ohikoagoa da segway-en bidez egitea. Oinez egin beharrean, gune turistiko batetik bestera mugituz ezagutzen da hiria gailu horien bitartez. Eta Bartzelonan azken boladan arazo bihurtzen ari zen horien erabilera. Espaloian taldean ibiltzen ziren, eta gune turistikoetan areagotzen ari zen horien presentzia. Horregatik, haien erabilera mugatzeko urratsak egin dituzte han.

Bost taldetan bereizi dituzte pertsonak mugitzeko gailu motak, garraiatu dezaketen pisuaren eta lortu dezaketen abiaduraren arabera. Balaztarik eta heldulekurik ez daukaten patineteek, esaterako, espaloi zabaletan eta parkeetan zirkulatu ahal izango dute bakarrik, eta baita errepideetan ere, horiek orduko 30 kilometroko abiadurako eremuan badaude. Beste hainbeste gertatzen da segway eta antzekoekin ere: aipatutako bideetan ibiltzeko aukera edukitzeaz gain, bidegorriak ere erabiltzeko aukera izango dute. Merkantzia edo pertsonak garraiatzeko garaian ere aurreko baldintza beretan ibili ahal izango lirateke, baina, horrez gain, baita errepide normaletan ere. «Arazo bihurtzen ari zen kontu bati irtenbidea eman zaio horrela, eta begi onez hartu dute ibilgailu horiek alokatzen dituzten eta ibilbide gidatuak egiten dituztenek», Jimenezek azaldu duenez. Beste arazo bat ere bazegoen Bartzelonan. Hain zuzen, gailu elektriko horiek alokatu, eta erabiltzailea bere kasa ibiltzen zen askotan, eta horrek arazoak areagotu zituen. Horregatik, ordenantza berrian, halako gailu bat alokatzen den aldiro gida batekin joatera behartzen da. «Hori bada modu bat hirian dauden arauak errespetatzeko», azaldu dute Ninebot Segway Bilbao enpresako ordezkariek. Baina, horretaz gain, talde turistikoen ibilbideak zehaztu dituzte, eta ordutegi batzuen barruan erabili ahalko dira, gailu horien trafikoa murrizteko asmoz.

Euskal Herrian, hedatzen

Gero eta ohikoagoa da hiriak segway bidez ezagutzea, eta joera horri heldu eta Bilbora eramateko asmoarekin sortu zuten martxoan Ninebot Segway Bilbao enpresa. «Ikusi genuen Bilbon ez zegoela halako ezer, eta aukera bat izan zitekeela pentsatu genuen», diote haiek. Orain arte izan duten harrerarekin, gainera, gustura azaldu dira, joera orokor bat den heinean jendea inguratzen ari zaielako. «Hiria ezagutzeko modu egokia da, eta bi orduren buruan Bilboko gune turistikoenak bisitatu eta ikusteko aukera ematen du, gainera». Oraindik hirian ordenantzarik egon ez arren, espaloi zabaletatik eta bidegorrietatik joaten dira, «arauak betez», eta, espaloi estuak direnean, oinezkoen erritmoan. Udala lantzen hasia dagoen ordenantza hori begi onez ikusi dute enpresako arduradunek.

Edozein modutan, Euskal Herrian oraindik masifikatu gabe dagoen jarduera bat da pertsonen mugikortasunerako gailu horiena. Hala diote, behinik behin, hiriburuetako udaletakoek. «Gaur-gaurkoz ez da buruhauste bat, baina arazo batzuk ematen ari dira», azaldu du Enrique Urkijo Bilboko mugikortasun eta iraunkortasun zuzendariak, eta horiei aurre egiteko modu bat izango da garatzen ari diren ordenantza. «Bartzelonakoa eta Granadakoa [zirriborro bat egiten ari dira] eredu izango dira horretarako». Gasteizen ere beste horrenbeste, azaldu du Jimenezek. Oraindik arazorik sumatzen ez badute ere, sortzen direnerako araua eduki nahi du udalak. Bide horretan, orain arte beste lekuetan egindakoa eredu gisa erabiliko dute, nahiz eta «udal bakoitzak bere bereizgarrietara egokitu beharko duen araua». Iruñean, bestalde, zirriborroa gauzatzen ari dira, eta proiektatze fasean dago. Oraindik, onarpen datarik ez dute aurreikusten. Dena dela, Mugikortasun Saila lantzen ari den zirriborroak ere antzeko neurriak bilduko ditu. Bartzelonako arauan biltzen diren hainbat neurri eurenak egin dituzte.

Oraindik arazo bihurtu ez den arren, patinete elektriko edo pertsonen mugikortasunerako gailuen garapena areagotzen ari da. Legeen aurretik doaz gaur-gaurkoz, baina udalak eta erakunde publikoak mugitzen hasiak dira horien presentzia areagotzen denerako, hala gertatuko balitz. Errealitatea arauen aurretik doa, eta, beste behin ere, legeak kaleetako errealitateari erantzungo dio luze baino lehen.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Itziar Ituño, 'Mask Singer' telebista saioan

Itziar Ituñok 'Mask Singer' saioaren ikusleak harritu ditu Lady Gagaren bertsio batekin

Berria

TF1 kateko saioan hartu du parte, Lady Gagaren Million Reasons kantua abestuz, kristalez beteriko jantzi batekin. Txalo artean hartu dute.

Euskarazko telesailek 30 urte (IV): 'Goenkale' osteko aroa

'Go!azen' izan da salbuespena

Urtzi Urkizu

ETBk 'Goenkale' kentzea erabaki zuenean, 'Aitaren etxea' grabatu zuten; gero, 'Eskamak kentzen'. Hiru urte eta erdiko «basamortua» iritsi zen, iaz 'Ihesaldia' estreinatu zuten arte.
Errigorako kideak eta Mendigorriko familiak, atzo, kanpaina berriaren aurkezpenean. ©IDOIA ZABALETA / FOKU

Otarre bete hats euskararentzat

Ion Orzaiz

Aurtengo kanpaina aurkeztu du Errigorak Mendigorrian, D eredua eskatzen duten familiek lagunduta. Tokian tokiko proiektuak sustatuko dituzte, 'Agerraldia' izeneko egitasmoaren bidez.

 ©IÑIGO URIZ / FOKU

«Belaunaldi bakoitzean izan da jendea aurrera jotzeko»

Iker Tubia

Oharkabean hasi zen mikrofonoen aurrean solasean eta kazetaritzaren munduan murgiltzen. Beti izan du non idatzi, eta horrek itzultzaile lanerako trebatzeko aukera eman dio. Etxean jasotako euskaltzaletasuna izan du ipar.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna